Energiari lotutako ikasketak egiteko zentroa ireki dute Muskizen

Somorrostro heziketa zentroak sustatu du, goi mailako hainbat gradu eskaintzeko. Mondragon Unibertsitateak ere Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua emango du han.

Energia Teknologien Hubaren inaugurazioa, gaur, Muskizen. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Energia Teknologien Hubaren inaugurazioa, gaur, Muskizen. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko maiatzaren 25a
18:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Energia berriztagarriei buruz ikasi eta ezagutza praktikan jartzeko aukera egongo da Muskizko Energia Teknologien Hubean. Ikasleentzat izango da, baina baita enpresentzat ere, teknologia berriak probatzeko lekua izango baitute. Somorrostro Heziketa Zentroak bultzatu duen azpiegitura berriak hainbat ekipamendu ditu, honako arlo hauetan aritzeko: energia eolikoa, eguzki energia, sare adimendunak, azpiestazio elektrikoak, potentzia elektronika, adimen artifiziala eta datuen analisia. «Pieza estrategikoa da Bizkaia trantsizio energetikoa gidatzeko eraikitzen ari den ekosisteman», esan du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak gaur goizean, inaugurazio ekitaldian.

Somorrostro heziketa zentroak hainbat gradu eskainiko ditu han: Energia Berriztagarrietako goi mailako gradua, Mantentze Elektrikoko goi mailako gradua, Adimen Artifizialeko eta Big Data espezializazio ikastaroa, eta Mantentze Industrialeko Digitalizazioko espezializazio gradua. Horrez gainera, Mondragon Unibertsitateak Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua eskainiko du han. Helburua da trantsizio elektrikoari lotutako aukera profesionalak ematea gazteei, bokazio teknologikoak sortzea eta eskualdeko enpresei talentu espezializatua eskuratzen laguntzea. Abantoko parke teknologikoan dagoen Energy Intelligence Centerrekin ere lankidetzan arituko dira.

«Proiektu honek oso ondo islatzen du zelan egiten dugun lan Bizkaian: Lanbide Heziketa, unibertsitatea, enpresa traktoreak, zentro teknologikoak eta erakundeak elkarlanean ari gara, prestakuntza eta ikerketa aplikatua ehun produktiboaren benetako erronkekin lotzeko», nabarmendu du Etxanobek. Diputazioak 1,5 milioi euroko inbertsioa egin du zentro berrian, eta Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren parte da. Energia arloko Ingeteam enpresa taldeak akordioa egin du hub berriarekin. Taldeko Talentu eta Antolaketa Garapenerako zuzendari Iñigo Diegok azpimarratu du sektorearen etorkizunerako ezinbestekoa dela enpresa, prestakuntza eta teknologia elkartzea. Horregatik, Somorrostro heziketa zentroarekin hasi duten lankidetza luzerako izango dela iragarri du. Javier Laiseka zentroko zuzendariaren esanetan, hub berriak Bizkaiko enpresen lehiakortasuna hobetzen eta industriari lotutako enplegu aukera berriak lortzen lagunduko du.

Azpiegitura berria eraikin bik osatzen dute; guztira mila metro koadroko azalera dute. Eraikinetako batek hiru solairu ditu, prestakuntza gela modulagarriekin. Bigarren blokeak solairu bakarra du, eta han daude tailerra eta laborategia. Eraikin biak elkarri lotuta daude, eta lotura horretan Otis enpresak igogailu didaktiko bat ipini du, bere teknikariak prestatzeko. Beste eraikin bat ere egin dute, hirugarrena, bulegoetarako eta bilera geletarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA