Ikusgarria izan da. Garabi erraldoiek lagunduta, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen All Iron zubiaren lehen piezak ipini dituzte gaur goizean. Goizean goiz ekarri dituzte Gasteiztik, eta 08:00Â aldera hasi dituzte muntatze lanak. Lehenengo pieza 32 metro eta 15 tonako albo hegal bat izan da. Bigarren pieza, berriz, luzera bereko eta 50 tona inguruko metalezko kaxa bat. Neurriak eta pisua kontuan hartuta, plangintza berezi bat antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak: piezak Gasteiztik Erandiora garraiatzeko lehenengo, eta horiek jartzeko gero.
Oinezkoentzat eta bizikletentzat izango da All Iron pasabidea; helburua da itsasadarraren ertz batetik besterako joan-etorriak egiteko modu jasangarriak bultzatzea. 352 metro luze eta hogei zabal izango da azpiegitura metalikoa, eta hamar zutaberen gainean ipiniko dute. Erdigunean zabaldu egingo da, itsasontziei pasatzen uzteko. Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatuak azaldu duenez, hamar zatitan banatu dute egitura, errazago garraiatu eta muntatzeko. Diputatuak Suitzako erlojuen mekanismoarekin alderatu du zubia, nabarmendu nahian diseinuak, eraikuntzak eta ondorengo muntaketak zehatzak izan behar dutela.Â

Muntatze lana ez da erraza. Itsasadarrean ari dira beharrean, ur gainean. Alexander Gallastegi ingeniariak azaldu duenez, zailtasunik handiena mareek sortzen diete. Izan ere, egoera asko aldatzen da itsasgora edo itsasbehera izan, eta urpean dena da lokatza. Gainera, uraren gorabeherak ez ezik, kontuan hartu behar dituzte itsasontzien joan-etorriak ere, elkarri enbarazurik ez egiteko.