Abenduan aurkeztu zuen diputazioak Basoen Foru Arau berria, eta urtarrilean abiatu zuten tramitazioa Bizkaiko Batzar Nagusietan. Eguzki talde ekologistak prozesua eteteko eskatu du, besteak beste, foru gobernuak aurkeztutako proposamenak «diruz laguntzen duelako ingurumenari kalte egitea». Hainbat alegazio aurkeztu dizkio lege testuari.
Ikusi gehiago
Foru arau proiektuak zerbitzu ekosistemikoak ordaintzeko sistema bat jasotzen du. Eguzkiren ustez, sistema horrek helburu kontrajarriak lortzen ditu. «Alde batetik, modua ematen du enpresek edo jabe partikularrek diru publikoa jasotzeko zerbitzu ekosistemikoen truke, eta, bestetik, ingurumenari kalte nabarmena egiten dion ustiaketa intentsiboarekin jarraitzeari ematen dio bide». Enpresek edo jabeek jarraitu ahal izango dute matarrasak egiten, pistak irekitzen eta makineria astuna erabiltzen, eta, ondorioz, Eguzkiren arabera, «higadura sortzen, bioaniztasunari kalte egiten, errekak lurrez betetzen, lurzoruko karbonoa gutxitzen eta sute arriskua handitzen». «Baina hori ez da oztopo izango zerbitzu ekosistemikoen truke diru publikoa kobratzeko, eta horrek ingurumen erantzukizunaren printzipioa urratzen du», ohartarazi du talde ekologistak. Eguzkik txarretsi duenez, sistema horren arabera, herritarrek bi aldiz ordainduko dute: «Lehenengo, ustiaketa intentsiboko ereduek sortzen dituzten ingurumen kalteak konpontzeko, eta, gero, kalte horiek sortu dituen enpresa edo partikularra zerbitzu ekosistemikoengatik saritzeko».
Foru arau proposamena udal autonomiaren aurkako erasoa dela ere ohartarazi du. «EAEn indarrean dagoen lurralde eta hirigintza antolamenduko sistematik kanpoko mendi erabilerak ezartzen ditu, eta lurzoruaren sailkapenaren, kalifikazioaren, erabilera araudiaren eta hirigintza kontrolaren arloan udalek dituzten eskumenak urratu».
Talde ekologistak azaldu duenez, arau proiektuak tresna berriak sortzen ditu: baso kudeaketa iraunkorreko eredu motak, baso kudeaketa iraunkorreko proiektu teknikoak, baimenak eta erantzukizun adierazpenak. «Tresna horiek mozketak, birlandaketak, pistak eta baso ereduaren aldaketak legitimatu ditzakete, udalen hirigintza plangintzari eta lizentziei men egin gabe. Ondorioz, baso gisa sailkatutako eremuetan, udalek ekologia, hidrologia edo paisaia babeserako dituzten eskuduntzak edukiz husten dira».
Pribatizazioa
Basoen kudeaketa pribatizatzea ere egosten dio Eguzkik foru arau proposamenari. Lege proiektuak dio mendi katalogatu edo babesleak kalifikatzeko edo arautzeko erabakietan, nahitaezkoa izango dela Mendi Batzordearen aldeko txostena. «Mendi Batzordea organo sektorial bat da, interes pribatuak tartean dituena eta hirigintza bermerik ez duena. Haren aldeko txostena nahitaezko bihurtzen bada, erabakietan blokeo eskubidea ematen zaio», salatu du talde ekologistak.
Hori horrela, foru arau proiektua «zuriketa berde hutsa» dela uste du Eguzkik: «Ingurumen inpaktu negatibo garbiak dituen jarduera bat ingurumen inpaktu positiboak balitu bezala aurkeztu nahi du, betiere diru publikoa erabiliz». Foru aldundiari egotzi dio egurgintza sektore intentsiboaren «bozeramaile» bihurtu dela. Talde ekologistaren arabera, egoera «larria» da Bizkaian: «Mendi artifizializatuenak dituen euskal herrialdea da». Herrialde historikoan 220.000 hektarea mendi daude eta horietatik 100.000 egur landaketa exotikoek okupatzen dituzte. Baso naturalek 32.000 hektarea betetzen dituzte, eta, Eguzkiren arabera, kontserbazio egoera txarrean daude. Bereziki larria iruditzen zaio 24.000 hektarea landaketa exotiko lursail publikoetan egotea.