Eguzkik salatu du Iberdrolak ez duela dirurik ipiniko Lemoiz leheneratzeko

Talde ekologistak salatu du Jaurlaritzak Uribe Kostako eta Mungialdeko udalen iritzia kontuan hartu gabe egin duela akordioa zentralean akuikultura proiektua bultzatuko duen enpresarekin.

Lemoizko zentral nuklearra, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lemoizko zentral nuklearra, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 28a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kutsatzen duenak ordaindu egiten du» printzipiotik kanpo geratu da Iberdrola, Eguzkik txarretsi duenez: «Ez du euro bakar bat ere ipiniko hormigoiz eta altzairuz suntsitu zuen eremu zabal hori leheneratzeko». Talde ekologistak salatu du herritarrek ordainduko dituztela lanak. «Jaurlaritzak konpainia elektriko lagunari egingo dion zerbitzu bat izango da». Gainera, adierazi du «bi aldiz» pagatuko dutela herritarrek: lehen, urte luzez argindarraren fakturaren bidez Iberduerori moratoria nuklearragatik ordainduz; eta orain, ingurua leheneratzeko eta arrain haztegiaren proiektua bultzatzeko Jaurlaritzak ipiniko duen diruaren bidez. Dagoeneko, 2,5 milioi erabili ditu gobernuak kanpoko dikea konpontzeko. Eguzkik galdetu du gobernuak zenbat ipiniko dituen arrain haztegia martxan jartzeko inbertituko diren 170 milioietatik.

Era berean, talde ekologistak txarretsi du Uribe Kostako eta Mungialdeko udalen iritzia kontuan hartu gabe egin izana akordioa zentralean akuikultura proiektua bultzatuko duen enpresarekin. Udal horietako batzuek prozesu parte hartzaile bat eskatu zuten zentralarekin zer egin erabakitzeko. «Lehendakariak eta haren alderdiak dagoeneko erabaki dute zelakoa izango den etorkizuna eta nor izango den horren ustiapenaren onuraduna». Zentral nuklearra eraiki zen garaiekin alderatu du Eguzkik orain gertatutakoa: «A ze paradoxa. Zentrala lankidetza publiko-pribatuaren emaitza izan zen; estatu frankistaren eta Iberdueroren artekoa, alegia. Orain, Basorda lankidetza publiko-pribatuak salbatuko du: Jaurlaritza eta Sea Eight enpresaren artekoak».

Atzo Imanol Pradales lehendakariak iragarritakoaren arabera, arrain haztegiak erreaktoreen inguruko eremua baino ez luke okupatuko. Hau da, gehienez hamar hektarea. Baina zentralak eta haren ingurukoak 160-180 hektarea betetzen dituzte. «Eremu zabal horretarako orain arte ez da inolako planik egon leheneratzeko, eta horretaz ez du txintik esan Pradalesek», salatu du Eguzkik. Talde ekologistak gogoratu du hainbat eragilek urteak daramatzatela ingurua leheneratzeko eta jendeari irekitzeko eskatzen. Esaterako, Lemoizko Etzandarri mendi taldeak ingurune babestu izendatzea eskatu du hainbatetan.

«Zuhurtziaz»

Lemoizko Udalak «zuhurtziaz» hartu du arrain haztegiaren proiektua. Jesus Mari Arizmendi alkateak (EH Bildu) esan du zalantza asko dituztela iritzi sendo bat sortu ahal izateko. «Arazoa ez da arrain haztegia izango dela, baizik eta xehetasunak jakitea falta zaigula». Udalak jakin gura du proiektuak zer ekarpen ekonomiko egingo dion udalerriari, zer irabazi eta zer galduko duten haztegiarekin. «Letra txikia irakurri behar da, zenbaki txikiak jakin, komeni zaigun edo ez jakiteko».

Iker Casanova EH Bilduko batzarkideak uste du proiektua ona izan daitekeela, onuragarria, «ingurua berpizteko eta enplegua sortzeko» balio dezakeelako. Hala ere, iruditzen zaio ezinbestekoa dela prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea Lemoizen inguruan. Horregatik, pozik hartu du lehendakariak «entzutea», «lankidetza» eta «akordioa» berbak aipatu izana atzoko ekitaldian. «Herri akordio bat egin daiteke, hondatutako eta ahaztutako alde hau inguruko bizilagunen ongizatea eta ingurumena hobetuko dituen elementu bihurtzeko», adierazi du Casanovak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA