Bizkaia Repara bonuekin bigarren eskuko produktuak ere erosi ahalko dira aurten

Bihartik otsailera bitartean, hamar eurora arteko 6.000 bonu banatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Herrialdeko 90 establezimendutan erabili ahal izango dira.

Bigarren eskuko arropa saltzen duen Bilboko denda bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA
Bigarren eskuko arropa saltzen duen Bilboko denda bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 4a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar abiatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Repara bonuen hirugarren kanpaina. Herrialdeko 90 establezimendutan konponketak egiteagatik ordainketa bonuak izango dituzte herritarrek. Eta oraingoan, lehenengoz, bigarren eskuko produktuak erosteko ere erabili ahal izango dituzte bonuak. Kanpainak helburu bi ditu: batetik, produktuen erabilera denbora luzatzea eta hondakin gutxiago sortzea, eta, bestetik, arlo honetan diharduten negozioei aurrera egiten laguntzea. 

31

Bizkaia Repara kanpainaren lehen bi aldiei esker zenbat hondakin tona gutxiago sortu den. Duela urte bi ipini zen martxan lehen Bizkaia Repara kanpaina, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen aitzakian. Iaz egin zuten bigarrenez. Bi aldiotan konpondutako produktuei esker, guztira 31 tona hondakin gutxiago sortu da. Ia 10.000 bizkaitarrek erabili dituzte bonuak. 

Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak 60.000 euroko ekarpena egin dio kanpainari. Hala, otsailaren 5era arte hamar euroko 6.000 deskontu bonu ipiniko dituzte herritarren eskura. Horrelako bonu bat eskuratzeko, bezeroek gutxienez hogei euroko gastua egin beharko dute, etxetik eroandako produktua konpontzen edo bigarren eskukoa erosten. Erosle bakoitzak gehienez bost bonu metatu ahal izango ditu, kanpainari atxiki zaion establezimendu bakar batean edo saltoki bat baino gehiagotan.

Konpondu ahal izango diren produktuak askotarikoak dira: jantziak, oinetakoak, osagarriak, etxetresna elektrikoak, ordenagailuak, altzariak, erlojuak, bitxiak… Bigarren eskuko saltokiak ere kanpainan sartzeari esker, beste batzuenak izandako altzariak, jantziak eta bestelako etxeko gailuak erosi ahal izango dira, horrelakoak saltzen lan egiten duten dendetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA