Ermuko Udalak mobilizaziora deituko du saihesbidearen atzerapena salatzeko

Lanak datorren abendurako hasiko zirela iragarria zuten arren, Azpiegituretarako diputatuak esan du datorren urte bukaeran abiatuko dituztela seguruenik.

Saihesbidearen aldeko manifestazioa, Ermuan, 2023an. BERRIA
Saihesbidearen aldeko manifestazioa, Ermuan, 2023an. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 16a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ermuko mendebaldeko saihesbidearen lanak datorren urte bukaeran hasiko dituzte seguruenik. Hala esan du Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatu Carlos Alzagak. Hau da, lehenago diputazioak iragarritakotik urtebete atzeratuko da, eta albisteak haserrea eragin du herrian. «Ermuarren pazientzia amaitu da, ez dugu aitzakia gehiagorik onartuko», ohartarazi du Beatriz Gamiz alkateak (PSE-EE), eta iragarri du udalbatzan ordezkaritza duten alderdiekin eta herriko eragileekin berbetan dabilela mobilizaziora deitzeko. 

Alkatearen esanetan, aldundiak ez ditu konpromisoak bete. «Urte gehiegi daramatzagu obrak hasteko itxaroten. Ermua aspertuta dago inoiz betetzen ez diren promesekin», ohartarazi du. Alzagaren aurretik karguan egondakoek hitzemandakoa gogoratu du Gamizek. Esaterako, 2023ko urtarrilean, oraindik Azpiegituretarako diputatu zela, Imanol Pradalesek iragarri zuen 2025eko urtarrilean edo otsailean lizitatuko zutela obra, eta baita lanean hasi ere. 2023ko apirilean, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi zuen 2025eko udaberrirako prest izango zutela eraikuntza proiektua, eta urte hartako neguan hasiko zirela beharrean. «Aurreikuspen berriek, beraz, gutxienez urtebeteko atzerapena dakarte, hitzartutako epeen aldean», salatu du alkateak. Gamizen esanetan, atzerapenak «ondorio zuzenak ditu ermuarren bizitzetan: zarata handiagoa, segurtasun falta handiagoa eta atseden gutxiago» izango dute. 

Ermuko Udaleko iraileko osoko bilkuran, ordezkaritza duten bost alderdiek —baita jeltzaleek ere— mozio bat onartu zuten aho batez. Salatu zutenez, erdigunetik egunero igarotzen diren kamioiek eragin zuzena dute bide segurtasunean, herritarren osasunean, atsedenean eta bizi kalitatean. Foru aldundiari eskatu zioten lanak ahalik eta azkarren hasteko. Bien bitartean, ibilgailu astunei herrigunetik igarotzea debekatu diete. 

Kezka foru gobernuan ere

Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Batzordean egin zuen iragarpena Alzagak, atzo, eta oposizioko alderdien artean ere haserrea eta kezka eragin du. Baina, baita gobernukide diren sozialisten artean ere. Jose Alberto Alvarez Castejon batzarkide sozialistak adierazi du «tamalgarria» dela ikustea ez dela betetzen jeltzaleek eta sozialistek adostutako programa akordioa. Gogoratu du akordio horretan «argi eta garbi» idatzi zutela saihesbidea osorik egingo dela eta mendebaldeko zati hau 2025 bukaeran hasiko direla eraikitzen. «Azpiegitura hau ez da kapritxo bat, baizik eta hainbat hamarkada justizia zain egon den herri honekin daukagun zorra». 

Batzarkide sozialistak iradoki du Ermuari ez zaiola Bizkaiko beste herriei ematen zaien tratu bera eskaintzen: «Ermuarrek ere eskubide bera dute aire garbia arnasteko, trafiko astunaren zaratarik barik atseden hartzeko eta ingurune seguruan eta osasungarrian bizitzeko». Hiru eskaera egin dizkio diputatuari: data egiaztagarriak izango dituen eta fase guztiak jasoko dituen kronograma eguneratua aurkeztu dezala berehala; udalarekin elkarrizketa arina eta errespetuzkoa abiatu dezala; eta programa akordioa «aitzakia eta atzerapen gehigarri barik osorik» bete dezala.

Diputatuak ukatu egin du Ermuak bestelako tratua jasotzen duela. Esan du badakiela ermuarrentzat saihesbidea «jatea bezain garrantzitsua» dela, eta «kosta ahala kosta» azpiegitura eraikitzeko konpromisoa hartu du. Atzerapenak administrazioetako «prozeduren konplexutasunari» egotzi dizkio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.