Proposamena: ‘10 urtez artea edukiontzietan’ erakusketa Bilbon

Garraiorako edukiontziak, arteak zipriztinduta

‘10 urtez artea edukiontzietan’ erakusketa ikusgai dago Bilboko Itsasmuseumen, ekainaren 29ra arte. Garraiorako kontainerrak artelan bihurtzeko lehiaketa izan dute oinarri esposizioa osatzeko.

Laura Martinez Martinen '#Lan bikaina' obra, '10 urtez artea edukiontzietan' erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Laura Martinez Martinen '#Lan bikaina' obra, '10 urtez artea edukiontzietan' erakusketan, Bilboko Itsasmuseumen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko ekainaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Carola garabia lekuko, artelan bilakatutako garraiorako edukiontzien kokaleku izan dira Bilboko Euskalduna ontziolako dike zaharrak azken urteetan. EHUko Arte Ederretako ikasleen eskuek moldatu dituzte kontainerrak, Bilboko Itsasmuseumekin batera antolatutako lehiaketaren bitartez. Obra horien maketa eta irudiak baliatuz erakusketa bat osatu dute, eta museoan bertan dago ikusgai.

Ekainaren 29ra bitartean, 10 urtez artea edukiontzietan erakusketa ikusteko aukera izango da, Bilboko Itsasmuseumeko Carol Iglesias espazioan. Hain zuzen ere, esposizioa osatzeko, garraiorako edukiontziak artelan bihurtzeko lehiaketa izan dute oinarri: 2013tik gaur egunera arte sariketa irabazi duten Arte Ederretako hamar ikasleen lanen maketak eta irudiak bildu dituzte. Erakusketaren bitartez, «etapa bat itxi» nahi dute, Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariaren arabera. Oraindik ez dakite aurrerantzean ere sariketa egingo duten. Ez behintzat orain arte bezala: «Aurrera jarraitu nahi dugun pentsatzeko garaia da, eta, baietz erabakitzen badugu, nola egin nahi dugun pentsatu beharko dugu».

«Ez da ariketa erraza izan: edukiontzia tamaina errealeko artelan bihurtu behar izan dute parte hartzaileek»

ISMAEL MANTEROLAEHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa

Lehiaketa 2013an abiatu zuten Itsasmuseumek eta EHUk, Aurtenetxea Containers enpresarekin elkarlanean. Hain justu, kontainerrak hiri artelan bihurtzeko gonbidapena egin zieten Arte Ederren Fakultateko ikasleei, esparru publikoan sormena eta esperimentazio artistikoa sustatzeko helburuz. «Ez da ariketa erraza izan», esan du Ismael Manterola EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak. «Edukiontzia tamaina errealeko artelan bihurtu behar izan dute parte hartzaileek». Alabaina, dekanoak uste du «aukera paregabea» izan dutela urte hauetan guztietan ikastegi hartan egiten duten lana ezagutarazteko.

LEHIAKETAKO IRABAZLEAK

  • 2013. Baluarte 1, 2, 3, 4, 5, Alberto Diez eta Leo Burge. 
  • 2014. All Iron, Mar de Dios eta Miguel Puertas.
  • 2015. Edukia, edukia, Juan Malk.
  • 2016. Paperezko Itsasontzia, Alvaro Aroca.
  • 2017. Zirgarien bidea, Xabi Dobaran eta Maria de Viana.
  • 2018. Plastikozko itsasoak, Maria Acuña Martinez.
  • 2019. #Lan Bikaina, Laura Martinez Martin.
  • 2021. Izena daukagu, Idoia Leacher.
  • 2023. greentoblue.4 <3, Leyre Arraiza

Leyre Arraiza izan da garraiorako edukiontziak artelan bihurtzeko lehiaketaren azken irabazlea (2023), eta iruditu zaio «esperientzia dibertigarria» izan dela: «Polita izan da museoko jendearekin lanean aritzea. Garrantzitsua da dibertitzea eta desiratzen jarraitzea».

'Baluarte 1, 2 ,3 ,4 ,5' lana,

Alberto Diez eta Leo Burge artisten 'Baluarte 1, 2, 3, 4, 5' lana, Bilboko Itsasmuseumeko kaian, 2013an. ITSASMUSEUM

Orain arte hamar edizio egin dituzte. Pluraltasuna izan dute bai alderdi formalari bai landutako gaiei dagokienez, ikuspegi eta eduki sorta zabala hartu baitute. «Irabazi duten lan guztietan ibilbide bisual bat planteatzen du erakusketak, horietako bakoitzaren irudi eta maketekin, baita proiektu bakoitzaren azalpen labur batekin ere», Ruigomez Bilboko Itsasmuseumeko zuzendariak azaldutakoaren arabera. Hori guztia katalogo batean islatu dute.

«Polita izan da museoko jendearekin lanean aritzea. Garrantzitsua da dibertitzea eta desiratzen jarraitzea»

LEYRE ARRAIZALehiaketaren azken edizioko irabazlea

Lehiaketa abian jarri zenetik, 2020an soilik eten behar izan dute, COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Bederatzigarren edizioan, 2021ean, museoaren hogeigarren urteurrenaren harira, itsasadarreko ondare immaterialari buruzko Mareen arteko bizitza erakusketa antolatu zuten, Getxoko Punta Begoña fundazioarekin izandako lankidetzari esker: portuetako edukiontziak erabili zituzten, itsas eta industria ondareari lotutako lanbideak bistaratzeko.

Camino Sirga 1
Xabi Dobaran eta Maria de Viana artisten 'Zirgarien bidea' lana, 2017an, Itsasmuseumen. ITSASMUSEUM

2014an, berriz, Bilboko Udalak bat egin zuen proiektuarekin, Bilbo Ekintza sozietatearen bitartez, hiribilduan sormen industrien sektorea ikusarazi, balioetsi eta bultzatzeko asmoz. «Bilbok diseinuaren eta sormenaren aldeko apustua egiten du, eta halaxe egingo du aurrerantzean ere», esan du Javier Garcinuño Bilbo Ekintza sozietateko zuzendariak. Hala, 2024tik, Unescoren Hiri Sortzaileen Sareko kide da Bizkaiko hiriburua.

Itsasoa inspirazio iturri

Ruigomezek aipatu duenez, kalitatea ona izan da edizio guztietan: «Edizio guztietan hautatutako lanek kalitate eta aniztasun artistiko handia izan dute». Izan ere, gaiei dagokienez, lehiaketara aurkeztutako proiektuak «oso anitzak» izan dira. Haietako batzuk esperientzia artistiko garaikidean oinarritu dira, eskulturaren printzipioak eta esperientzia murgiltzailea aztertzeko grinaz, hala nola Baluarte eta greentoblue.4<3. Beste batzuk kontzeptualagoak izan dira, eta beste elementu batzuk izan dituzte oinarri; besteak beste, industrializazioa —All iron—, itsasoan egindako bidaia introspektibo baten paisaia —Paperezko Itsasontzia—, desioak —Edukia, edukia— edota iraunkortasuna —Plastikozko itsasoak—.

«Bilbok diseinuaren eta sormenaren aldeko apustua egiten du, eta halaxe egingo du aurrerantzean ere»

JAVIER GARCINUÑOBilbo Ekintzako zuzendaria

Zirgarien bidea eta Izena daukaguartelanen bitartez, berriz, itsasadarreko eta itsasoko emakume langileei aitortza egin zieten. Eta #LanBikaina obrak Bilboko Euskalduna ontziolako langileak omendu zituen. 

10 urtez artea edukiontzietan erakusketaren bitartez, Itsasmuseumekin lankidetzan aritu diren artistei aitortza egin nahi izan diete, eta sarituak izan diren obra guztiak bildu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.