Dendara joan eta gutxieneko kopuru bat gastatu; hori egin beharko du Berriro aplikazio berriaren erabiltze den erosleak, onurak jasotzeko. Batetik, diru zorro bat izango du, eta erosketak egin ahala, dirua metatuz joango da, denda horretan egingo duen hurrengo erosketetan deskontu modura erabili ahal izateko. Bigarrenik, puntuak ere bildu ahal izango ditu, Berriro sareko edozein dendatan erabili ahal izateko. Durangaldean eta Arratia-Nerbioi eskualdean ipiniko dute martxan hiruhileko honetan, eta asmoa da gero beste eskualde batzuetara zabaltzea. Hirugarrenik, sariak ere banatuko dituzte. Horren truke, dendariek bezero horiek fidelizatzea lortuko dute, hau da, berriro eurenean erosiko dutela ziurtatuko dute.
Dagoeneko eskualde bi horietako ehun establezimendutik gora batu dira proiektura. Atzo Durangon aurkeztu zuten, eta gaur Basaurin, eskualde bakoitzeko merkatari eta alkateekin. Bizkaidendak Bizkaiko merkatari elkarteen federazioaren ekimenez sortutako proiektua da, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskaldendak-en babesa jaso du, eta, ondoren, Arabara eta Gipuzkoara ere hedatuko dute. «Kontua ez da denda bakoitzak bere kabuz eta bere tresnen bidez borrokatzea, baizik eta Euskadi osoan ekosistema sendo bat sortzea, bezeroak tokiko kontsumo komunitate baten parte senti daitezen», adierazi du federazioko presidente Jose Andres Cebrecosek.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuorde Jakes Agirrezabalen esanetan, merkataritza txikia fidelizatzeko sare bat eraikitzeko lehen pausoa da aplikazioa: «Pixkanaka hedatuko dugu lurralde osoan, euskal lurraldeak eta udalerriak lotuko dituen, tokiko kontsumoa dinamizatuko duen eta merkataritza inteligentzia sortuko duen ekosistema bateratua errealitate izan dadin». Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak proiektuaren lankidetzazko izaera nabarmendu du, udalek bakarrik ezin dutelako herritar guztiengana iritsi». Era berean, uste du kontsumo ohituren aldaketaren harira tokiko merkataritza modernizatzeko baliagarria izango dela.
Hasierako fase honetan erabiltzaile egiten direnek bost euro jasoko dituzte opari, hogei eurotik gorako erosketetan erabiltzeko. Eskualde bakoitzeko gehienezko muga 8.000 eurokoa izango da. Eusko Jaurlaritzak egingo duen ekarpena da hori. Durangoko Udalak 10.000 euro ipiniko ditu lehen erosketak sustatzeko. Durangaldeko Dendak Bai elkarteko presidente Alex Palaciosek azaldu duenez, gazte zein nagusiek erabiltzeko moduko aplikazioa sortu dute. Izena emateko nahikoa da NAN zenbakia ematea, eta kontua martxan jartzeko QR kode bat jasoko du erabiltzaileak.