Bermeokoa da Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko merkataritza portu bakarra. Apirilean hartu zuen eskumena. Urte osoa kudeatu ez zuen arren, Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak uste du «Euskaditik egindako kudeaketa hurbil eta eraginkorraren adierazgarri» direla iazko datu onak. 2024an, portuak 182.733 salgai tona mugitu zituen, 84 ontzitan. Iaz, 227.604 tona, 96 ontzitan. Beraz, urtebetean %24 hazi da trafikoa. Jaurlaritzaren esanetan, portua «sendotzen» ari da Busturialdeko «azpiegitura estrategiko» modura. Gaur eman dituzte datuak, saileko ordezkariek eta portuan diharduten enpresetakoek egin duten bileran.
Bermeoko merkataritza portuan zuzeneko 40 lanpostu daude, eta egunero ehun bat kamioik egiten dute harako joan-etorria. Handik garraiatzen diren salgai gehienek Europako Batasunean eta Mediterraneoko herrialdeetan dute jatorria edo helmuga. Portuak kargarako bost kai ditu, gehienez 125 metro luze eta sei metro sakon diren ontziak hartzeko modukoak. Askotariko materialak garraiatzen dituzte: produktu siderurgikoak, egurra, papera, aluminioa, marmola, igeltsua, urea eta paper orea, besteak beste.
Barredoren esanetan, Jaurlaritzaren kudeaketa ereduak hainbat oinarri ditu: lankidetza publiko-pribatua, epe ertain eta luzerako plangintza eta eskualde bakoitzeko ingurune ekonomiko eta sozialean integratzea. «Gure konpromisoa eredu hau sendotzen jarraitzea da, Bermeon eta euskal portu guztietan».
Urtarrilean iragarri zuen Jaurlaritzako Bermeoko portuko zerbitzu pabiloi bat berritzeko eta handitzeko proiektua. Orain arte erabili dutena eraitsiko dute, egoera kaskarrean dagoelako, eta handiago bat egingo dute. Hartara, merkataritza portuko enpresek leku gehiago izango dute itsasontziz edo kamioiz edukiontzietan sartu gabe datozen salgaiak gordetzeko. Lan horretarako, 670.000 euro pasatxoko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak.