Etorkizuneko Durango: hiri autobus elektrikoa, bidegorri sarea eta eskoletako patio naturalizatuak

Durangoko Udalak eta herriko hainbat eragilek 2030 Agendaren Ekintza Plana osatu dute, datozen urteetarako bide orria zehazteko.

Bidegorria Durangon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bidegorria Durangon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko azaroaren 11
06:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Udalak 2030 Agenda Ekintza Plana ondu du. Udal politiketarako bide orria izango da, hirian garapen eredu «jasangarriago, bidezkoago eta berdinzaleago» bat bultzatzeko. Gizarte, hezkuntza, ekonomia eta beste arlo batzuetako eragileekin batera landu dute dokumentua. Ardatz nagusietako bat «hiri osasungarri eta jasangarria» bihurtzea da, «klima aldaketari aurre egiteko prest» egongo dena. Martxan ipiniko dituzten neurrien artean, planak hauek jasotzen ditu: hiri autobus elektrikoa, disuasio aparkalekuak, bidegorri sarea garatzea, bizikletentzako gune estaliak sortzea eta eskola ibilbide seguruagoak sustatzea. Ingurumen arloan, hezkuntzan egingo dute indar, eskoletako patioak naturalizatuta, esaterako. Etxeko konpostajea sustatuko da, eta amiantoaren errolda ere egingo da. 

Garapen ekonomikoari dagokionez, planak «tokiko eredu berritzaile eta iraunkor baten aldeko apustua» egin du. Berrikuntza, ekonomia zirkularra eta «kalitatezko enplegua» ditu oinarriak. Horretarako, Merkataritza Biziberritzeko Plana abiatuko dute, turismo jasangarria lehenetsiko dute, eta etxebizitza turistikoen araudia berrikusiko dute. Joan den astean inauguratutako Merkatu Plazaren eta Landako Gunearen zeregina indartuko dute. Era berean, industriari eta lehen sektoreari laguntza emango diete: Baserritarren Mahaia berriz martxan ipiniko dute, eta gazteei zuzendutako programak abiatuko dira, enplegurako sarbidea errazteko.

Kohesio soziala eta pertsonen ongizatea ere baditu helburu planak. Premia bereziak dituzten auzoetan lan egingo dute, bizi baldintzak hobetzeko ekintzak garatuz eta egoera ahulean daudenei laguntza eskainita. Ekinaldi solidarioak ere sustatuko dituzte, hala nola denbora bankuak. Adinekoei eta zaintzaileei zuzendutako arreta eta laguntza zerbitzuak indartuko dituzte. Berdintasun arloan, III. Plana idatziko dituzte, andreentzako segurtasunik gabeko espazioak identifikatuko dituzte, eta tokiko mugimendu feministaren lana aitortuko dute. Gazteen parte hartzea sustatuko da hainbat bitartekoren bitartez: Gazte Foroa, Suk Aldatu programa eta bestelako proposamenak.

Euskal Herrian erreferentea

Kulturaren eta euskararen sustapena ere funtsezkoak dira planean, udalaren arabera. Doako euskara eskolak eskainiko dituzte Durangon. Hizkuntzaren erabilera sustatzeko programak bultzatuko dira merkataritzan eta eguneroko jardueretan. Tokiko ondarea babesteko plan bat onduko dute. Ez dute ahaztu Durangoko Azoka eta hark Euskal Herri mailan ematen dien erreferentzialtasuna. Gura dute Durango Liburuen Hiria eta euskal kulturaren hiriburua bihurtzea. Hezkuntza arloan, Oinezbusa berrantolatuko dute, eskolarako joan-etorriak seguruagoak eta jasangarriagoak izateko.  

Azkenik, planak administrazioaren funtzionamenduari ere erreparatu dio. Besteak beste, genero ikuspegia txertatuko dute udal kudeaketan, fiskalitate berdea garatuko dute, eta larrialdietarako plana klima aldaketaren ondorioetara egokituko dute. Gainera, Durangoko elkarteen erregistroa eguneratuko dute, udal webguneko Partehartu Durango! atalaren erabilera sustatuko dute, eta udal aplikazioa hobetuko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.