Datorren urtean herrialde osora hedatuko du diputazioak BizkaiBizi zerbitzua

Bizikleten orain arteko iraupen laburreko alokairu eredua hedatuko dute metropoliko eta inguruko beste hemeretzi udalerritara. Gainontzeko udalerrietan iraupen luzeko alokairu eredua ezarriko dute.

BizkaiBizi zerbitzuaren erabiltzaile bat, Getxon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
BizkaiBizi zerbitzuaren erabiltzaile bat, Getxon, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 12a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaiBizi 2.0 proiektua onartu du gaurko gobernu kontseiluan; hau da, bizikleta elektrikoen alokairurako foru zerbitzua herrialde osora hedatuko du. Gaur egun Bilboko metropoliko bederatzi udalerritan daude bizikletak eskura. Asmoa da datorren urtean udalerri guztietan izatea zerbitzua bermatua. Horretarako, eredu bi erabiliko dira. Gaur egungo iraupen laburreko alokairuen sistema beste hemeretzi udalerritara zabalduko da. Gainontzeko 75 udalerrietan iraupen luzeko alokairu sistema bat ezarriko da.

Sonia Perez Ezkerra Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak nabarmendu duenez, bi ereduak «osagarriak» dira, eta zerbitzua tokian tokira egokitzeko modua ematen dute. Iraupen laburreko alokairua metropoli barruko eta inguruko hiriguneetako joan-etorrietarako izango da; udalerri horietan erabiltzaileak etengabe ibiliko dira bizikletak hartu eta uzten, eta eskaera ere jarraitua izango da. «Sare moduan elkarri lotuta egongo dira, eta bizikleta eguneroko mugikortasunaren oinarrietako bat izango da», esan du Perez Ezkerrak. Beste garraio publiko batzuekin lotuta egongo da, haien geraleku eta geltokietan bizikleta horientzako aparkalekuak ipinita.

19

Zenbat udalerritan ezarriko duten iraupen laburreko eredua. Basauri, Etxebarri, Galdakao, Sopela, Urduliz, Plentzia, Barrika, Zierbena, Muskiz, Abanto, Ortuella, Trapagaran, Derio, Zamudio, Sondika, Loiu, Lezama, Larrabetzu eta Alonsotegi.

Iraupen luzeko ereduak, berriz, zerbitzua landa eremuko eskualdeetara hedatzen lagunduko du. Tartean herri nagusi batzuk ere egongo dira, baina batez ere dentsitate txikiko eta landa inguruko herriak izango dira. Eredu horren bidez, «beharrezkoak ez diren azpiegiturak eta gainkostuak» sortzea eragotzi gura du diputazioak. Hamabi aparkaleku ipiniko ditu iraupen laburreko sisteman sartuko ez diren udalerri horien eskura. Eskualdeetako buru diren herrietan ipiniko ditu 11: Balmaseda, Urduña, Zornotza, Durango, Igorre, Mungia, Gernika-Lumo, Bermeo, Lekeitio, Markina-Xemein eta Bakio. Hamabigarrena, EHUren Leioako campusa izango da: 44 bizikleta ipiniko dituzte, campusean bertan eta inguruko metro geltokietan egongo diren sei aparkalekutan. Egunero 13.000 pertsona joaten dira hara ikastera eta lanera, eta ikusi gura dute han ere bideragarri izan ote daitekeen bizikleta bidezko mugikortasuna.

Lankidetza

Udalerriak sistemara sartzeko prozesua «borondatezko lankidetza» bidez egingo da. Foru aldundiak ipiniko ditu azpiegiturak, bizikletak eta teknologia, eta mantentze eta kudeaketa lanak egingo ditu, lurralde osoan kalitatezko zerbitzu homogeneoa bermatzeko. Udalerriek erabakiko dute zenbatean sartu gura duten sistemara, haien errealitatea kontuan hartuta. Hala, posible litzateke gerora iraupen luzeko alokairu ereduan dagoen udalerri bat iraupen laburrekorako egokia dela ikusi eta aldatzea.

Guztira, BizkaiBizi 2.0 zerbitzuak 1.311 bizikleta izango ditu, 150 aparkalekutan sakabanatuta. Baita mugikortasun arazoak dituztenentzako 32 triziklo egokitu ere. Orain arte bezala, aplikazio bidez funtzionatuko du, baina egokitu eta sinpletu egingo dute. Bost urteko epean, 22 milioi euroren inbertsioa egingo du diputazioak. Diputatuak esan du zerbitzu «errentagarria» izango dela, haien kalkuluen arabera, erabiltzaileek ordainduko duten alokairua kontuan hartuta, diputazioari urtero eragingo dion kostua bi milioi eurokoa izango delako.

BizkaiBizi 2023an ipini zen martxan, Bilboko metropoliko bederatzi udalerritan. Ordutik bizikletak eta aparkalekuak ugarituz joan dira, baita erabiltzaileak ere. Iaz, 1,5 milioi erabilera egin zituzten 25.779 erabiltzaile aktibok. Batez ere ikastetxera, beharrera edo beste garraio publiko bat hartzera joateko hartzen dituzte bizikletak. Hamar erabiltzailetik ia sei gizonezkoak dira. Diputatuak esan du adin guztietako jendea izaten dela, baina 20 eta 29 urte artekoak nabarmentzen dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.