Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, segurtasuna da Bizkaiko hiriburuak duen arazo nagusienetako bat, eta herritarrek ere uste bera dute. Bilbotarrek 5,58ko nota eman diote, oro har, hiriko segurtasunari, Bilboko Udalak eskatuta iaz Ikerfel etxeak egindako azterlanaren arabera. Gaur argitaratu dituzte emaitzak. Balorazioa 2024an baino are txarragoa da: 5,73ko nota ipini zioten urtebete lehenago. Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztiek 2018an sinatutako Segurtasun Itunaren parte da udalak urtero egiten duen segurtasun inkesta.
Bilbon seguruen sentitzen direnak Deustuko barrutian bizi dira, eta segurtasun pertzepzio baxuena Abandokoek dute. Nor bere auzoan hirian baino seguruago sentitzen dira, hala ere: batez beste 5,70eko nota ipini dio bakoitzak bere auzoari. Kasu horretan ere deustuarrek baloratu dute positiboen; emaitza txarrena Errekaldekoek ipini dute. Gauez segurtasun gutxiago sentitzen dute guztiek ere: 5,24ko nota ipini diote. Beste hiri batzuekin alderatuz gero, bilbotarrek uste dute Bilbon delinkuentzia maila bera edo baxuagoa dagoela. %79,9k erantzun dute hori oraingoan; 2024an, %77,7 izan ziren.
Hiriak dituen premiez ere galdetu diete. Delinkuentzia gutxiago eta segurtasun handiagoa izan dira eskaera nagusiak. Herritarren erdiek aipatu dituzte eskaera horiek beste eskaera batzuen artean, eta hamarretik hiruk lehen eskaera moduan aipatu dute. 2024an bilbotarren laurdenentzat izan zen lehen eskaera. Hala ere, galdera eremu pertsonalean eginez, %22,6k baino ez dute esan euren etxe inguruan segurtasun premia dutela.
Sarean edo telefonoz
Bilbon egiten diren delitu gehienak digitalak edo telefono bidezkoak dira. Inkestan parte hartu duten erdiek baino gehiagok sufritu dute halako saioren bat. Ostera, delitu fisikoei dagokionez, nabarmen gutxiago dira lapurretaren bat edo sexu erasoren bat sufritu dutenak: hamarretik bat. Aurrez aurreko delitu izan direla esan dutenen ehunekoak behera egin du, baina ebasketa kasuak mantendu egin dira —%9,2 aurreko inkestan, %9,3 orain—. Sexu eraso edo mehatxuen biktima izan diren pertsonak %3,2tik %2,5era jaitsi dira, eta bestelako eraso fisiko edo mehatxuren bat sufritu dutenak %5,7tik %5,5era.
Udaltzaingoaren lanaz galdetuta, balorazio positiboa egin dute: 7,10etik 7,27ra igo da nota urtebetean. %86,5ek uste dute Udaltzaingoaren eraginkortasuna hobetu edo mantendu egin dela azken urteotan. Bereziki polizien «gertutasuna, adeitasuna eta profesionaltasuna» nabarmendu dituzte. Inkestatuen bi herenek egunero edo ia egunero ikusten dituzte udaltzainak kalean, eta egoki deritzote presentzia horri.