Bilboko ostalariek ordu erdi lehenago zarratu beharko dituzte terrazak astegunetan, udal gobernuak ondu duen ordenantzaren zirriborroaren arabera: urritik maiatzera 22:30ean, eta ekainetik irailera, 23:30ean. Asier Abaunza Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoko zinegotziak gaur aurkeztu dizkie ildo nagusiak gainontzeko alderdiei, eta orain otsailaren 2ra arteko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Hala ere, aurretik bi urtez ibili dira testua lantzen, alderdiekin eta eragileekin bilerak egiten, eta gaur aurkeztutakoa udal gobernuak egindako 54. bertsioa da. Otsaileko edo martxoko osoko bilkuran onartu gura dute behin betiko ordenantza.
Lehen bertsioan, Bilboko Udalak asteburuetako ordutegia ere moldatu gura izan zuen, baina azkenean gaur egungo ordutegiari eustea erabaki du. Hala, bariku, zapatu eta jai bezperetan gauerdirako zarratu beharko dituzte urritik maiatzera, 01:00etarako, ekainetik irailera, eta 02:00etarako, Aste Nagusian.
Abaunzak azaldu duenez, orain arteko bileretan gatazka sortu duen gaietako bat izan da ostalariek zenbat denbora izango duten terraza desmuntatu eta biltzeko. Gaur egun ordubete dute, baina udalak ordenantza berrirako zirriborroan jaso duenez, ordu erdian jaso beharko dute. Terrazako materiala jendeari zerbitzu ematen zaion lekuan gordetzen dutenei dagokienez, terraza zarratuta baina taberna edo jatetxea zabalik dagoen orduetan, kalean utzi ahal izango dute materiala, baina ahalik eta lekurik txikiena okupatuz.Â
Ordenantza berrirako zirriborroan zera proposatzen da, lizentziak hiru motatakoak izatea, eta orain arteko sei lizentziak sinplifikatzea. Hala, urtekoa, urte erdikoa eta udaldikoa lirateke, testua dagoenean onartuz gero. Abaunzak esan du urte hasieretan finkatuko litzatekeela noiztik nora izango den urte bakoitzeko udaldia terrazetarako. Gainera, gogoratu du terraza edukitzea ez dela ostalarien eskubide bat, eta aurretik edukitzeak ez duela baimena betikotzen. Beraz, urtero berritu beharko dute eskaera. Orain arte, arau hausteren bat egiten zuten ostalariek isuna jaso izan dute. Udalak zera gura du aurrerantzean: arau hausteak behin baino gehiagotan egiten badira, edo hauste larriak edo oso larriak egiten badira, terraza jartzeko baimena kendu ahal izatea.
Metro bitik gorako pasabidea
Indarrean dagoen araudian bezala, zirriborroan ere oinezkoentzako lekua uztera behartzen dituzte ostalariak. Terrazatik eraikinera bi metroko tartea utzi beharko dute gutxienez. Espaloiaren zabaleraren arabera, egokitu egingo da tartea. Espaloiaren zabalera lau metrotik gorakoa bada, pasabidea ere gero eta zabalagoa izango da. Gainera, bezeroak fatxadaren ondoan egoteko elementuak badituzte eta leihotik zerbitzatzeko barra ipinia badute, pasabidearen gutxieneko zabalera bi metrokoa barik hirukoa izango da, zinegotziak adierazi duenez, halakoetan jende pilaketak sortzen direlako. Azkenik, ordenantza onartuz gero, debekatu egingo dira energia berriztagarriekin ez dabiltzan berogailuak; batez ere, gasezkoak.
Oposizioko alderdiek negoziatzeko eta adosteko konpromisoa agertu dute. Dagoeneko agertu dituzte zalantza batzuk. Esaterako, EH Bilduko Karlos Renedok esan du udan aparkalekuen gainean ipintzen diren terrazen kasuan findu egin beharko dela zelan saihestu terrazaren eta alboko aparkalekuetako erabiltzaileen artean egon daitezkeen gatazkak. Terrazen desmuntatze lanen segurtasuna ere aztertu beharko dela iruditzen zaio. Elkarrekin Podemoseko Ana Viñals zinegotziak adierazi duenez, ordenantzan arau berak ezarriko dira hiri osorako, baina eragile batzuek auzo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzeko eskatu dute: «Auzo batzuk terrazaz beteta daude». PPko Esther Martinezi ez zaio gustatu gasezko berogailuen debekua zuzenean ezartzea, egokitzeko aldi bat utzi barik.