Galdakaoko etxegabetzearen harira, salatu dute segurtasuna migratzaileen aurka egiteko aitzakia izan dela

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak ohartarazi du etxegabetuta «egoera zaurgarriagoan» utzi dituztela. Poliziaren jarrera «oldarkorra» ere txarretsi du.

Polizia, Galdakaoko Bengoetxe auzoko etxegabetzean, eguaztenean. GALDAKAOKO ELKARLAGUNTZA SAREA
Polizia, Galdakaoko Bengoetxe auzoko etxegabetzean, eguaztenean. GALDAKAOKO ELKARLAGUNTZA SAREA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 6a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguaztenean, etxe okupatu batean bizi ziren hamabost migratzaile etxegabetu zituzten Galdakaoko Bengoetxe auzoan. «Segurtasun falta» izan zen erakundeek emandako argudioa, «eraikina erortzeko arriskuan» zegoelako. Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak ohartarazi du segurtasuna ez dela soilik «teilatua gainera ez erortzea eta ongizate fisikoa». Kaleratutakoen segurtasuna are gehiago okertu dela salatu dute. «Segurtasuna bermatzen dute inguru eta babes sozial hurbilak, osasun arreta doako eta baldintza gabeak, hezkuntza eskubideak, herrialdez migratu eta helmugako herrian ondo jasoa izateak, Poliziaren etengabeko mehatxurik gabe bizitzeak, etxebizitza eskubidea betetzeak…», gogoratu dute sare sozialen bidez zabaldu duten idatzian. Erakunde publikoek hori guztia «bermatu barik» etxegabetu dituztela txarretsi dute, eta, ondorioz, «kale gorrian» eta «egoera zaurgarriagoan» utzi dituztela. «Han bizi zirenek bazuten etxearen egoeraren berri, eta seguruenik ez zen haien ametsa han bizitzea. Baina erabakitzeko, baloratzeko eta neurriak hartzeko zilegitasuna eta gaitasuna kendu egiten diegu etengabe, haien gainetik eta haiek gabe erabakiz».

Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Galdakaoko Udaltzaingoak hartu zuten parte etxegabetzean. Sareak salatu duenez, Espainiako Poliziak ere «segurtasuna» erabili zuen argudio moduan, «migratzaileen aurkako operazioa» egiteko: nortasunaz galdetu zieten, eta bizitzeko baimenak begiratu zizkieten. Haietako bat, gainera, zuzenean atxilotu zuten, haren aurkako atxilotze agindua zegoelako. «Eraikinean bizi zirenentzako segurtasun neurria zena haien kontrako sarekada arrazista bihurtu da: kale gorrian geratzearen egoera zaurgarriari egoera administratibo ilegalak ekar ditzakeen ondorio judizialak gaineratu dizkiete».

Poliziaren «ohiko jarrera oldarkorra» ere txarretsi du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak. «Ustez lagundu behar zituzten horiengandik babesteko eta haiei erasotzeko ekipaje osoa eraman zuten [Espainiako] Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak: kaskoak, ezkutuak, borrak…  Banan-banan identifikatutako gazteak susmagarri edo gaizkile gisa tratatuta identifikatu eta atxiki dituzte, lurraren kontra estutuz». Gertatzen ari zena grabatzen ari zen herritar baten kontra ere jardun zutela kontatu dute: urruntzeko agindu zioten, eta identifikatu egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA