Egun berean bonbardatu zituzten Durango eta Elorrio: 1937ko martxoaren 31n. Eta aurten ekitaldi berean omenduko dituzte Bizkaiko herri bi horietako biktimak eta Durangaldeko gainontzeko udalerrietakoak. Gaur, Durangoko bonbardaketa oroitzeko ekitaldi ofiziala gerrak eskualdean utzi zituen biktima guztien omenezkoa izango da estreinakoz. 12:30ean egingo dute, Ezkurdi plazan. «Aurten Durangaldeko biktima guztiengan jarri nahi dugu arreta; ez soilik gure herrian bizia galdu zutenengan, baita gure ingurune hurbilenean sufritu zuten pertsona guztiengan ere», esan du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak.
Egun osoko egitaraua prestatu dute gaurko. Egun osoz, biktimen omenezko sua Andra Mari elizpean, 08:30etik aurrera. Ordu horretan egin zuten lehen aire erasoa gerra hegazkin italiarrek. 10:00etan, hilerrian, lore eskaintza egingo diete udalerrian hil ziren 213 lagunei. Goizean bezala, arratsaldean ere sirena hotsa entzungo da, bigarren aire erasoa izan zen ordu berean: 17:45ean. «Oroitze keinu bakoitzak bizirik mantentzen du biktimen duintasuna, eta defendatu nahi ditugun balioen inguruan elkartzen gaitu», nabarmendu du alkateak.
Eguneko azken ekitaldia Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak antolatu dute: 19:30ean herri omenaldia egingo dute, Andra Mari elizpean. Durangoko hainbat sortzailek hartuko dute parte musika, irakurketa dramatizatuak, dantza eta arte bisuala uztartuko dituen ikuskizunean. Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak hitza hartuko du. Ekitaldia lore eskaintza bat eginda amaituko da.