Bizkai osoan saretuko den sistema bat ondu du diputazioak Bizkaibus berritzeko

Garraio diputatuak aurreproiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan. Maiatzaren 22ra arte alegazioak aurkeztu daitezke, eta ondoren parte-hartze prozesu bat hasiko dute, udalerrietara inkesta bat bidalita. Asmoa da sistema berria 2029an jartzea martxan.

Bizkaibus bi, artxiboko irudi batean, Bilboko Moyua plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaibus bi, artxiboko irudi batean, Bilboko Moyua plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko apirilaren 30a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbok oinarri izateari utzi, eta herrialde osoan saretuko den sistema bat ondu du diputazioak Bizkaibus berritzeko. «Ehun orekatu eta eraginkor bat sortu dugu. Helburua ez da bakarrik Bilbora joatea: eskualdeen arteko komunikazioa ere indartuko dugu, zerbitzuetara joatea erraztuko, eta joan-etorri konplexuak modu sinpleagoan egitea ahalbidetuko», azaldu du Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak. Batzar Nagusietan izan da gaur, bere sailak taxutu duen aurreproiektua aurkezten. Gaur egungo sistema 2028ko abendura arte egongo da indarrean; beraz, asmoa da 2029a hasterako prest egotea berria.

Orain bizkaitarrek zer iritzi dioten esateko aukera izango dute. Hasteko, maiatzaren 22ra arte aurkeztu daitezke alegazioak. Bukatutakoan, ezohiko parte-hartze prozesu bat abiatuko du: herrialdeko 113 udalerrietara galdetegi bat bidaliko du, jakiteko ea bere proposamenak herritarren beharrak betetzen dituen. «Gure proposamena aurretik egindako azterketetan oinarritu da. Ez bakarrik sailean dugun ezagutzan. Urte luzez jaso ditugun eskaera, kexa eta alegazioak kontuan hartu ditugu, baita udalekin eta eragileekin izan ditugun bilerak ere. Gainera, diputazioak diruz lagunduta, 35 udalerrik eta lau mankomunitatek mugikortasun beharrak aztertu dituzte», azaldu du prozesua Perez Ezkerrak. Beraz, diputatuaren esanetan, inkesta horietan diputazioak galdetuko die ea ondo ase dituen azaldu dizkioten beharrak. «Guk ulertu dugu hauek direla zure premiak. Zuk esango dizugu hala den edo ez. Oker ulertu badugu, egokitu egin beharko dugu proposamena. Hori da prozesu honen helburua».

%43

 

Bidaiari kopuruaren hazkundea hamabost urtean. 2015ean, 26,13 milioi erabiltzaile zituen Bizkaibusek. Iaz, 37,45 milioi izan ziren. Hau da, hamar urtean %43 hazi da bidaiari kopurua. Ostera, epe berean %0,5 baino ez da hazi zerbitzuak eskainitako kilometroen kopurua. Beraz, erabiltzaileak ugaritu diren arren, zerbitzua ez da ia egokitu, eta, ondorioz, ordu batzuetan estuegi dago.  

Diputatuaren esanetan, lurralde oreka abiapuntu hartuta egin dute diseinua. «Eredu honekin, zerbitzua eman ahal izango diegu bai hirigune handiei, bai sakabanatuago dauden herrigune txikiagoei». Sistema berriaren oinarria eskualdeetako buru diren herriak izango dira. Haietan ordenatuko dira fluxuak eta erraztuko dira konexioak.

Lehenengo eta behin, eskualde buru diren herriok Bilborekin lotu dituzte. Ardatz hauetan egingo dira joan-etorri gehienak. Linea hauek gaur egun baino geltoki gutxiago izango dituzte, eta orain baino jende gehiago eroateko gaitasuna. Aldi berean, eskualdeetako buruak leku estrategikoekin lotuko dituzten lineak egongo dira: unibertsitatearekin, ospitaleekin... «Linea hauek ez dituzte soilik pertsonak mugitzen. Oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea bermatzen dute», azpimarratu du diputatuak. Beste linea batzuek herriak edo auzoak eskualdeko buruarekin lotuko dituzte, eskualde barruko edo eskualde arteko mugikortasuna erraztuz. Azken landa inguruko lineak egongo dira, eta baita eskaeraren araberako Bizkaibus zerbitzua ere.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Garraio Batzordearen bilkura, gaur, Bilbon. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Garraio Batzordearen bilkura, gaur, Bilbon. BERRIA

Bilbon, lau leku estrategiko izango ditu sareak: San Mamesko autobus geltoki intermodala, Abandoko geltokia, Moyua plaza eta Bolueta. Horietara heltzeko ibilbideak moldatuko dira; esaterako, autobusak ez dira gehiago Autonomia kaletik pasatuko. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko lineentzat, Barakaldoko Ansio izango da erreferentzia, eta han metroa hartzeko aukera ere izango dute bidaiariek. Gainontzeko eskualdeetan ere zehaztu dituzte: Mungialdean, Mungia; Txorierrin, Derio; Busturialdean, Gernika-Lumo; Lea-Artibain, Markina-Xemein; Durangaldean, Durango eta Zornotza; Arratian, Lemoa eta Igorre; eta Enkarterrin, Zalla eta Sodupe. Leku horietan bidaiariak garraiobidez aldatu ahal izango dira, edo Bizkaibusen linea batetik bestera pasatuko dira, hala behar dutenean. «Lortu nahi duguna da eskualdeko garraioaren eta metropolikoaren arteko lotura indartzea».

Hazi egingo da Bizkaibusek eskainiko duen zerbitzua. Gaur egun dituen 104 lineetatik 112ra pasatuko da. Bidaiak ere ugarituko dira. Astegunetan %4,8 gehiago izango dira. Baina zapatuetan eta domeka eta jaiegunetan ere handituko da eskaintza. Batez ere, eskaera handieneko orduetan indartuko dute: goiz hasieran eta arratsaldean.

«Lortu nahi duguna da eskualdeko garraioaren eta metropolikoaren arteko lotura indartzea»

SONIA PEREZ EZKERRA Bizkaiko Mugikortasun,Garraio eta Turismo diputatua

Gauetan, luzatu egin dute zerbitzua, eta beranduago irtengo dira azken autobusak, batez ere Bilbo eta metropolitik kanpoko Bizkaiko herriak lotzen dituzten lineetan. «Ohartu gara goizegi eteten dugula zerbitzua, eta bizkaitarrei ez diegula errazten lanetik, aisialditik edo dena delakotik etxera bueltatzea». Goizetan lanera edo ikastera garaiz heltzea ere bermatuko dute, eta horretarako egokitzapenak egin dituzte, Bilbora, EHUra, ospitaleetara eta eskualde buru diren herrietara doazen lineetan. «Garraioz aldatu behar badute ere, garaiz ailegatuko dira». Autobus eta langile gehiago beharko dira. Ondorioz, zerbitzua ere garestiagoa izango da: oraingo 156 milioi euroetatik 198 milioi eurora pasatuko dela aurreikusi dute.

Gaueko zerbitzua

Oposizioko alderdiek gaueko autobus zerbitzuari buruz galdetu diote. Perez Ezkerrak esan du zerbitzu hori sortzeari buruzko txosten bat egin zutela, Batzar Nagusiek eskatuta. Aurkeztu zutela, baina ez Batzar Nagusiek ez zietela eskatu zerbitzua martxan jartzeko. Beraz, ez dute proposamenean jaso. «Bizkaibus gauez ere lanean hastea erabakitzen badugu, sar daiteke proposamenean. Horretarako dago alegazioen epea».

Diputazioak egindako txosten haren arabera, Bizkaibusek gauez ordu birik behin eskainiko luke zerbitzua, bariku, zapatu eta jai bezperetan, eta tren eta metro zerbitzuarekin lotura izango luke. Aurreikusi zuten urtean 300.000 bidaia egingo zituela, eta horrek 6,5 milioi euroko kostua eragingo lukeela. Baina, diputatuak ohartarazi duenez, horretarako lan hitzarmenak ere berritu beharko lirateke. «Jakin beharko litzateke gauez lan egiteko prest dauden», esan du Perez Ezkerrak. Gainera, segurtasuna kontratatu beharko litzateke, eta soilik gauez zerbitzua emango luketen autobusak erosi.

EH Bilduko batzarkide Raul Mendez Urigoitiak esan du oso proposamen teknikoa dela diputazioak landu duena, eta zail ikusi du orain irekiko den parte hartze prozesuan aldaketa handiak egin ahal izatea. Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak eskatu dio udaletatik harago joan, eta herritar guztiek parte hartu ahal izango duten prozesu bat martxan jartzeko. Kezkaz hartu du diputatuak emandako azalpenetan landa inguruko eskaeraren araberako zerbitzuari buruzko aipamen gutxi entzun dituelako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA