Atzo arte negoziatzen ibili diren arren, foru gobernuak eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak ez dute datorren urterako aurrekontuaren inguruko akordiorik lortu. Beraz, oposizioko hiru alderdien osoko zuzenketak eztabaidatu dituzte gaur Batzar Nagusietako osoko bilkuran, Gernika-Lumoko batzar etxean. Foru gobernuaren gehiengo osoari esker, aurrera egin du diputazioaren proiektuak. Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak eskerrak eman dizkio foru gobernuari negoziazioetan «egindako esfortzuagatik, izandako zintzotasunagatik eta garden jokatzeagatik». «Egin diguzuen proposamena ez da nahikoa izan, eta neurrietako batzuk ez datoz bat gure ikuspuntu politikoarekin», esan dio Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuari.
Hurrengo, zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte, eta iaz EH Bildurekin gertatu bezala, aurten ere agian fase horretan lortuko dute akordioa foru gobernuaren eta Elkarrekin Bizkaia talderen artean. Izan ere, Berrojalbizek eta Madariagak ez dute negoziazioen bidea zarratu. Jesus Lekerikabeaskoak bozeramaile jeltzaleak gogoratu dio Madariagari Gipuzkoan eta Araban aurrekontuak adostu dituztela diputazioekin, eta Bizkaian ere adostu ditzaketela. Dena den, akordiorik lortuko ez balute ere, foru gobernuak ez du arazorik izango abenduaren 29an aurrekontuak onartzeko, jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa baitute.
«Egin diguzuen proposamena ez da nahikoa izan, eta neurrietako batzuk ez datoz bat gure ikuspuntu politikoarekin»
ENERITZ MADARIAGAÂ Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramailea
Madariagak azaldu du zergatik ez den akordiorik lortu. Foru gobernuari esan dio aurrekontuetan neurriak falta direla bazterketa egoeran daudenak edo hilabete bukaerara ozta-ozta heltzen direnak laguntzeko. Azken talde horretan herritarren herena dagoela ohartarazi du, Caritasen Foessa txostena aipatuta. Uste du fiskalitatea tresna aproposa dela horretarako. Apirilean onartu zuten Batzar Nagusiek zerga berrikuspena, eta Elkarrekin Bizkaiaren babesa izan zuen.
Koalizio morearen bozeramaileak beste neurri batzuen falta ere sumatu du: gizarte zerbitzuak indartzeko neurriak, kalitatezko garraio publiko merkea bultzatuko duten neurriak, kalitatezko enplegua sortzen lagunduko dutenak eta trantsizio energetikoa bizkaitar guztiengana ailegatuko dela bermatuko dutenak. «Ez mugatu heredatu zenuena kudeatzera, ausartu zaitez eraldatzera», esan dio Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari.
«Gure ustez, Sabin etxeak betoa jarri dio akordioak EH Bilduarekin egiteari, eta, ondorioz, aurten ezinezkoa izanda negoziatzea bera ere»
IKER CASANOVAÂ EH Bilduko bozeramailea
EH Bilduk negoziatzeko «prestutasun falta» egon dela esan du. Hala ere, Iker Casanova bozeramaileak esan du prestutasun falta hori ez dela diputazioko edo Bizkaiko kontua: «Gure ustez, Sabin etxeak betoa jarri dio akordioak EH Bilduarekin egiteari, eta, ondorioz, aurten ezinezkoa izan da negoziatzea bera ere, gobernuak uko egin diolako. Askotan esaten digute ezin direla hiru herrialdeetan negoziatu; aurten negoziatu duzue, baina beste batzuekin». Koalizioaren bozeramaileak esan du ez dutela amore emango. «Asmatu genuen ildoetan. Kantitate ekonomiko oso indartsuak eta oso dinamika txukunak aktibatu genituen. Beraz, lanean jarraituko dugu, beste agertoki batzuetan ere horrelako akordioak lortzen saiatzen».
EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi du aurrekontuak ez direla «espantsionistak», diputazioak esan duen legez, kontrakoa baizik. Ukatu egin du proiektua aurkeztean Berrojalbizek iragarritako hazkundea, ez duelako inflazioa kontuan hartu. Berak egin du kalkulua, eta esan «egiazko hazkundea %0,7koa» baino ez dela, eta, ondorioz, foru aldundia osatzen duten «bederatzi sailetatik bostetan aurrekontua txikitu» egin dela. Ostera, Bizkaiko BPGa %2,5 handitu dela esan du. «Ekonomia %2,5 hazi da; aurrekontua, berriz, %0,7. Horrek esan nahi du publikoa indarra galtzen ari dela eta gizarte zerbitzuak ahultzen ari direla». PSE-EEko bozeramaile Goyo Zurrok erantzun dio egin dituen kalkulu horiek okerrak direla.Â
EAJ-k eta PSe-k Ernairen ekintza salatu dute
Jesus Lekerikabeaskoa bozeramaile jeltzaleak eta Goyo Zurro sozialistak, nork bere berbaldiaren hasieran, Ernaik zapatuan egindako ekintza salatu dute. Gernika-Lumoko batzar etxera sartu ziren, Espainiako eta Europako Batasuneko banderak kendu zituzten eta «gurea, ikurrina» idatzi zuten. «Errespetua eskatzen dut denona den etxe honentzat, eta, aldi berean, koherentzia eskatzen dut. Hemen kendu diren ikurrak Galdakaoko eta Arrigorriagako udaletxeetan ere badaude», esan du Lekerikabeaskoak. Udal biotan EH Bilduk du alkatetza. Zurrore ustez Ernaik «marra gorri bat igaro» du. «Elkarbizitzaren aurkako erasoa izan da. Gernikako arbolak irudikatzen dituen askatasuna eta aniztasunaren kontra egin dute», adierazi du bozeramaile sozialistak.
Jesus Lekerikabeaskoa jeltzaleak, berriz, Casanovari esan dio iazko negoziazioetan EH Bildurekin adostutako ildoetan «indar egin» duela diputazioak datorren urtekoak prestatzerakoan. «Batez ere, zaintzan, azpiegituretan eta garraio publikoan adostu genituen neurriak, eta datorren urteko aurrekontuetan bereziki gai horiek sendotuko dira. Beraz, ez dugu ulertzen EH Bilduri zergatik iruditzen zaion aurrekontu hauek txarrak direla. Uste dugu EH Bilduri ez zaizkiola zerbitzu publikoak interesatzen», esan du bozeramaile jeltzaleak. Arlo horietan datorren urtean zer inbertsio egingo diren azaldu dio Casanovari.
Gainera, Lekerikabeaskoak Casanovari esan dio aurrekontuez baino gehiago hitz egin duela zerga berrikuspenaz. «Seinale da aurrekontua ez duzuela hain txarto ikusten». Hain zuzen, erantzunen tartean, Casanova eta Elkarrekin Bizkaia taldeko Madariaga eztabaidan aritu dira zerga politikaz. Casanovak «nahastuta» dabilela esan dio Madariagari, zerga erreforma babestu ondoren diputazioaren zerga politika kritikatu duelako.
«Ez dugu ulertzen EH Bilduri zergatik iruditzen zaion aurrekontu hauek txarrak direla. Uste dugu EH Bilduri ez zaizkiola zerbitzu publikoak interesatzen»
JESUS LEKERIKABEASKOAÂ EAJko bozeramailea
Goyo Zurro sozialistak esan du ez dela egia negoziatzeko borondaterik ez dutela izan, eta adierazi du batzarkide talde guztiekin izan dituztela bilerak. «Baina onartu ezin genituen eskaerak egin dizkigute, haietakoa asko gure aurrekontuaren muinaren kontrakoak», azaldu du. PPkoei esan die eredu «kontrajarriak» ordezkatzen dituztela, «bateraezinak».
PPko bozeramaile Raquel Gonzalezen ustez, aurrekontu proiektuak ez du kontuan hartzen zein den Bizkaiko gaur egungo egoera. «Errealitatea argia da: populazio aktiboa gero eta txikiagoa da, ez dago biztanleriaren zahartzeari aurre egiteko estrategiarik, enplegu pribatua ez da hazten, industriak indarra galtzen du eta gazteak kanpora doaz hemen ez dutelako aukerarik», adierazi du. Arazo horiei aurre egiteko neurriak falta direla salatu du. «Zuek proposatu diguzuenaren kontrakoa behar du Bizkaiak. Ausardia behar du, proiektu anbiziotsu bat eta estrategia sendo bat».