Bilboko metroan 320.000 bidaia baino gehiago egin ziren iazko lanegunetan

Batez beste, erabiltzaileek 8ko nota ipini diote zerbitzuari.

Metroa geltoki batera iristen, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Metroa geltoki batera iristen, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 4a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hamarkada ospatu zituen iaz Bilboko metroak, eta markak hautsita egin zuen. Batez beste, 321.526 bidaia egin ziren lanegunetan, aurreko urtean baino 11.534 gehiago. Urte gehienetan, bidaia gehieneko eguna abenduaren 21a izan da, San Tomas azoka dela eta. Iaz, ostera, abenduaren 10a izan zen: Athleticen eta PSGren arteko partida jokatu zen, eta 380.041 txartel balioztatu ziren. Guztira, 104.508.201 bidaia egin ziren urte osoan, 30 urteotako kopururik handiena da.

Metroa lanegunetan erabiltzen dutenen artean, aldaketa igarri dute metroko arduradunek. Ikusi dute gutxitu egin direla metroa astelehenetik barikura egunero hartzen dutenak; ostera, ugaritu egin dira astean hiruzpalau aldiz hartzen dutenak. Uste dute telelanaren ondorio dela.

Urte gorabeheratsua ere izan da metroarentzat. Hainbat matxura izan zituen iaz, eta nabarmen eragin zioten zerbitzuari. Larriena urriaren 6koa izan zen: zerbitzuak arazoak izan zituen goizean eta arratsaldean, eta milaka erabiltzaile metroa hartu ezinik geratu ziren. Hala ere, hori ez da nabaritu bidaiariek zerbitzuari buruz duten iritzian, Bilboko Metroak egindako inkestaren arabera. Batez beste, 8ko nota ipini diote. 

Erabiltzaileek ondoen baloratu dutena Barik txartela izan da: 8,6 nota ipini diote. Paretsu estimatu dute zerbitzuaren azkartasuna ere (8,5). Geltokien garbitasunak, trenen puntualtasunak eta euskararen erabilerak ere zortzitik gorako nota jaso dute.

Animaliez ere galdetu dute inkestan. Egunero erabiltzen dutenen %27k esan dute zortzi kilotik gorako txakurrak baimenduko balira gutxiago bidaiatuko luketela edo metroa hartzeari utziko lioketela. Hamar lagunetik zazpik uste du txakur handiek eragina izan dezaketela bidaiariengan eta azpiegituren egoeran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.