Garraio diputatuak baztertu egin du Bizkaibuseko gaueko zerbitzua kentzea

«Gizalegearen kontrako jarreren» inguruko gogoeta eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian. 2020an «hazkunde handia» izan zuten erasoek, eta ugaritu egin dira ordutik.

Loiuko aireportura doan autobusa, Bilboko Moiua plazan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Loiuko aireportura doan autobusa, Bilboko Moiua plazan, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 23a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean egunkari batean argitaratutako iritzi artikuluan, Sonia Perez Ezkerra Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak esan zuen Bizkaibuseko gaueko zerbitzua kentzea aztertzen ari direla, gidarien segurtasuna ezin dutelako bermatu. Gaur ukatu egin du asmo hori Batzar Nagusietan egindako agerraldian. «Diputazioak gogoeta bat abiatu nahi du gizartean eta politikan, gaueko aisialdiari eta garraio publikoari buruz», esan du.

Elkarrekin Bizkaiak eta PPk eskatuta joan da Garraio, Mugikortasun eta Turismo Batzordera. Erasoen kopurua «oso kezkagarria» dela nabarmendu du Perez Ezkerrak. Urtebetean 67 eraso zenbatu dituzte autobusetan eta geltokietan, eta haietatik sei fisikoak izan dira. %96 Bizkaibuseko beharginen kontrakoak izan dira; gidarien eta ikuskatzaileen aurkakoak, batez ere. Gainera, bilakaera ez da ona. Milioi bat bidaia txarteleko zenbat eraso egon diren neurtzen duen tasari erreparatu dio. 2020an «hazkunde handia» egon zen, diputatuaren esanetan, «pandemiaren testuinguruan». Orduko ratioa 44,5ekoa izan zen; 2025ean, 48ra igo da. Perez Ezkerrak uste du gizartearen erantzukizuna dela jokabide horiek desagertzea. «Ez dugu segurtasun arazo bat, gizalegearen kontrako jarrerak baizik».

bizkaibizi bizkai osora zabalduko da 2027an

Duela urte bi ipini zuten martxan Bizkaibizi, herri arteko bizikleten alokairurako foru zerbitzua. 2027an, eredua berrituko dute, eta, Batzar Nagusietan gaur egindako agerraldian, Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak esan du metropolitik Bizkai osora hedatuko dela. Bizkaibizi 2.0 izeneko eredu berrian bizikleta alokatzeko modu bi egongo dira: iraupen luzekoa eta laburrekoa. Iraupen laburreko alokairua herrialdeko 38 herri handienetan ezarriko dute, eta, gainontzeko udalerrietan, luzerako alokatu ahal izango dira bizikletak. 1.311 bizikleta izango ditu zerbitzuak; baita mugikortasun arazoak dituztenentzako hiru gurpileko 32 bizikleta ere. Eredu berriaren kostua urtean 3,62 milioi eurokoa izango da. Teknologia aldetik ere berritasunak izango ditu; esaterako, beste garraio publiko batzuekin bateragarri egiteko. 

Agerraldia eskatu duten alderdi biek iaz sindikatuekin adostutako neurriak ezartzeko eskatu diote: besteak beste, gidariak babestuko dituzten manparak jartzeko, SAE izeneko laguntza sistema berritzeko eta kontrolerako gune bateratu bat sortzeko. Diputatuak erantzun die Bizkaibus erosten ari den autobus berrietan dagoeneko manparak ipinita daudela, eta datorren urtean berrituko dituzten guztiek izango dituztela. SAE sistema berria datorren urtean lizitatuko da, eta, Perez Ezkerrak iragarri duenez, indarkeria egoerak detektatu ditzakeen teknologia izango du. Kontrolerako gune bateratua sortzeko lanean ari direla ere gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.