Bizkaiko errepideak hobetzen eta mantentzen %40 gehiago gastatuko du diputazioak 2026an

Lehen seihilekoan hasiko dira itsasadarreko tunela egiten, Artatza aldean huste lanei ekinez. Tunelaren obrek hamahiru miloi euroko aurrekontua izango dute datorren urtean.

BI-625 errepidea, Basaurin, 2023an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
BI-625 errepidea, Basaurin, 2023an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko azaroaren 7a
09:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako Sailak 250 milioi euro izango ditu datorren urtean. Horietatik 140 milioi lurraldeko errepideak mantentzen eta hobetzen gastatuko ditu. Aurten baino %40 gehiago izango da, Carlos Alzaga arloko diputatuak adierazi duenez. 

Azaldu du zergatik handitu den hainbeste errepideen mantentze lanetarako aurrekontua. Kontratuak bost urterako egiten dira. Beraz, aurten kalkulatu behar izan dute datozen urteetan zenbat ordainduko duten lan horiek egiteagatik. «KPIaren eta soldata kostuen prospekzioa egin behar da, eta ez da beti erraza izaten». Kontratu horien arabera, bost urteetan kopuru bera ordaintzen dute, eta diputatuak susmoa du 2026an behar baino gehiago ordainduko dutela, baina 2030ean, gutxiago. Gainera, gero eta tunel gehiago ditu Bizkaiak, eta diputatuaren esanetan «oso garestia» da horien mantentze lanak egitea. Milioi bat euro ipiniko dituzte horretarako. 6,7 milioi gastatuko dituzte foro errepideetako zoruak leheneratzeko, eta 440.000 euro MKZ Mugikortasuna Kudeatzeko Zentroa eraberritzeko eta handitzeko obretarako.

Diputazioaren ardurapeko errepideek 1.300 kilometro dituzte. «Lehentasun handiagoa ematen diogu kontserbazioari, obra berria eraikitzeari baino. Helburua da daukaguna maila bikainean egotea. Errepideak ez daude inoiz amortizatuta, eta horietan inbertitzen jarraitu behar da». Nabarmendu du ordainpeko errepideetan erabiltzeagatik kobratzen dutena ez dela nahikoa mantentze lanak ordaintzeko.

Egiten hasiko diren obretan handiena itsasadarreko tunela da, baina datorren urtean oraindik ez du aurrekontu nabarmenik izango: hamahiru milioi euro. Tunel osoaren kostua 543,7 milioi euro izango dela aurreikusi dute. Lanak lehen seihilekoan abiatuko dituzte: Artaza ingurua husten hasiko dira. Urtian Ermuko mendebaldeko saihesbidea egiten ere hasiko dira datorren urtean. 

Hainbat obra proiektu

Errekaldeko (Bilbo), Muskizko, Ermuko saihesbidearen bigarren fasea, Elorrio eta Kanpazar artekoa eta Sollubeko saihesbideak eraikitzeko proiektuak idazten jarraituko dute. Enkarterrin, La Herrera eta Malabri lotura eta Sopuertako biribilgunea egingo dituzte. «Guretzat ezinbestekoa da Balmasedatik Karrantza doan errepidea lehen mailakoa izatea», esan du diputatuak. Lau zatitan egingo dute, eta proiektua dagoeneko idatzita dago. Baina atzeratuta dabiltza, ingurua «oso naturala» delako. «Arazo handiena sai zuriarekin dugu. Urte batetik bestera jokabideak aldatzen ditu: habia egitera etor daiteke edo ez, edo beste garai batean etorri. Eragin diezaioke obrari edo ez. Horregatik, hamazortzi hilabetean egin daitekeen lan bat egiteko, 48 hilabete behar ditzakegu». Arazo horiei aurre egiteko, hegaztietan aditu den behargin bat kontratatu dute. 

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako 2026ko aurrekontuak 53,5 milioi euroko zakua du Bilbo eta Getxo arteko itsasadarreko bulebarrean eta Erandio eta Barakaldo lotuko dituen All Iron zubian lanean jarraitzeko. Erletxeta-Larrabetzu eta Erletxeta-Boroa bizikleta pisten eta Bilbao-Basauri-Etxebarri, Markina-Etxebarria eta Alonsotegi bidegorrien obrek ere jarraituko dute datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.