Etxebizitza, enplegua eta hezkuntza, Gernikan talentuari eusteko

Gernika-Lumoko Udalak 'Lan eta bizi, berton' programa ondu du: 206 etxebizitza publiko eraikiko dituzte herrian, ekonomia zirkularrean oinarritutako industrialdea sustatuko dute Ibarran, eta Lanbide Heziketako zentro berri bat bultzatuko dute.

Gernika-Lumoko Ibarra industrialdea, artxiboko irudi batean. ANE MARURI ARANSOLO / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Gernika-Lumoko Ibarra industrialdea, artxiboko irudi batean. ANE MARURI ARANSOLO / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 15a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Busturialdea biztanleria galtzen ari da, eta herritarrak gero eta zaharragoak dira batez beste, gazteak eskualdetik kanpora joaten direlako lan aukeren bila». Hori da Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak egindako diagnostikoa, baina uste du oraindik «egoera iraultzeko sasoiz» dabiltzala. Horregatik, eskualdean talentuari eusteko plan bat ondu du udalak: Lan eta bizi, berton du izena. 206 etxebizitza publiko eraikiko dituzte herrian, ekonomia zirkularrean oinarritutako industrialdea sustatuko dute Ibarran, eta Lanbide Heziketako zentro berri bat bultzatuko dute, besteak beste. 

Etxe berrien %75 alokairu sozialekoak izango dira, eta gainontzekoak erosi ahal izango da. Alkatearen ustetan, ezinbestekoa da herrian geratu diren gazteei bizitza proiektua bultzatzen laguntzea. Lehen fasean, alokairu sozialerako 80 etxebizitza eraikitzea da asmoa, Gernikako hainbat lekutan. Gainera, udala Eusko Jaurlaritzarekin lanean dabil Santa Luzia inguruan beste 58 eraikitzeko. Proiekturik berritzaileena aldi baterako apartamentuena izango da: tarte baterako etxea behar dutenentzat izango dira, Etxebidek kudeatuko ditu, eta etxean biziko denaren errenta hartuko da kontutan alokairua ezartzeko. 

Gorroñoren ustez, etxebizitza ez ezik, kalitatezko enplegu aukerak sortu behar dira Gernikan, talentuari eusteko. Horregatik, Ibarran ekoberrikuntzan eta bioekonomian oinarritutako industrialde bat sortuko du, trantsizio ekologikoari, ekonomia zirkularrari eta industria berdeari lotutako proiektuak garatzeko. Udalaren eta foru aldundiaren jabetzako 150.000 metro koadroko eremua erabiliko da horretarako. Udalak egindako kalkuluen arabera, 2.200 lanpostu sortuko dira.

Enpleguari lotuta, Gernika-Lumoko Udala Eusko Jaurlaritzarekin hizketan dabil herrian Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzeko. 2008an iragarri zuen udalak birformulatu egin gura duela orduko proiektua, eta han eskainiko den prestakuntza Urdaibaiko biosfera erreserbarekin lotuta egotea gura du. Uste du leku egokia litzatekeela hondakinen kudeaketari, uraren zikloari, ingurumen iraunkortasunari eta trantsizio ekologikoari lotutako ikasketak eskaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE