Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileek asteak daramatzate finantzaketarako akordioa iragartzen, baina ez da ailegatu oraindik. Bilboko metroaren laugarren linearen aldeko plataformakoek mobilizazioetara deitu dute datozen asteetarako, Bizkaiko ahaldun nagusiari akordioa sinatu dezala eskatzeko. Gaur egin du berba Etxanobek Batzar Nagusietan, eta ez du askorik argitu. Esan du espero duela Jaurlaritzarekin akordioa «laster» sinatu ahal izango dutela, baina nabarmendu du atzerapena eragiten dutenak «arrazoi teknikoak» direla. Eta horrek kezka eragin du oposizioan.
Etxanoberen esanetan, laugarren linea «teknikoki oso konplexua» da, eta foru aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin zerikusirik ez duten faktore batzuek ere eragina dute. Besteak beste, adierazi du linea hori eraikitzeko ezinbestekoa dela aurretik Zorrotzan trenbidea lurperatzea, Irauregitik metroa irten ahal izateko. Era berean, azpimarratu du Feveren lineak Eusko Jaurlaritzaren eskuetara pasatzea ere beharrezkoa dela, Enkarterrin eta Bilbo hegoaldean laugarren lineak trenbide horren azpiegiturak erabiliko dituelako tarte batzuetan.
Ahaldun nagusiak esan du ez duela eskumenik trenbideen arloan, baina, hala ere, «erabateko konpromisoa» duela Bilboko metroarekin. Laugarren linearen aldeko plataformakoek kontatu izan dute Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailburuak esan diela akordioa adostua dutela bi erakundeek. Etxanobek ukatu egin du, eta hori lortzeko lanean dabiltzala esan du. «Akordioa sinatu aurretik, zailtasun teknikoak gainditu beharko dira, eta ondoren erakunde bakoitzaren ardurak zein izango diren zehaztu. Horretarako lanean ari gara», ohartarazi du.
Eneritz Madariaga Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramaileak proiektua «politikoki» erabili izana egotzi die EAJri eta PSE-EEri, eta gogoratu du Jaurlaritzako eta diputazioko arduradunek elkarri leporatu diotela atzerapenaren erantzukizuna azken bi urteetan. «Zuen arteko desadostasunak garestiak dira bizkaitarrentzat».
Etxanobek azaldu duenez, trazaduran egin den azken aldaketak «garestitu» egin du proiektua, eta horregatik uste du ezinbestekoa dela «aurrekontua ahalik eta gehien fintzea». Ukatu egin du erakunde bien arteko desadostasuna ekonomikoa dela: obra finantzatzeko behar duen dirua gordea duela esan du.