«Gastu soziala lehenesten» duen 1.806,6 milioi euroko aurrekontu bat ondu du Bizkaiko Diputazioak

Aurten baino %5 diru gehiago izango dute foru sailek. Besteak beste, Etxetic zentro berriak zabalduko dituzte, azpiegitura handien obrekin jarraituko dute, metroa berritzen hasiko dira, eta Bizkaibusen zerbitzua indartuko dute landa eremuan.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urriaren 30a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datuak onak dira: Bizkaiko Foru Aldundiak 1.806,6 milioi izango ditu datorren urtean, %5,15 gehiago. Hala ere, «adierazpen triunfalistak baztertuta» aurkeztu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak aurrekontu proiektua, «ezegonkortasunak eta kanpoan hartzen diren erabakiek zuzenean eragin» dezakete-eta Bizkaian. Dirua banatzerakoan zer lortu gura izan duten azaldu du: «Zatirik handiena babes eta kohesio sozialera, jarduera ekonomikora eta enplegura, garraio publikora eta lurralde kohesioa indartzera bideratuko ditugu». 

Diputazioa osatzen duten bederatzi sailek 88 milioi gehiago izango dituzte eskura, eta, Etxanobek nabarmendu duenez, horietatik 47 milioi Gizarte Ekintza Sailak jasoko ditu. Horri Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren dirua gehituta, aurrekontuaren erdia baino gehiago gizarte politiketara bideratuko dela azpimarratu du. «Pertsonen eta kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko aurrekontua da hau, gastu soziala lehenesten duena», esan du ahaldun nagusiak.

Datorren urtean zahar etxeen eredua aldatzen jarraituko dute, bizikidetza unitate gehiago sortuta. Durangon eta Markina-Xemeinen Etxetic zentro berriak zabalduko dituzte, eta Getxoko belaunaldi arteko zentroa eraikitzen bukatuko dute. 

bere jabetzako orube bat urbanizatuko du diputazioak loiun, 279 etxe eraikitzeko

Batzar Nagusietako iazko politika orokorreko eztabaidan hartutako konpromisoari jarraituz, diputazioak eraiki daitekeen lekuetan zer lursail dituen aztertu du. Datorren urtean horietako bat urbanizatzen hasiko da, eta horretarako hiru milioi euro gorde dituzte aurrekontu proiektuan. Zehazki, orubearen erdia da diputazioarena. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak kontatu du Loiun dagoela, Hariztondo Txiline sektorean, eta 279 etxe eraikitzeko aukera emango lukeela; horietatik 65 babes ofizialekoak izango lirateke. Hala ere, gogoratu du diputazioa ez dela izango eraikuntza lanak sustatuko dituena, uste baitu eskumen hori Jaurlaritzarena eta udalena dela. 

Etxanoberen ustez, «mugikortasunaren legealdia» da hau, hori izan delako bera buru duen foru gobernuaren «lehentasunetako bat». Datorren urtean hasiko da Bilboko metroaren lehen eta bigarren lineetako trenak berritzeko inbertsioekin, eta baita laugarren linearen proiektuarekin ere. Bizkaibus berritze prozesuan dago, baina, bien bitartean, hamalau milioi euro erabiliko dituzte datorren urtean Enkarterrin, Lea-Artibain eta Busturialdean zerbitzua hobetzeko. 

Ahaldun nagusiak ziurtatu du garraioa ezinbestekoa dela lurralde kohesioa lortzeko, baina beste neurri batzuk ere aipatu ditu. Nabarmendu du ezinbestekoa dela udalak laguntzea herrietan zerbitzuak eskaini ahal izan ditzaten. Horregatik, landa errepideak mantentzeko, kirol azpiegiturak zaharberritzeko eta ur hornidura sarekoak hobetzeko laguntzak jasoko dituzte. Egitasmo zehatzagoen artean, hauek azpimarratu ditu: Gernika-Lumoko merkatu plaza berritzeko proiektua, eta Karrantzan sikate aldietan ur hornidura bermatzeko badaezpadako dirua.

aurrekontua, sailka

  • Ingurune Naturala eta Nekazaritza. 80,8 milioi euro (+%2,3). 
  • Gizarte Ekintza. 813,9 milioi euro (+%5,8).
  • Euskara, Kirola eta Kultura. 73,1 milioi euro (+%3,7).
  • Ogasuna eta Finantzak. 75,1 milioi euro (+%7,8)
  • Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa. 231,7 milioi euro (+%4,1).
  • Herri Administrazioak eta Erakunde Harremanak. 98,9 milioi euro (+%9,4).
  • Ekonomia Sustapena. 83,4 milioi euro (+%2,4)
  • Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna. 92,4 milioi euro (+%4,1).
  • Azpiegiturak eta Lurralde Garapena. 257,1 milioi euro (+%2,5).

Foru errepideen mantentze lanerako 106 milioi euro erabiliko ditu diputazioak. 10,5 milioi euro gorde dituzte urtarriletik aurrera bidesarietan ezarriko duten gehienezko 35 euroko tarifa finantzatzeko. Itsasadarreko tunela eraikitzen jarraituko dute, Ermuko saihesbidea eta bidegorri berriak. All Iron zubia eta Markina-Xemeingo saihesbidea bukatuko dituzte.

Ingurumen arloan, mendi sailak erosiko dituztela iragarri du Etxanobek, espezie autoktonoak landatzeko. Ekintzailetza, berrikuntza, lehiakortasuna, digitalizazioa eta deskarbonizazioa lagunduko dituzte ekonomia arloan. 3,4 milioi euro inbertituko dituzte Zornotzako Automotive Intelligence Centerreko bosgarren faseari ekiteko, eta bi milioi Abantoko Energy Intelligence Centerreko bigarren fasea hasteko. 

Bizkaiko museoen sareak 25 milioi euro jasoko ditu. Euskararen erabilera sustatzeko programetara bederatzi milioi euro bideratuko dituzte; besteak beste, Bizkaian Bagara eta Etorri Barriak programak finantzatzeko erabiliko dira.

9.758

 

Beste erakundeei eman beharreko milioi euroak. Bizkaiak, guztira, 12.110 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino %7 gehiago. Hala ere, 9.758 milioi beste erakundeei eman beharko dizkie diputazioak: 7.648,3 milioi, Eusko Jaurlaritzari; 761,3 milioi, Espainiako Estatuari (kupoa); 1.337,8 milioi, Bizkaiko 113 udalei; eta 11 milioi, Bizkaiko Batzar Nagusiei.

Etxanobek bere gobernuak ondu dituen azken aurrekontuen zertzelada batzuk aurreratu ditu. Datorren astean hasiko dira diputatuak nor bere saileko zehaztasunak azaltzen. Ahaldun nagusiak gogoratu du foru gobernuak gehiengo osoaren babesa duela herrialdeko parlamentuan, baina gainontzeko alderdiekin negoziatzeko prest agertu da. Politika orokorreko bilkuran oposizioari esandakoa errepikatu du: «Bizkairako ona bada, prest gaude adosteko». Hala ere, aitortu du Espainiako hauteskunde kanpaina hastear eta foru bozetarako sei hilabeteren faltan ez dela erraza izango. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA