Bizkaibuseko langileek greba egingo dute asteartean

Gidarien aurkako oldarraldiak ugaritu direla salatzea dute helburu. Besteak beste, segurtasuna bermatuko dieten lan neurriak eskatzen dituzte. Guztira, 1.300 lagun deitu dituzte lanuztera.

Bizkaibuseko langileek otsailean Bilbon egin zuten elkarretaratzea, hilabete horretan izandako erasoetako bat salatzeko.
Bizkaibuseko langileek otsailean Bilbon egin zuten elkarretaratzea, hilabete horretan izandako erasoetako bat salatzeko. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
iraia vieira gil
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Otsailak 22, Durangaldeko autobus linea. Ohiko ibilbidetik jo du Bizkaibuseko gidariak; halako batean, ordea, bortizki moteldu du abiadura aurrean doan autoak. Ezinbestean, autobusa gelditu behar izan du autobuseko beharginak ere. Lanean jarraitu ahal izateko, ibilgailua martxan jar dezan eskatu dio autoko gidariari, baina bestea keinuka hasi zaio, irainka balego bezala. Ondoren, autobusaren atzealdean jarri du autoa, eta Atxondoko hurrengo geltokiraino jarraitu dio. Autobusa gelditu denean, autotik irten da gidaria, eta autobuseko langilea mehatxatu du. Erasoaren larritasuna ikusita, salaketa jartzea erabaki du azken horrek. Ez da azkenaldian eraso bat jasan duen Bizkaibuseko gidari bakarra; bada, ordea, salaketa jartzen azkenetarikoa. Bizkaibuseko langileak kexu dira, eta greba egingo dute.

Hain zuzen, gidarien aurkako jazarpenak salatzeko, Bizkaibuseko langileek asteartean egingo dute lanuztea. 24 ordu iraungo du, eta, guztira, 1.300 lagun deitu dituzte. ELA, UGT, CCOO, USO eta LAB sindikatuek bat egin dute deialdiarekin, eta Bilbobuseko, Bilboko Metroko eta Euskotreneko langileak lanuztearekin bat egitera animatu dituzte. Euskotrenekoek bat egitea erabaki dute. Izan ere, Bizkaibusek eskaintzen dituen zerbitzuetan bezala, horietan ere areagotu egin dira langileen aurkako eraso fisikoak eta irainak. «Betidanik gertatu da, baina azkenaldian erasoak gero eta gogorragoak dira», ziurtatu du Jaime Anzolak. 33 urte daramatza hark Bizkaibusen gidari, eta Meatzaldeko eta Ezkerraldeko lineetan egin ohi du jarduna. «Ez da erraza garraio lanetan aritzea; are gutxiago hirietan eta Bizkaia bezalako lurralde batean», azpimarratu du.

«Urteak daramatzagu segurtasun neurriak hobetu ditzatela eskatzen, eta oraindik ez digute irtenbiderik eskaini».

JAIME ANZOLA Bizkaibuseko gidaria

ELAk emandako datuen arabera, zehazki, Bizkaibuseko hamabi beharginek salaketak jarri zituzten iaz nolabaiteko eraso fisikoren bat jasateagatik. Horrez gain, hileko bi eraso erregistratu dituzte aurtengo urtarrilean eta otsailean. Anzolak kontatu du askotariko oldarraldiak jasan behar izan dituela: «Duela 25 urte inguru, goizeko lehen zerbitzua egiten ari nintzela, mutil bat lokartuta geratu zen autobusean. Esnatu egin nuen, eta esan zidan ez zela autobusetik jaitsiko». Egoera ikusita, Ertzaintza abisatu zuen Anzolak, eta, autobusetik ateratzen ari zirela, bidaiariak burukada bat eman zion gidariari. «Baina  ahozko erasoak ohikoagoak dira: ezinezkoa da guztiekin akordatzea».

Hainbat eskaera

Indarkeria egoerak «behar bezala» kudeatu ahal izateko, beraz, zenbait eskaera egin nahi dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari. Izan ere, enpresa pribatuetan lan egiten duten arren, eskuduntza publikoko enpresak dira. «Neurriak hobetzeko eskatu diegu enpresei ere, baina esaten digute beraiek dirurik ez dutela eta aldundiaren kontua dela», adierazi du Anzolak.

Hobetu beharreko neurri horien artean, hiru nabarmendu ditu autobus gidariak: zaharkiturik geratu diren segurtasun mekanismoak aldatzea, Ertzaintzaren berehalako arreta bermatzea eta indarkeria egoerei aurre egiten lagunduko dieten formakuntza saioak eskaintzea. «Azken hori bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu, askotan ezjakintasunaren ondorioz modu desegokian erantzuten dugu-eta guk ere».

Langileek jakin badakite «ia ezinezkoa» dela epe laburreko irtenbide bat ematea gatazkari; uste dute, ordea, bidaiariei zuzendutako kontzientziazio kanpaina batekin ez dela nahikoa izango. Anzolaren arabera, baina, Bizkaiko Foru Aldundiak ez die berehalako konponbiderik eskainiko: «Urteak daramatzagu segurtasun neurriak hobetu ditzatela eskatzen, eta oraindik ez digute irtenbiderik eskaini». Proposatu dizkieten soluzio guztiak epe luzekoak dira: «Aipatu digute adimen artifizialarekin eta teknologia berriekin garatutako erremintek erasoak aurreikusi ahalko dituztela etorkizunean, baina, momentuz, ezer ez. Eta arazo larria da guretzat». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.