Asetrabi Bizkaiko garraio enpresen patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek lan itun berrirako aurreakordioa adostu dute, 2025-2027 aldirako. Bizkaiko kamioilariei soldata igoko diete: %1,5 2025ean, %3,5 2026an, eta %3 2027an. Igoerak KPIari lotuta egongo dira, gainera. Soldata igoerari lotutako atzerapenak ordaintzeko, enpresek urriaren 1era arteko epea izango dute. Gainera, adostutako igoerak apurka ezartzeko aukera ere izango dute enpresariek, kostuen igoera planifikatu ahal izateko.
Bizkaiko garraiolariek urtean hamabi ordu gutxiago egingo dute lan: 1.712 guztira. Gidarien mailakatze profesionala ere sinplifikatu dute aurreakordioan: Bizkaian, Araban edota Gipuzkoan dabiltzanak maila berekoak izango dira, eta Espainiako Estatuko beste erkidegoetan dabiltzanak, beste maila batekoak. Gainera, enpresek gidaria zereginez edo lan eremuz aldatzeko malgutasuna izango dute; horren truke, %4ko soldata igoera bat izango lukete gidariek.