Bilboko metropolia ardatz atlantikoaren erdigune bihurtu gura dute 2050erako

Hausnarketa estrategiko bat aurkeztu du gaur Bilbao Metropoli 30 elkarteak, eta, hartan, 25 urte barru metropolia zelakoa izatea nahi duen adierazi.

Bilboko metropolia, airetik ikusita, 2020an. IÑAKI GARIDI / BILBAO METROPOLI 30
Bilboko metropolia, airetik ikusita, 2020an. IÑAKI GARIDI / BILBAO METROPOLI 30
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko maiatzaren 11
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kopenhage, Helsinki eta Amsterdam. Eta etorkizunean, baita Bilbo ere. «Europako metropoli ertain aurreratuenen eta ezagunen artean jarri behar da gure metropolia, talentu, inbertsio, berrikuntza eta kultura fluxuak erakartzeko eta mobilizatzeko gaitasuna indartuta», esan du Idoia Postigo Bilbao Metropoli 30 erakundeko zuzendari nagusiak. «Ardatz atlantikoko hirigune zentral eta dinamikoa izan behar du, nazioartean erreferentziazkoa». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, Bilbo inguruak ez ezik, gainontzeko euskal metropoliek ere osatu behar dute Euskal Hiria. «Ardatz atlantikoan erreferentziazkoak izan behar dugu hiri, ekonomia eta kultura arloan, eta, aldi berean, Europaren birsortzea eta indartzea bultzatu».

Duela 35 urte Bilbao Metropoli 30 elkartea sortu zenetik, Bilborako zelako metropolia gura duten amesten ibili dira, eta azkenaldian 2050ean ipini dute begirada. Hausnarketa estrategiko horren emaitza gaur goizean aurkeztu dute, Bilboko Euskalduna jauregian egin duten ezohiko biltzar nagusian. Presidente aldaketa ere egin dute: Tomas Olanok hartu dio lekukoa Jose Antonio Garridori. Elkarteko kide diren erakunde nagusietako ordezkariak izan dira ekitaldian. Lehendakariak ez ezik, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ere parte hartu du. Haren ustez, gizarteak eta erakundeek batera lan egiten dutenean soilik lortzen da eraldaketa sakonak egitea. Eta horixe gertatu da Bilbao Metropoli 30 elkartean.

Bilbao Metropoli 30 elkarteko kideak, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian egin duten ezohiko bilkura hasi aurretik. LUIS TEJIDO / EFE
Bilbao Metropoli 30 elkarteko kideak, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian egin duten ezohiko bilkura hasi aurretik. LUIS TEJIDO / EFE

Hausnarketa estrategikoa metodologia egituratu eta parte hartzaile baten bitartez egin dute, Postigok azaldu duenez. 50 elkarrizketatik gora egin dizkiete erakundeetako, enpresetako eta unibertsitateetako ordezkariei. Gaikako bilera sorta bi ere egin dituzte, elkarteko bazkide diren erakunde eta norbanakoekin, baita hainbat arlotako profesionalekin ere. Guztira berrehun pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Nazioarteko 50 aditu baino gehiago ere elkarrizketatu dituzte. Elkarteko zuzendariaren esanetan, gaur aurkeztu duten estrategia 2035erako egin zutenaren jarraipena da. Bilbao Metropoli 30 elkarteak helburuak ezarri ditu, eta horiek lortzeko proposamenak egin. Proiektu horietan lidergoa hartzeko prest daudela ere esan du zuzendariak.

«'Hub' bat» itsasadarren bueltan

Berrikuntza, trantsizio jasangarria eta bizitza kalitatea oinarri dituen hub edo zentro bihurtu gura dute metropolia. Itsasadarra izango du bulebar nagusia. Landu duten dokumentuaren arabera, hainbat arlotan egin beharko da lan. Lehengo eta behin, azpiegituretan eta konektibitatean, aireportua, portua eta trenbide sareak indartuta. Baita industria aurreratuan eta bikaintasun zientifiko-teknologikoan ere. Uste dute talentua erakartzea ezinbestekoa izango dela, eta kultura eta sormena sustatu beharko direla, nazioarteko erreferentziazko ekipamenduak eta ekitaldiak bultzatuta. Estrategiak lehentasuna eman dio kohesio sozialari, eta berebiziko garrantzia aitortzen dio euskarari.

Hausnarketa estrategikoak lau ildo ditu: ekonomia, ekologia, gizartea eta estrategia. Ekonomiaren alorrean, helburua izango da enpresa eta industria ekosistema sendo bat sortzea, sektore estrategikoetan espezializatuta: energia, 4.0 industria, zerbitzu aurreratuak, mugikortasun jasangarria eta digitalizazioa. Metropoliko ekosistema guztia bultzatzeko enpresa handiak beharko dira, Postigoren esanetan.

Ekologiari dagokionez, sustatuko duten eredua birsortzailea eta zirkularra izango da, eta helburutzat hartuko dute zero karbono emisio izatea. Gizarte arloan, «pobreziarik eta herritarren arteko ezberdintasunik gabeko» metropolia irudikatu dute, komunitatea osatzen duten guztiei «aukerak eta ongizatea bermatuko» dizkiena. Metropoliak gazteen emantzipazioa eta zahartze aktiboa bultzatzea nahi dute, zaintzailea eta indarkeria matxistarik gabekoa izatea. Euskal kultura eta euskara integraziorako eta mundura zabaltzeko «ezinbesteko elementuak» izango dira, gainera. Estrategiari dagokion ildoan aurreko hiru atalak hartzen dira kontutan, metropoliko agenda bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA