Beharrezko kualifikaziorik ez duen behargin bat. Erizaintzako laguntzaileak botikak prestatzen eta garbitzaileak zuzeneko arreta eskaintzen. Zortzi menu hamahiru-hamalau egoiliarrentzat. Martxoaren 27an, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Saileko ikuskatzaileak Durangoko Tabira Berri adinekoen egoitzara joan ziren, eta «irregulartasun» horiek topatu zituzten. Maiatzaren 28an itzuli ziren, ikustera ea ikuskatze hartan zuzentzeko agindutakoak zuzendu ote ziren, eta kualifikazio ofizialik gabeko beharginak oraindik ere ez zuen eskuratua halakorik, eta janari zerbitzuari ez zizkioten behar beste menu eskatzen.
Ikusi gehiago
Egoitza horretako egoiliar baten alabak, amak 2024an eroriko bat izan ondoren, auzitara jo zuen, Tabira Berriko «prekaritatea eta gabezia larriak» salatzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietan ere egon da aurtengo martxoan, amak eta biek bizi izandakoak kontatzen. Emakumeak esan zuen amak han igarotako bi urteak «amesgaizto bat» izan zirela. Diputazioak salaketa horren ondorioz egin du ikuskaritza, eta emaitzak gaur aurkeztu ditu Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako diputatuak, Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean. «Ikusitakoaren arabera, ez da gertatu legeak arau hauste larritzat jotzen duenik, baina horrek ez du esan gura ez denik larria. Kontrakoa: erabiltzaileei eragiten dieten arau hauste guztiak aztertu behar dira, eta neurriak hartu», esan du diputatuak. Txosten zigortzailea zabaldu diote egoitzari.
Behar baino menu gutxiago eskatzen ziren arren, ez da «desnutriziorik» izan, Antxustegik azpimarratu duenez. Gabezia horren harira, deigarri egin zaio egoitzako arduradunek txostenari alegazioak aurkezteko aukera izan dutenean ez justifikatu izana zergatik ez zituzten eskatzen egoiliar adina menu. Kualifikazio ofiziala falta zuen beharginaren auzia alde batera utzita, zehaztu du egoitzan ratioak betetzen zirela. Teknikariek ikusi zuten ez zegozkien zereginetan zebiltzala langile batzuk, eta ohartu ziren antolaketa gabeziak zeudela tartean. Higieneari eta zaintzari dagokienez, ez zuten hutsegiterik antzeman. Segurtasun arloan bai, ordea: su itzalgailu bat egon behar ez lukeen lekuan zegoen, eta orratz kutxa bat eta garbiketa produktuak eskura zeuden. Hutsegite horiek berehala konpondu zituzten egoitzakoek, ikuskatzea oraindik bukatu gabea zela.
«Egoitzakoei abisatu izan bagenie, ikuskatzean ez genituzkeen topatuko irregulartasun hauek»
AMAIA ANTXUSTEGI Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatua
«Gardentasun ariketa bat» egin gura duela azpimarratu du Antxustegik, argudiatuta oposizioak eskatu barik eman dituela azalpenak. Haren arabera, agerraldiaren helburua izan da erakustea «ikuskapenek balio» dutela. Oposizioari esan dionez, «gezurra» da arduradunei aurrez abisatzen dietelako kontua: «Abisatu izan bagenie, ez genituzkeen topatuko irregulartasun hauek». Are, oposizioko kideei eskatu die zehatz esateko zer egoitzari eta noiz abisatu dieten. Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramaileak onartu du kasu horretan, argi eta garbi, ez zela abisurik izan. «Baina egin berba beharginekin eta egoiliarren familiekin. Esango dizute ikuskatzaileak egunero joatea gurako luketela, halako egunetan ematen diete-eta arreta ona». Gaineratu du ikuskatzeak «ondo» egin izan balira 2024an antzeman izango zituzketela amaren kasua salatu zuen emakumeak azaleratutako irregulartasunak, eta ez 2026an.
Diputatuaren azalpenak entzun ondoren, PPko Raquel Martinezi azpimarratzekoa iruditu zaio ikuskatzaileak zuzenketak egin ote ziren ikustera joan zirenean egin barik topatu izana. «Esan duzu familiei entzuten diezuela, eta horren arabera jokatzen duzuela, zuzentzen aritzen zaretela, eta baita zigorrak jartzen ere. Baina ez duzue arazoa konpontzen. Nik ez dut esango ezer egiten ez duzuenik; badakit egiten duzuela. Baina egiten duzuenak ez du balio». Popularren bozeramailearen arabera, egoitza batzuentzat errentagarriagoa da isuna ordaintzea, irregulartasunak konpontzea baino. Beraz, uste du isunen sistema moldatu beharko litzatekeela.
«Egin berba beharginekin eta egoiliarren familiekin. Esango dizute ikuskatzaileak egunero joatea gurako luketela, halako egunetan ematen diete-eta arreta ona»
ENERITZ MADARIAGA Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramailea
EH Bilduko Urtzi Ostolozagak salatu du «enpresen irabaziak handitzen» ari direla, eta, aldi berean, zerbitzuaren «kalitatea apaltzen»: «Familiek dirutza ordaintzen dute, baina, aldi berean, langileen baldintzak prekarizatu egiten dira, eta, horren ondorioz, baita egoiliarrei ematen zaien arreta ere». Ostolozagak gogoratu du Tabira Berri egoitzako ugazaba Osakidetzako erizain bat dela, eta halako egoitza bat baino gehiago kudeatzen dituela. Zalantzan ipini du laneko ordu guztiak bete ondoren astia eduki ahal izatea zentro horien ardura hartzeko. «Harrigarria da emakume horrek zer-nolako babes politikoa duen», salatu du.
Horri lotuta, Elkarrekin Bizkaia taldeko Madariagak diputatuari esan dio zentzuzkoena litzatekeela gaur, Tabira Berrira egindako bisitaren txostena ez ezik, erizain horrek kudeatzen dituen beste egoitzetako txostenak ere aurkeztu izana. «Ziurtatu nahi dugu hemen salatutakoak ez direla beste leku batzuetan ere gertatzen».
«Esan duzu familiei entzuten diezuela, eta horren arabera jokatzen duzuela, zuzentzen aritzen zaretela, eta baita zigortzen ere. Baina ez duzue arazoa konpontzen»
RAQUEL GONZALEZ PPko bozeramailea
EH Bilduko batzarkideak kontatu du askotan familiak ez direla ausartzen salaketarik jartzera, «beste aldean kontrako jarrera» sumatzen dutelako. Antxustegik txarto hartu du Ostolozagak hori esan izana, baita erizainak aparteko tratua jasotzen duela iradoki izana ere, eta ahots tonua ere altxatu du erantzunean. «Benetan? Hitz gogorrak dira horiek», leporatu dio. Esan dio diputazioak «egitateetan oinarrituta» egiten duela lan, eta ez «norbaitek kontatutakoaren arabera». Gaineratu du «araudia betetzen» dutela eta aurrerantzean ere bete behar dutela, administrazio publikoa diren aldetik. Oro har, Bizkaiko egoitzetan «oso lan ona» egiten dutela azpimarratu gura izan du diputatuak, eta oposizioari leporatu dio lan hori «auzitan jartzen» ibiltzea.