Bihar bozkatuko dituzte 2026rako Bizkaiko aurrekontu proiektuari oposizioak ipinitako osoko zuzenketak. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramaileak esan duenez, Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldearekin negoziatzen ari dira. Adierazi du diputazioak akordioak lortzeko «gogoa» baduela, «ikuspegia zabaldu» eta aurrekontuak «hobetzeko», baina «jabetu» dira ez dagoela aukerarik ez EH Bildurekin ez PPrekin akordio bat egiteko. Beraz, Elkarrekin Bizkaia taldeak egindako proposamenak «aztertzen» ari dira orain. «Bihar arteko epea dugu oraindik», esan du.
Arrizabalaren arabera, foru gobernuak ondu duen aurrekontu proiektuaren helburua da «bizkaitarrekin duten konpromisoa betetzea». Uste du EH Bilduk eta PPk ipinitako baldintzak onartuko balituzte ez luketela beteko konpromiso hori.
PP oso kritiko agertu zen hasieratik, baina EH Bilduk negoziatzeko borondatea agertu du hainbatetan. Koalizioaren bozeramaile Iker Casanovaren arabera, aurrekontu proiektuak «ez du anbizio eta gaitasun eraldatzailerik, eta foru gobernuaren ikuspegi estrategikorik ezaren ondorioa da». Hala ere, aurtengo aurrekontuekin egin bezala, ez zuen baztertu hobekuntzak adosteko aukera, «EH Bilduren ikuspuntutik estrategikoak diren esparruetan».
Casanova prest, Etxanobe uzkur
Iazko abenduan, EH Bilduk osoko zuzenketa ipini zion 2025eko aurrekontu proiektuari, baina, ondoren, zuzenketa partzialak eztabaidatzen ari zirela, 29 neurri adostu eta akordioa egin zuen foru gobernuarekin. Hala, abenduaren 27an, aurrekontuen behin betiko bozketa egin zutenean, koalizioa abstenitu egin zen. EH Bilduk formula hori erabili nahi luke aurten ere, baina Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak zail ikusi zuen datorren urterako proiektua aurkeztu zuen egunean bertan, urriaren 31n.
Agerraldi hartan Etxanobek esan zuenez, hedabideen bitartez jakin zuen EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako eta hiru diputazioetako aurrekontuak negoziatzeko egindako proposamenaren berri. «Hiru neurri aipatzen ditu, eta hirurak dira tributuei dagozkienak. Bizkaian apirilean onartu genuen zerga berrikuspena, eta EH Bilduk ez zuen parte hartu gura izan. [Ahal Dugu-rekin adostu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga berrikuspena, eta, ondorioz, Elkarrekin Bizkaiak babestu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan]. Orain ez da tributuak negoziatzeko garaia, aurrekontuak negoziatzekoa baizik», ohartarazi zuen ahaldun nagusiak.Â
Ostera, Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldea izan da proiektuari zuzenketa gehien ipini dizkion taldea, eta Eneritz Madariaga bozeramailea kritikoa izan da diputazioak ondutako aurrekontuekin. Madariagak esan duenez, foru gobernuak «etorkizuneko ziurgabetasuna onartzen du», baina «ez du haren arabera jokatzen». Haren ustetan, aurrekontuak «itzulkin sozial edo ekologiko egiaztaturik gabeko megaproiektuak eta azpiegiturak» lehenesten ditu. Madariagaren arabera, bestalde, zainketak, mendekotasunen bat dutenen arretak, garraio publikoak, pobreziaren aurkako borrokak eta lurralde kohesioak «bultzada eskasa» dute. Diputazioari leporatu dio «fiskalitatea erabili gura ez» izatea herritarren arteko «ezberdintasunak txikitzeko».