Bizkaiko eskola txikietako ikasleak Turtziozen elkartuko dira bihar

450 ikasle inguruk hartuko dute parte. «Hezkuntza sistemaren parte garrantzitsua» direla aldarrikatuko dute.

Bizkaiko eskola txikien topaketa, iaz, Laukizen. TURTZIOZKO ESKOLA
Bizkaiko eskola txikien topaketa, iaz, Laukizen. TURTZIOZKO ESKOLA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 28a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizirik daudela eta «hezkuntza sistemaren parte garrantzitsua» direla aldarrikatzeko elkartuko dira. 2024an hasi ziren Bizkaiko eskola txikietako ikasleak eta haien irakasleak urtean behin batzen, eta aurtengo topaketa bihar egingo dute, Turtziozen. Guztira, 4 eta 8 urte arteko 450 umek hartuko dute parte. Herriko eskola txikiko zuzendari Roberto Canalesen arabera, landa eremuko herrientzat «ezinbestekoa» da ikastetxea edukitzea: «Turtziozko alkateak esaten duen legez, eskola gabeko herria hilko den herri bat da». 

Canalesek nabarmendu duenez, «babesa» behar dute eskola txikiek. «Umeei etxetik gertu ikasteko eta herrian lagunak egiteko aukera ematen die. Bestela, guk Balmasedara joan beharko lukete, eta Turtzioztik 30 kilometrora dago». Hain zuzen, Turtziozko nerabeak Balmasedako institutura joaten dira DBH ikastera. Gaur egun, 32 ikasle ditu Canalesek zuzentzen duen eskolak; Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasteko adinean dauden herriko ume gehienak. «Gurasoek oso ondo baloratzen dute hemen egiten dugun lana, eta ohartzen dira zer garrantzia duen herrian eskola mantentzeak».

Matrikulazio gutxiago egin direla igarri dute azken urteetan. «Fenomeno orokorra da, baina eskola txikietan gehiago nabaritzen da ikasle bat galtzen duzunean». Berbarako, ikasturte hau bukatzean, lau umek utziko dute Turtziozko eskola, eta irailean ikasle berri bi hasiko zaizkie. «Ez dugu lortzen balantze positiboa izatea; hau da, hasten direnak joaten direnak baino gehiago izatea». Jaiotza tasa apaldu izanak eragin zuzena du, baina baita etxebizitzaren auziak ere. «Herri handietan ez bada garabirik ikusten lanean, herri txikietan are gutxiago. Turtziozen oso gutxi eraikitzen da. Eta alokatzeko aukera ere oso-oso txikia da». Ondorioz, gazteak herritik kanpo joaten dira etxe bila. Beraz, Canalesen esanetan, erakundeek lan egin beharko lukete landa eremuko gazteek sorterrian geratzeko aukera izan dezaten, eta, ahal bada, baita hiriguneetako gazteak landa eremura erakartzeko ere.

Lan egiteko modu berezia dute eskola txikietan, adin aniztasunean oinarritzen direlako. Turtziozko zuzendariaren arabera, horregatik da haientzat garrantzitsua saretuta egotea eta harremanak sendotzea. Biharko egitarauan igarriko da elkartasun hori. Goizean goizetik, animalien azoka egingo dute herrian, Euskal Abereen Elkarteak antolatuta. Hala, umeek tokiko arrazak ezagutzeko aukera izango dute. Erakustaldiaren ondoren, olgetako ordua helduko da: elkar ezagutzeko bereziki prestatutako jokoak izango dituzte. Ikasle eta irakasle, guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Jaia borobiltzeko, ikuskizun batez gozatzeko aukera izango dute, nor bere herrira bueltatu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA