Bizkaiko bizi kalitatea «ona» da, eta bizkaitarrak «ondo» edo «oso ondo» bizi dira. Hala ere, hemendik 5-10 urtera hori aldatuko den susmoa dute. Egoera txarragoa edo askoz okerragoa izango dela uste dute hamarretik lauk. Gazteenak dira baikorrenak, 18 eta 24 urte artekoak, baina horiek ere ezkorrago bihurtzen dira hamar urtera begira jartzen badira. Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta Ikerfel ikerketa etxeak egindako azterlanaren emaitzetako batzuk dira, Bizkaiko Iritzi Publikoaren Azterketan jasotakoak. Abenduan egin zuen, eta oraintsu plazaratu zuten lehen partea, foru hauteskundeetako boto emaitzei dagokiena. Gaur bigarren partea plazaratu dute. 18 urtetik gorako 3.002 bizkaitar elkarrizketatu zituzten telefonoz.
Ikusi gehiago
Etxebizitza da bizkaitarren kezka nagusia. Hamarretik seik esan dute Bizkaiak duen arazo nagusia dela. Enplegua eta segurtasun falta dira zerrendako hurrengoak. Uste dute etorkizunean ere horiek izango direla arazo nagusiak. 18-24 urteko hamar bizkaitarretik zazpirentzat, etxebizitza izango da larriena; 35 eta 44 urte artekoentzat, segurtasun falta; eta 45 eta 54 urte artekoentzat, enplegua.
Hamar bizkaitarretik lauk ez dute uste datozen bost urteetan aldaketa ekonomiko nabarmenik egongo denik. Gehiago espero dituzte hamar urtera begira jarriz gero. Hamarretik lauk espero dute aldaketa horiek onerako izango direla. Aldaketak gizarte mailan etorriko dira, inkestan parte hartu duten gehienen iritziz: %40k uste dute positiboak izango direla, eta %34k, negatiboak edo oso negatiboak.
Bizkaitarrek, oro har, interes politiko txikia dute: %54k, gutxi edo bat ere ez. Etorkizunera begira, ez dute aldaketa politiko handirik espero, eta aldatzekotan txarrerako aldatuko dela uste dute gehienek. Lurralde historikoko, autonomia erkidegoko eta Espainiako politikaz galdetu diete, eta azken horren inguruko kezka agertu dute bereziki. Hamarretik ia zazpi «oso gustura edo nahiko gustura» daude Bizkaiko eta EAEko «demokraziaren funtzionamenduarekin»; ostera, Espainiakoak laurdenak baino ez ditu asebetetzen.
Diputazioa eta alderdiak
Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketari 6,4ko nota ipini diote, batez beste. %52k uste dute «ona edo oso ona» izan dela. %11k erantzun dute «txarra edo oso txarra» dela. Nota hobea eman diote emakumeek eta 65 urtetik gorakoek. Emaitza txikiena 35 eta 44 urteko bizkaitarren artean bildu dute. Ia herritarren erdiek ezagutzen dute Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia; adinean gora doazenen artean gehiago. 18 eta 24 urte artekoen artean, laurdena pasatxok; 65 urtetik gorakoen artean, hamarretik seik. Batez beste, 6,2ko nota ipini diote.
Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdien artean, soilik EAJk eta EH Bilduk gainditu dute azterketa: 5,7 eta 5,3 ipini diete, hurrenez hurren. Adinari erreparatuz gero, 18 eta 24 urtekoen artean, nota bera atera dute alderdi biek. 24 eta 34 urtekoen artean, apur bat hobea da EH Bildurena, eta hortik gorako talde guztietan EAJk hartzen dio aurrea koalizio subiranistari. Oro har, emakumeek gizonek baino nota hobeak ipini dituzte.