Arteak eta teknologiak bat egingo dute aurten ere Bilboko Gau Zurian. Hiribildua sortu zeneko 725. urteurrena ospatzeko aitzakian, hiriko eraikinik, pasealekurik eta parkerik ospetsuenak askotariko argi ikuskizunez beteko dituzte nazioarteko eta Euskal Herriko zenbait artistak. Gaur eta bihar, 34 argi emanaldi egingo dituzte 28 gunetan, udalak antolatuta. Kalean izango dira gehienak, eta Bilboko hainbat kulturgunetan ere ikusi ahalko dira batzuk. Gau Zuriko instalazio nagusiak 19:30etik 00:30era egongo dira piztuta; egun-argiz antzeman ez daitezkeen lanak 22:00etatik aurrera izango dira ikusgai.
Begoña Escribano Gau Zuriaren zuzendariak azaldu duenez, duela 25 urte egin zuten Bilboren sorrera ospatzeko lehenengo ekitaldia. Gau Zuria egiteko ideia, ordea, 2009an sortu zitzaien. Ordutik, askotariko aldaketak izan ditu argi ikuskizunen jaialdiak, eta, aurten, bereziki, hainbat berrikuntza gehitu dituzte. «Urteurren borobila denez, aurten, lehen aldiz, Bilboko lau eraikin adierazgarri argiztatuko ditugu aldi berean: Arriaga antzokia, udaletxea, Foru jauregia eta Gobernu Zibila», adierazi du Gau Zuriko zuzendariak. Patrice Warrener artistak diseinatu du eraikin horietako argiztapena, eta erronka izan da harentzat. «Mundu osoan zehar erakusketak egin baditu ere, halako zeozer egingo duen bigarren aldia da. Japonian bost eraikin argiztatu behar izan zituen aldi berean. Chromolithe izeneko teknikarekin sortu ditu argi emanaldi biak», esan du Escribanok.
Warrener ez da izango nazioarteko artista gonbidatu berri bakarra. Quartier Des Spectacles International konpainiak Impulse argi ikuskizuna egingo du Bilbon lehen aldiz. «Urteak daramatzagu konpainia hori ekarri nahian, baina orain arte ez dugu lortu. Kanadakoak dira, eta argiztatutako hamabost zabu ekarriko dituzte. Mundu osoan erakutsi dituzte», kontatu du Escribanok. Impulse Ingelesen Landako kaian izango da ikusgai, eta argi eta soinu «gorabeheratsuak» nahastuko dituzte. Argiztapenei lagunduko dien musika konposizioak sortzeko, serialismo izeneko metodoan oinarritu da Mitchell Akiyama musikaria. Teknika horren bitartez, «intentsitate eta lasaitasun aldakorreko eremu bat» garatu nahi izan dute, eta bisitariei zabuetara igotzeko aukera eman.
«Aurten, lehen aldiz, Bilboko lau eraikin adierazgarri argiztatuko ditugu aldi berean: Arriaga antzokia, udaletxea, Foru jauregia eta Gobernu Zibila»
BEGOÑA ESCRIBANOBilboko Gau Zuriaren zuzendaria
Publikoak protagonista izateko beste aukera batzuk ere izango ditu Bilboko Gau Zurian. Hain zuzen, hiriko eraikinen silueta irudikatuko duen mosaiko batean parte hartu ahal izango dute bisitariek eurek ateratako argazkiekin. Uribitarte kaian egingo dute saiakera, baina Escribanok ez du uste erraza izango denik: «Beste erronka bat izango da hori: Bilboko eraikinen silueta behar bezala irudikatzeko, 1.500 argazki beharko ditugu, gutxienez». Ekitaldiaren zuzendariak jendea animatu nahi izan du argazkiak beldur gabe ateratzera, mosaikoa ahal den azkarren osa dezaten.
Gainera, Iberdrolak doako ikuskizun bat emango du bere dorrean. Site specific estiloko proiektu bat aurkeztuko du, eta, Gau Zuriko ikuskizun gehienak bezala, edonorentzat izango da.
Klasikoei eutsi
Ikuskizun berriak egitea garrantzitsua den arren, Escribanok adierazi du ezinbestekoa dela Gau Zurira agertu ohi den publikoak gogoko dituen «klasikoei» eustea. Hala, Javier Riera artista gonbidatu dute berriz ere. «Naturaren eta geometriaren arteko harremana uztartzen du Rierak, eta, aurten, bi gunetan ikusiko ditugu haren obrak: Casilda Iturrizar parkean eta Euskalduna jauregian». Hurrenez hurren, Land Art eta Arquitectura de Vacío y Luz lanak jarriko ditu ikusgai artistak. Casilda Iturrizar parkeko paisaiaren inguruan hausnartzeko argizko obra bat izango da Land Art, eta Euskalduna jauregiko fatxada apainduko du Arquitectura de Vacío y Luz lanak. Harridura eta lasaitasuna sorraraziz, espazioari eta norberaren pertzepzioari buruz hausnartzeko bidea irekiko du azkeneko lanak.

Gau Zurian hainbestetan aritutako Tilt Frantziako konpainiak ere obra bat aurkeztuko du: Lilis. Abandoko Errepublikaren Parkean izango da ikusgai, eta lilien inguruko argi ikuskizuna izango da. Lurretik irtengo dira loreak, eta izar itxurako hostoen inguruan, korola babesle bana izango dute. Egunez distira egingo dute liliek, eta gauez kolore argitsuak izango dituzte hostoetan, gune ilunak argitzeko. «Tilt konpainiaren ikuskizun gehienak erakutsi izan ditugu Gau Zuriko beste aldietan, eta, egia esan, oso onak dira», esan du Escribanok.
Gainera, Abandoibarrean Psilocibe izeneko perretxikoak izango dira ikusgai. Gau Zuriaren zuzendariaren ustetan, «obra harrigarria» da: «250 perretxiko erakutsiko dituzte, banan-banan eskuz egindakoak, eta hiru lorategitan jarriko dituzte». Natura eta artisautza bateratzen ditu lanak, eta Tomo Estudio tailerrak sortu du. Perretxikoekin batera, birziklatutako materialekin eraikitako Zialumak obra garatu du aurten ere tailer horrek. Hain justu, Bilboko Musika Musica festibalean erabilitako materialak erabili dituzte Dario Regoyos parkean jarriko duten argi arkua sortzeko. Egurrezko hagez osatutako zirkuluerdi bat da lan horren oinarria, eta LED argiztapena erabili dute. Zirkuluerdiko argi lerroek Gau Zuria irudikatzen dute.
Konstelazioak proiektatzeko lan bat ere eratu du Tomo Estudiok. Gau Zuriko aurreko aldietan erabilitako argiak erabili dituzte, eta emaitza paregabea izan da, Escribanoren arabera: «Arrautza frijituak irudikatzeko erabili ziren lehen aldiz argi horiek. Ondoren, erleak eta marigorringoakirudikatu zituzten, eta, orain, Casilda Iturrizar parkean ikus daitezkeen konstelazioak. Gainera, ez da berrerabilitako materialekin egindako lan bakarra».