Edertasuna Arratiako tenpluetan gordeta

Bilboko Eliz Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Elizbarrutiko Monumentuen Katalogoaren bigarren zatia bukatu dute, Arratiari dagokiona, hain justu. Ibarreko hamar eliza, 68 ermita eta komentu bat aztertu dituzte.

(ID_16221915) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-06-26, Zeanuri. Monumentuen Katalogoaren bigarren atala aurkeztu dute, besteak beste.
Raquel Cilla Bilboko Eliz Museoko zuzendaria, gaur, Zeanurin, atzean Zeanuriko Otzerinmendi auzoko San Lorentzo ermitan topatutako lipsanotekaren irudiak dituela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Zeanuri
2026ko ekainaren 26a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jaungoikoagaz legez, edertasunagaz ere gauza berezi bat gertatzen da: nahiz eta gu bere bila ibili, bera da gu aurkitzen gaituena, eta, beharbada, gutxien espero dugun lekuan». Zeanuriko parroko Carlos Olabarriren esanetan, hori gertatu zaie Bilboko Eliz Museoko teknikariei ere, Arratiako eliza eta ermitetako ondarea aztertzen ibili direla: «Eskualde honek ez dirudi artea gordetzeko lekua denik, baina hemen dugu edertasuna, gure zain». Bilboko Elizbarrutiko Monumentuen Katalogoaren bigarren zatia aurkeztu dute gaur Zeanuriko Andre Mariaren Jasokundearen elizan. Zati hori Arratiari dagokio, eta hainbat harribitxi topatu dituzte ezkutuan. Areatzako, Arteagako, Arantzazuko, Bediako, Dimako, Igorreko, Lemoako, Zeanuriko eta Ubideko hamar parrokia, 68 ermita eta komentu bat aztertu dituzte.

Arteagako Elexabeitiko San Migel ermitako Guadalupeko Andre Mariaren margolana nabarmendu du Eliz Museoko zuzendari Raquel Cillak. «Aztertu dugunean jakin dugu Miguel Cabrerak margotu zuela 1754an, garai hartako Espainia Berriko margolaririk garrantzitsuenak. Ez da aurkikuntza berria; bagenekien han dagoela. Baina, orain, badakigu zeinen garrantzitsua den, eta Mexikorekin lotura zuzena izan zuela». Adituen ustez, Europan topatu den Guadalupeko Andre Mariaren irudirik inportanteenetakoa da kalitate artistikoari dagokionez. Orain, Eleiz Museoa eta Bilboko Arte Ederren Museoa mihisea eta marko originala berritzen ari dira, eta, urrian berriz inauguratzen dutenean, Arte Ederren Museoan egongo da ikusgai aldi baterako. 

74 Virgen 4 San Miguel Elexabeitia Artea
Arteagako Elexabeitiko San Migel ermitako Guadalupeko Andre Maria. BILBOKO ELIZBARRUTIKO MONUMENTUEN KATALOGOA

Baina elementu guztiak ez dira hain ikusgarriak. Esaterako, Zeanuriko Otzerinmendi auzoko San Lorentzo ermitan lipsanoteka bat topatu dute; hau da, tenpluak sagaratzeko erlikiak gordetzeko kutxa bat. Txikerra da, egurrezkoa, zarpaila. Cillak nabarmendu du «bitxia eta ezohikoa» dela. Tintaz egindako idazkun bat dauka alde batean, haren edukiari buruzkoa eta letra erromanikoz idatzia. «Balio historiko handiko» pieza dela nabarmendu du. Kaligrafiari eta tipologiari erreparatuta, XI. edo XII. mendekoa izan daitekeela uste dute, eta aldare osoa ere garai hartan sagaratutakoa da. «Gurean kristautasunaren erroak noizkoak diren erakusten digu», nabarmendu du museoko zuzendariak. 

Izan ere, Cillaren esanetan, Bizkaiko Elizari lotutako ondare honek herrialdeko historiaren berri ematen du, eta Arratian oso aberatsa da. Gaur egunera ailegatu diren ermiten %15 ibar horretan daude. Eta haiei esker ikus daiteke lurraldeak eta ondareak zer harreman izan duten. Adibidez, zaharrenak goietan daude eraikita, leku garaietan bizi zirelako bizkaitar zaharrenak; biztanleria haranetara jaitsi ostekoak dira eliza berriagoak. Tenpluak zer santuri eskainita dauden ere adierazgarria da. Arratian San Migelen izenekoak dira ugarienak: «Muinoekin eta babestu beharreko muga lekuekin lotuta egon da santu hori». Maria Magdalenari eskainitakoak ere asko dira, Erdi Aroko espiritualtasunean ohiko debozioa zelako.

61 Deposito San Miguel Elexabeitia Artea
Arteagako Elexabeitiko San Migel ermitan topatutako hormako konketa. BILBOKO ELIZBARRUTIKO MONUMENTUEN KATALOGOA

Dena ez da artea, hala ere. Esaterako, Arteagako Elexabeitiko San Migel ermitan hormako konketa bat dago. Esmaltezkoa da. Uste dute Sevillan (Espainia) edo Lisboan izan dezakeela jatorria, han egindakoen estilokoa baita. Zuzendariaren esanetan, garai bateko arteagarren kanpo harremanen adierazgarrietako bat izan daiteke. Izan ere, ondare materialek edertasuna baino gehiago transmititzen dute, Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak azpimarratu duenez: «Katalogo honetako osagai bakoitza gure arbasoen bizitzaren lekukotza da. Euren sinesmenaren, sormenaren eta pentsamoldearen adierazpena dira; euren baloreen eta barruko sentimenduen berri izateko bide aproposa dira». Etxanoberen ustez, hori guztia «aztertu, katalogatu eta ezagutaraztea «nortasun kolektiboa babestea» da.

Erromeriak eta ohiturak 

Hain zuzen ere, alde immaterial horri garrantzia emango diote aurrerantzean, eta ondare horri lotutako azterketa etnografikoa ere egingo dutela esan du Eliz Museoko zuzendariak. Labayru fundazioarekin elkarlanean, ermita eta eliza horien inguruan egiten ziren erromeriak eta ohiturak bilduko dituzte, eta baita ahoz transmititu diren istorioak ere. «Tenpluak ez da eraikinak bakarrik, bertan bizi izan diren pertsonen isla ere badira: euren fedea, euren beldurrak, euren itxaropenak eta euren ospakizunak».

Bilboko Elizbarrutiko Monumentuen Katalogoa lan luze baten emaitza da. 1980ko urteetan hasi ziren, 333 tenplu aztertuta. Orain, ikuspegi zabalagoarekin, berritzeari eta gaurkotzeari ekin diote, eta formatu digitalean hedatzen ari dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, herrialdeko 785 tenpluri buruzko informazioa jasotzea da helburua: mila erretaula eta 9.000 eskultura, margolan, urrezko eta zilarrezko bitxi, arropa eta bestelako elementu. Eskualdeka antolatu dute: iaz aurkeztu zuten Nerbioi Garaiari dagokiona, eta aurten, Arratiako zatia. 2029rako Bizkai osoa prest izatea espero dute. «Arratian esaten den moduan, etxea ez da jasotzen, maileguan hartzen da, ondorengoei uzteko. Ondareagaz, berdin. Hori da katalogo honen xedea: ezagutu, baloratu, zaindu eta transmititu», adierazi du Joseba Segura Bilboko gotzainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA