Atzo izan zen azken matxura Renferen aldiriko trenetako C3 linean, Bilbo eta Urduña lotzen dituenean. Zerbitzua etenda egon zen 15:22tik 17:50era bitartean. Hego Uribe eta Aiaraldea zeharkatzen ditu linea horrek, eta inguruotako EH Bilduko hautetsiek salatu dute zerbitzuak «egiturazko arazoak» dituela. Horregatik, «premiazko konponbideak» eskatu dituzte. Koalizioaren ustez, atzokoa ez da gertakari bakan bat; izan ere, aspaldian hainbat arazo izan dira zerbitzu horretan: «Matxurak, atzerapenak, trenak kentzea, erabiltzaileentzako informazio falta, irisgarritasun arazoak...».
Eusko Jaurlaritzari, Renferi eta Adifi eskatu diete «modu koordinatuan» jarduteko, helburutzat hartuta zerbitzu «fidagarria, segurua eta kalitatezkoa» bermatzea. Azpiegiturak eta seinaleztapen sistemak «berehala» konpontzea gura dute. Izan ere, atzo seinaleztapen sistemak huts egin zuen, eta, horren ondorioz, ehunka erabiltzaile gelditu ziren tren barik. Koalizioak asmoa du bere eskaerak erakunde guztietara eroateko: inguruko udaletara, Batzar Nagusietara, Eusko Legebiltzarrera eta Espainiako Diputatuen Kongresura. Gainera, iragarri du mobilizazioak sustatuko dituela erabiltzaileekin batera.
Eusko Jaurlaritzak eta Renfek bilera izan dute gaur, EAEko aldiriko trenei buruz berba egiteko. Hain zuzen, C3 linean dagoen mantentze zentroan elkartu dira Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburua eta Alvaro Fernandez Heredia Renfeko presidentea. Enpresako buruak esan du uda honetan 447 serieko 11 tren ailegatuko direla Bizkaira, eta, tailerretan prest utzi ondoren, udazkenean hasiko direla C3 linean zerbitzua ematen. Tren horiek bagoi apal bat dute, errazagoa izan dadin nasatik trenera eta trenetik nasara igarotzea. Hain zuzen, azken urteetan hainbat protesta izan dira eskualdean, salatzeko Bilbo eta Urduña arteko linean irisgarritasun arazoak daudela, eta Diputatuen Kongresura ere eroan izan dute auzia.