‘Gernika’ Gernikara eroateko eskatu du alkateak

Frankistek 36ko gerra irabazi zuteneko 87. urteurrenean, Jose Maria Gorroñok «bakearen aldeko mezua» plazaratu du.

Pablo Picassoren 'Gernika' koadroa Gernika-Lumora eroateko eskatzen duen murala, herrian bertan. BERRIA
Pablo Picassoren 'Gernika' koadroa Gernika-Lumora eroateko eskatzen duen murala, herrian bertan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 1a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dagoeneko 45 urte igaro dira Pablo Picassoren Gernika koadroa New Yorketik Madrilera eroan zutenetik. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko (Bizkaia) alkatearen ustez, «bada garaia» margolana izena ematen dion herrian egoteko. Azken egunetan, koadroa Bilbora eroateko eskatu du Eusko Jaurlaritzak, eta, horren harira, Gorroñok esan du Gernikan egon beharko lukeela. 

Gaur 87 urte bete dira tropa frankistek 36ko gerra irabazi zutenetik. Garaipenaren egun legez ospatu izan zuen Francisco Francoren erregimenak, eta, efemeridea aprobetxatuta, Gernikako alkateak «bakearen aldeko mezua» plazaratu gura izan du. Horretarako, Gerrarik ez dioen pankarta bat ipini du udaletxeko balkoian.

Gorroñoren esanetan, Gernika «bake eta adiskidetze herria» da. «Indarkeria gaitzesten dugula adierazi nahi dugu, biktimen aldeko kontzientzia sortu, eta balio demokratikoak defendatu». Gainera, alkateak gatazka armatuen ondorioez ohartarazi du, bereziki Ekialde Hurbileko egoera gogoan hartuta: «Gerrek desoreka globala sortzen dute, eta horrek gosea, pobrezia, erbestea eta heriotza dakartza munduko leku askotan». Era berean, azpimarratu du Gernikak «bakearen, adiskidetzearen eta giza eskubideen aldeko oihua» zabaldu gura duela.

Gernika-Lumoko Udalak apirilaren 26an inauguratuko duen 'Bakerako atea' eskultura zelan geratuko den erakusten duen irudia. GERNIKA-LUMOKO UDALA
Gernika-Lumoko Udalak apirilaren 26an inauguratuko duen 'Bakerako atea' eskultura zelan geratuko den erakusten duen irudia. GERNIKA-LUMOKO UDALA

Apirilaren 26an 89 urte beteko dira Alemaniako gerra hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Eraso hartan 1.600 lagun baino gehiago hil zituzten, eta herriaren %85 baino gehiago suntsitu. Efemeridea gogoan hartuta, Gernika-Lumoko Udalak eskultura bat inauguratuko du apirilaren 26an, San Juan Ibarra plazan: Bakerako atea. Corten altzairuz eginda egongo da, eta hormetan «Memoria Demokratikoaren Lekua» edukiko du idatzita. «Herri honek jasan zuen iragana ez ahaztea da kontua, eta, horretaz gain, bakerako begirada izatea», adierazi du Gorroñok.

Pieza berria Nestor Basterretxearen Suak eragindako agonia eskulturatik hurbil egongo da; hain zuzen, 1937ko erasoan lehen bonba erori zen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA