Kalitatezko enplegua, talentua, ekintzaileak eta sektore estrategikoak. Horiek sustatzeko asmoz, datozen lau urteetarako Enplegu eta Garapen Plana ondu du Bilboko Udalak. Lehen urtean bultzatu beharreko 39 neurri finkatu dituzte, 7.000 pertsonari eta 1.800 enpresari laguntzeko. 8,4 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta 6,7 milioi Lanbidek ipiniko ditu. Izan ere, ezohikoa da Bilboko plan berria; «anbiziotsua eta eraldatzailea», Juan Mari Aburto alkatearen esanetan. Orain arte bere eskumenen araberako neurriekin osatu izan du udalak, baina oraingoan Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarekin elkarlanean landu du. Hiriak dituen beharren diagnostikoa egin dute, eta datozen lau urteetarako lan ardatzak zehaztu dituzte. Planean jasotakotik aparte, udalak beste ehun bat neurri ere bultzatuko ditu datozen hilabeteetan, 8,4 milioi euro inbertituta. Gaur aurkeztu du plana Aburtok Bilbon, Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuarekin batera.
Eusko Legebiltzarrak duela hiru urte onartutako Enplegu Legearen emaitza da plana. Lege horrek enplegu politiketan eragile aktibo bihurtzen ditu 10.000 biztanletik gorako udalerri edo eskualdeetako tokiko erakundeak. Bizkaian, Barakaldo eta Sestaoko udalek eta Durangaldeko Mankomunitateak ere heldu diote erronka horri. Baita Arabako eta Gipuzkoako tokiko zazpi erakundek ere. Torres lehendakariordearen esanetan, datorren urtean beste hamalau gehituko zaizkie. «Enpleguan eta garapen ekonomikoan hiriak duen garrantzia ulertzeko beste modu bat da. Aurrerantzean ez dugu enplegu politikak lagundu soilik egingo; geuk diseinatuko ditugu, geuk ipiniko ditugu martxan eta geuk izango dugu lidergoa, Eusko Jaurlaritzarekin batera», azaldu du Aburtok.
%6,3Langabezia tasa zenbatekoa den Bilbon. Bilboko Enplegu eta Garapen Plana osatzeko egin duten diagnostikoaren arabera, %6,3ko langabezia tasa du hiriak: 21.000 bilbotar inguru daude lan barik. Horietatik %56 andreak dira, eta %30ek 55 urte baino gehiago dituzte. Erdiek baino gehiagok urte bi baino gehiago daramate lan bila. Bilboko langabeen erdiak Ibaiondo, Errekalde eta Begoña barrutietan bizi dira; %20, Otxarkoagan.
Alkateak kontatu duenez, planak hiru arlotan jardungo du. Batetik, behar gehien duten pertsona eta sektoreetan eragin gura dute. «Arreta berezia ipiniko dugu lan munduratzeko arazoak dituzten pertsona nagusiengan, luzaroan langabezian daudenengan, gazteengan eta migratzaileengan», zehaztu du Aburtok. Bigarrenik, Bilboko ekonomian oinarri diren sektoreak biziberritu gura dituzte: gertuko merkataritza, negozio txikiak eta ostalaritza. «Funtsezkoak dira tokian tokiko enplegurako eta auzoetan bizitzari eusteko, baina garai zaila da, lekukoa hartuko dien jendea falta dutelako eta kontsumo ohiturak aldatu direlako», esan du alkateak. Hirugarrenik, «etorkizunera begira» ipini dira, aukerak sortuko dituzten sektore estrategikoekin. Besteak beste, industriari zerbitzu ematen dioten sektore aurreratuak, teknologikoak, sormen industriak eta zaintza sektorea aipatu ditu. «Enplegu kualifikatua eta egonkorra sortzen dute».
Alkateak nabarmendu duenez, 3,4 milioi euro erabiliko dituzte kontratazioa laguntzeko, talentuari eusteko eta erakartzeko eta ekintzailetza indartzeko, besteak beste. Esterako, talentu txekea delakoa sortuko dute, langile kualifikatuak lortzen laguntzeko. Beste bi milioi euro enplegua topatzen laguntzeko erabiliko dira. Milioi bat euro gordeko dituzte behar handiagoa duten auzoetan lan egiteko; Errekalde, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra aipatu ditu Aburtok.