Bizkaiko ekonomia %2,1 haziko da aurten, Merkataritza Ganberaren esanetan

Lurraldeko enpresek espero dute urteko lehen seihilekoa «egonkorra» izango dela.

Bilboko portua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko portua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 21a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da hazkunde handia, baina bai aipagarria, egoera zaila eta ziurgabea dela kontuan hartuta. Bilboko Merkataritza Ganberak egindako kalkuluen arabera, Bizkaiko BPG barne produktu gordina %2,1 handituko da. Herrialdeko enpresak «baikor» daude, eta uste dute lehen seihilekoa «egonkorra» izango dela. Uda bitarte ekoizpenari eutsiko diotela edo agian handitu egingo dutela uste dute lau enpresaritik hiruk. Ganberak gaur jakinarazi ditu 2026rako aurreikuspenak eta bere kideen artean egindako inkestaren emaitzak.

Inflazioan txapeldun izan zen iaz Bizkaia (%3), Euroguneko (%2) eta EAEko (%2,9) batezbestekoetatik gora. Aurten, ostera, apalagoa izango da, eta parekatua hiru eremuen artean: aurreikusi dute %2koa izango dela Bizkaian eta EAEn, eta %1,9koa eurogunean.

Bizkaiaren merkataritza defizita 3.100 milioi eurokoa izan da. Esportazioek %11 egin zuten behera azarora bitartean, eta inportazioak %10 jaitsi ziren. Ondorioz, estaldura tasa %77tik %75era jaitsi da 2024tik 2025era. Estaldura tasa da lurralde batek inportatutakoaren zenbat ordain dezakeen esportatutakoarekin. EAEko estaldura tasa, ostera, %112koa izan da. Bizkaiak EAEko esportazioetan duen pisua galdu du. 2024an. autonomia erkidegoko esportazioen %39 Bizkaiko enpresenak ziren; iaz, %35,8.

%44

 

Bizkaiko enpresen %44tan langileen %10 baino gutxiago dira andreak. Kopuru hori adierazgarriagoa da industria sektorean: enpresen %77tan langileen laurdenak baino gutxiago dira andreak. 

Batez ere Frantziara eta Alemaniara saltzen dute, eta egonkor mantendu dira herrialde horietara egindako esportazioak. Ostera, beherakada nabarmena izan dute Erresuma Batura eta AEBetara egindako salmentek: %25en bueltan kasu bietan. Jaitsiera hori erakusten dute, adibidez, Bilboko Portuaren emaitzek. 2024ko urtarriletik azarora 32 milioi tona salgai irten ziren handik; 2025eko epe berean, 29,3 milioi tona.

Enpresetan

Enplegua egonkor mantendu da. Langabezia tasa %7,17 izan da hirugarren hiruhilekoan: EAEko batezbestekoaren parekoa. Urte bukaeran 60.474 bizkaitar egon ziren Lanbiden izena emanda; 2024an baino %0,23 gutxiago. Batez ere ostalaritzan eta merkataritzan sortu dira lanpostuak. Ganberak egindako inkestan parte hartu duten enpresa gehienek enpleguari eutsi diote (%46) edo sortu egin dute (%36). Langabeak, batez ere, zerbitzuen sektorean ibilitakoak dira. Enpresarien ustez, aurten ere bide beretik jarraituko du enpleguak. Datozen sei hilabeteetan %78k orain arteko langile kopuruari eusteko asmoa agertu dute, eta %12k gehiago kontratatuko dituztela esan dute.

Sektoreka, turismoa urrezko aroan dago, eta markak hautsi ditu berriro ere. Bisitariek lau milioi gaualdi egin zituzten Bizkaian; 2024an baino %11 gehiago. Ifrentzua ostalaritzari egokitu zaio: denda txikien laurdenak galdu ziren iaz. Bizkaiko enpresen inbertsioak egonkor mantendu dira, eta hamarretik bik handitu ere egin dituzte. Produktuen prezioetan ere ez da gorabehera handirik egon; soilik %6k erantzun dute jaitsi egin dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.