Karrantzara doan BI-630 errepidea hartzeko, gidariek aukera bi dituzte: Zallako erdigunea edo Balmasedakoa zeharkatu. Hori egin beharrik ez izateko eraikiko du Bizkaiko Foru Aldundiak BI-630 errepidearen Herrera-Malabrigo zatia. Gaurko gobernu kontseiluak eman dio oniritzia behin-behineko proiektuari. Hilabetez jendaurrean egongo da, alegazioak jasotzeko. Ondoren, ingurumen baimena eskuratu beharko du. Herritarrek, tokiko erakundeek eta ingurumen teknikariek proposatutako hobekuntzekin, Gabon bueltarako prest eduki gura lukete behin betiko proiektua, Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatuak aurreratu duenez. Beraz, ondo bidean, datorren urtean hasiko da Bizkaiko Foru Aldundia azpiegitura berria eraikitzen.
Obrak oso luzeak izango dira. Kalkulatu dute bost urte beharko dituztela bukatzeko. Alzagak azaldu duenez, ingurumen kontuengatik izango da: «Sai zuria babesteko hartuko dugun neurrietako bat da. Haren erritmo biologikoak errespetatuko ditugu, eta habia egin eta arrautzak jartzen dituen sasoian, lanak etengo ditugu». Animalientzako pasabideak ere eraikiko dituzte errepidean. Izan ere, han inguruan bizi dira bisoi europarra, igaraba eta antzeko beste espezie batzuk. Beraz, proiektuari egin beharreko ingurumen hobekuntzengatik, obraren kostua ere «nabarmen» handitu da, Alzagaren esanetan: 44 milioi euroko aurrekontua izango du.

1,2 kilometroko tarte berriak, bada, zuzenean lotuko ditu Cadaguako korridorea eta BI-630 errepidea. Horri esker, egunero 2.509 ibilgailu arin eta 238 ibilgailu astun gutxiago igaroko dira Zallatik, eta 1.288 arin eta 186 astun gutxiago Balmasedatik. Herri bietako bizilagunek igarriko dute. Baita gidariek ere: herrigune bat zeharkatzeak eragiten dituen eragozpenak saihesteaz gain, denbora gutxiago beharko dute eta. «Lanagatik, zaintzagatik, ikasketengatik edo jarduera ekonomikoren batengatik egunero egin beharreko joan-etorriak errazago eta azkarrago egingo dituzte, eta horrek eragin zuzena izango du eskualdeko herritarren bizi kalitatean», esan du Alzagak.
Bihurgune itxiak eta segurtasun gutxiko tarteak dituen egungo ibilbidearen ordez, bide «moderno, erosoago eta seguruago» bat izango dute gidariek. Proiektuaren elementu adierazgarrienetakoa Cadagua ibaiaren gainean eraikiko duten 240 metroko zubibidea izango da. Hari esker, beheko haranetik pasatzen diren Bilbo-Balmaseda trenbidea, Donejakue bidea eta zentral hidroelektrikoaren ubidea ere saihestuko dituzte
Funtsean, BI-630 errepidea hobetzeko lanen bigarren fasea da gaur aurkeztu dutena, «txikiena, baina oso garrantzitsua», diputatuaren esanetan. Malabrigo eta Traslaviña arteko tartea aspaldi egin zuten, eta urtarrilean orduan egindakoa hobetzeko biribilgune berria inauguratu zuten Malabrigon. Traslaviña eta Turtzioz arteko zatia zelan egin aztertzen ari da orain diputazioa, proiektua diseinatu ahal izateko. Escrita-Callejo eta Callejo-Cadena zatiak, ordea, hastapenetan daude oraindik.