Etzi hasi eta uztailaren 31ra arte, durangarrek aukera izango dute hiri autobusa doan probatzeko. «Benetako erabilera zein izango litzatekeen ikusiko dugu, eta, datuekin, behin betiko ezartzeko aukera aztertuko dugu», iragarri du Mireia Elkoroiribe alkateak. Astelehenetik barikura ibiliko da 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara, 40 minutuko maiztasunarekin. Madalenatik Tabirarantz abiatuko da, eta, auzoak zeharkatu ondoren, herrigunera itzuliko da, berriro Madalenara. Ibilbide osoa egiteko 27 minutu beharko dituela kalkulatu dute.
Iazko aurrekontuen negoziazioetan udal gobernuak PPrekin adostutako neurria da. EAJk eta PSE-EEk konpromisoa hartu zuten beharrik badagoen aztertzeko. Hala, probaldian, hainbat adierazle hartuko dituzte kontuan: ordutegiak egokiak diren eta auzoetan zenbat erabiltzen den, besteak beste.
Autobus bat ibiliko da etengabe zerbitzua ematen. 49 laguntzentzako eserlekuak izango ditu, beste 24 bidaiari zutik joan ahal izango dira, eta mugitzeko arazoak dituztenentzako bi gune egongo dira. Probaldirako diseinatu duten ibilbidean, hamahiru geltoki izango ditu; geltokietako bi egokitu egin dituzte, eta mugitzeko arazoak dituztenentzako plataformak ipini. Horretarako, aparkaleku batzuk kendu behar izan dituzte.
Hilabeteko probaldi horrek 14.658 euroko kostua izango du. Horrez gain, udalak aurretik 17.470 euroko inbertsioa egin du, azpiegiturak egokitzeko, geralekuak pintatzeko eta seinaleak jartzeko.