EAJk batzarkide bat faltako luke Bizkaian gehiengo osoa izateko

Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz Ikerfel ikerketa etxeak egindako inkestaren arabera, bozak orain eginez gero, EAJk batzarkide bat edo bi gehiago lortuko lituzke: 24 edo 25. EH Bilduk batzarkide bi irabaziko lituzke, hamazazpi ordezkari eskuratuta.

Bizkaiko Batzar Nagusien Gernika-Lumoko batzar etxea, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaiko Batzar Nagusien Gernika-Lumoko batzar etxea, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 9a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeak orain egingo balira, EAJk batzarkide bat faltako luke Bizkaian gehiengo osoa izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren enkarguz Ikerfel ikerketa etxeak egindako inkestaren arabera. Izan ere, litekeena da gaur egun dituen batzarkideak baino bat edo bi gehiago lortzea alderdi jeltzaleak, 24 edo 25. Guztira 51 batzarkidek osatzen dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiak. Igoera sendoagoa izango du EH Bilduk, inkestan dioenez batzarkide bi gehiago lortuko baititu; hamabost ditu orain, eta hamazazpi izango lituzke inkestako emaitzen arabera. Joan den abenduan egin zuen azterlana Ikerfelek, telefono bidez 3.002 bizkaitar elkarrizketatuta. Abstentzioak lau hamarren egingo luke gora, eta bizkaitarren %39,9 etxean geratuko lirateke.

Sozialistek eta PPk gaur egun duten ordezkari kopurua edo bat gutxiago izango lukete, emaitzen arabera. Zortzi batzarkide ditu talde sozialistak, eta zazpi edo zortzi izango dituela aurreikusi du Ikerfelek. PPk hiru ditu, eta baliteke bi edo hiru lortzea. Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak kide bi ditu gaur egun, eta desagertu egingo litzateke, inkestaren arabera; koalizio horrek izango luke jaitsiera nabarmenena boto kopuruan. Elkarrekin Podemosek, Ezker Anitzak eta Equok osatu zuten, eta boto emaileen %7,4k babestu zuten azken bozetan. Inkestaren arabera, %2k baino ez lukete haien alde egingo orain. Sumar mugimenduari buruz aparte galdetu du Ikerfelek; hautagaitza horrek bizkaitarren %2ren babesa lortuko luke, eta, ondorioz, ez luke ordezkaritzarik lortuko. 

2023ko maiatzean egindako foru hauteskundeetan, botoen %39,2 eskuratu zituen EAJk. Ikerfelen inkestaren arabera, orain boto emaileen %41,6k egingo luke jeltzaleen alde. Batez ere, Bilbok osatutako barrutian egingo luke gora EAJk, han lortuko bailituzke batzarkide berriak. Bilbotarren %37,5en babesa dute gaur egun, eta %42,7ren botoak lortuko lituzke hauteskundeak orain eginez gero. EH Bilduk ere ia lau puntuko igoera izango luke hiriburuan, eta horri esker ordezkari bat gehiago izango luke. Hala ere, koalizio subiranistak Busturia-Uribe eskualdean izango luke igoerarik handiena: sei puntu gehiago. Beste batzarkidea Enkarterriko barrutian eskuratuko luke. 

Vox Bizkaiko Batzar Nagusietatik kanpo geratuko litzateke berriz ere. Oro har, Bizkaian zazpi hamarren egingo du gora, eta bizkaitarren %2,7k emango du botoa haien alde. Barrutiei erreparatuz gero, Santiago Abascalen alderdiaren aldeko boto portzentajea lehen baino bi aldiz handiagoa litzateke Uribe-Busturia eskualdean. Hala ere, Enkarterrin lortuko luke babesik handiena: boto emaileen %3,7k bozkatuko lukete Voxen hautagaitzaren alde. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.