Gorbeiako haizearekin borrokan

Gaur 125 urte bete dira Gorbeiako lehen gurutzea inauguratu zutenetik. Hilabetera bota zuen eguraldi txarrak. Bigarrenak ere ez zuen lortu hiru urte zutik irautea. Hirugarrenari oraintsu sendotu dizkiote oinarriak, erori ez dadin.

Gorbeiako egungo gurutzea, artxiboko irudi batean. IÑAKI GARCIA URIBE
Gorbeiako egungo gurutzea, artxiboko irudi batean. IÑAKI GARCIA URIBE
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko azaroaren 12a
06:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorbeiako lehen gurutzea izan zen ibilgailuz iritsi ezin zitekeen mendi batean zegoen mundu osoko gurutzerik handiena. Gaur, azaroak 12, 125 urte dira inauguratu zutela. Oinetako bi Zeanurin zituen, Bizkaian, eta beste biak Zuian, Araban. Baina justu hilabete eutsi zion zutik: 1901eko abenduaren 12an Bizkaiko alderantz erori zen. Iñaki Garcia Uribe etnografoaren esanetan, gau gogorra izan zen: «Gasteizen Zadorrak eta Bilbon itsasadarrak gainezka egin zuten. Bilboko Areatzako Gabonetako postutxoak ere eroan zituen uriolak. Gorbeian elurra gogotik egin zuen, eta gurutzean pegatu zen. Egunsentian izotz bihurtu zen, pisutsu. Haize bortitzak jotzen zuen, eta gurutzea kulunkatzen hasi zen. Bizkaiko parteko ezkerreko oina hautsi zitzaion, eta piezak maldan behera joan ziren».

Ideia urte batzuk lehenago sortu zen, Erroman. 1900eko jubileua ospatzeko, Leon XIII.a aita santuak eskatu zuen munduko mendi garaienetan Kristo Salbatzailearen irudiak ipini zitezela. Garcia Uribek kontatu duenez, Alpeetan hogei jartzeko asmoa zuten, baina azkenean lau baino ez ziren izan, proiektu zaila eta garestia zelako. Horregatik, gurutzeak ipintzeari ekin zioten. Garcia Uribek ez daki gurutzea Gorbeian jartzeko proposamena nork egin zuen, baina bultzatzaile nagusietako bat Zeanuriko seme eta herriko abade Juan Bartolome Alzibar izan zen.

ospakizunak gaur, Gorbeian eta Zeanurin

Gaur, 12:00etan, 125. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egingo dute Gorbeiako gurutzearen oinetan bertan, eguraldiak modua ematen badie. Besteak beste, hildako mendizaleak omenduko dituzte. Arratsalderako, Zeanuriko Udalak beste ekitaldi bat antolatu du: kultur etxean egingo dute, 19:00etan. Gurutzea eraikitzeko prozesua gogoratzeko hitzaldi labur bat izango dute lehenengo, eta, ondoren, bultzatzaile nagusien biografia azalduko dute: Juan Bartolome Alzibar orduko Zeanuriko parrokoa, Casto Zabala arkitektoa eta Serapio Goikoetxea gurutzea eraiki zuten fabrikako ugazaba. Ekitaldian hiru horien senideak egongo dira, Zeanuriko eta Zuiako egungo parrokoak eta udal bietako ordezkariak.

Jon Urutxurtu historiazalearen esanetan, Alzibarri buruzko datu gutxi daude. 1846ko abuztuaren 24an jaio zen, San Bartolome egunean, hamar neba-arrebako familia batean. Gasteizko seminarioan ikasi zuen, eta 1870ean apaiztu zen. Sevillan, Orozkon eta Elantxoben ibili ondoren, sorterriko parrokiara bidali zuten 1880an. 1906ko apirilaren 17an hil zen, behin betiko gurutzea ezagutu barik.

«Haize bortitzak jotzen zuen, eta gurutzea kulunkatzen hasi zen. Bizkaiko parteko ezkerreko oina hautsi zitzaion, eta piezak maldan behera joan ziren»

IÑAKI GARCIA URIBE Etnografoa

XX. mende hasiera hartan Bilboko Elizbarrutia sortu barik zegoen, eta Gasteizko gotzainaren ardurapean zegoen Bizkaia ere. Beraz, hango gotzaintza hasi zen proiektua ezagutarazten eta dirua biltzen. Zeanuriko eta Zuiako udalek ere lidergoa hartu zuten.

Casto Zabala Ellakuriaga elorriarrari enkargatu zioten diseinua. Hutsetik hasi behar izan zuen. «Ez zuen beste eredurik», esan du Garcia Uribek. Agian horregatik egin zuen huts lehen saio hartan. Barakaldoko Udalaren arkitektoa zen, eta Barakaldon bertan eraiki zituzten gurutzea osatuko zuten piezak: Lutxanako Nuestra Señora del Rosario tailerretan. Serapio Goikoetxea Barakaldoko alkatearena zen. Handik, trenez eroan zituzten Arabara. Lehenengo, Santurtzi-Bilbo lineatik, Lutxanako geltokitik Abandokora; ondoren, Bilbo-Lizarra lineatik, Izarrakora (Urkabustaiz, Araba).

Gorbeiako lehen gurutzea, 1901eko azaroan. LASKARAI FAMILIAK ETA IÑAKI GARCIA URIBEK UTZITAKO ARGAZKIA
Gorbeiako lehen gurutzea, 1901eko azaroan. LASKARAI FAMILIAK ETA IÑAKI GARCIA URIBEK UTZITAKO ARGAZKIA

Aiaraldeko bizilagunak idi gurdiekin egoten ziren han itxaroten. «Lan gogorra zen. Hamalau ordu behar izaten zituzten tontorreraino igotzeko. Gainera, Gorbeia Bizkaia aldean urtsua da, baina Arabako partean ia ez dago iturririk, beraz, animalientzako jan-edana ere eroan behar izaten zuten», kontatu du etnografoak.

Goikoetxearen tailerreko hiru behargin arduratu ziren gurutzea muntatzeaz. Baldintzak gogorrak izan ziren: ez zuten ez hotzari aurre egiteko arropa egokirik, ez lotarako zakurik. Eta lana ere ez zen erraza izan, Garcia Uribek kontatu duenez: «Garai hartan Espainiako Estatuan oraindik ez zen soldatzen. Errematxe beroekin lotu behar izan zituzten piezak, 20, 25 edo 30 metroko garaieran». Izan ere, lehen gurutze hura 33 metro zen garai, tradizioaren arabera Jesu Kristok gurutzean hil zutenean zituen urteak beste.

Eguraldia, beti traba

Goikoetxeak agindu zuen irailaren 14rako amaituko zituztela obrak, egun horretan ospatzen duelako Elizak Gurutze Santuaren jaia. Baina ez zuen hitza bete. Urutxurturen esanetan, urte hartako azaroaren 12a ere egun hotza izan zen. Hala ere, jendetza elkartu zen Gorbeian. Areatzako komentuko mojek apaindu zuten ingurua. «Eguraldi txarra zela eta, ezin izan zen aurreikusitako inaugurazio programa osorik bete. Zeanuriko parrokoak gurutzea bedeinkatu zuen. Ondoren, Daniel Baertel aita frantziskotarrak hitzaldi labur bat egin zuen, tontorra baino beherago jarrita zegoen oholtzara igota; lehenik euskaraz eta gero gaztelaniaz». Eguraldiagatik meza bertan behera utzi behar izan zuten, eta erabaki zuten hurrengo urteko uztailean egingo zutela merezi zuen inaugurazioa.

Baina gurutzeak ez zuen iraun. Zaharraren pieza batzuk aprobetxatuta eta berri batzuk sortuta, diseinu berari jarraituta eraiki zuten bigarren gurutzea. 1903ko urriaren 1ean inauguratu zuten. Aurrekoak baino gehiago iraun zuen, baina, hiru urte baino lehen, 1906ko otsailaren 12an erori egin zen hura ere, berriro eguraldi makurrari aurre egin ezinik. Gutxi dira urtean Gorbeiako haizeak jotzen ez duen egunak.

Begoñako Amaren irudia, Baskoniaren mende erdia ospatzeko

Bere 50. urteurrena ospatzeko, Basauriko Baskonia mendi taldeak Begoñako Amaren irudi bat ipini zuen Gorbeiako gurutzepean, 1963ko ekainaren 23an. Vicente Larreak egin zuen, harriz; 60 zentimetro zen garai, eta 40 kiloko pisua zuen. 1966an burua falta zuela agertu zen, eta berria egitea erabaki zuen Baskoniak, brontzezkoa. 1967ko ekainaren 25ean ipini zuten. Gero ere sufritu ditu eraso gehiago, eta azken urteetan Ama Birjinaren koroa mendi taldearen lokaletan egoten da gordeta, eta egun berezietan baino ez diote ipintzen. Lehen irudia ipini zuteneko urteurrena gogoratzeko, Baskoniakoek mendi martxa egiten dute urtero ekainean; Basauritik Gorbeiara joaten dira, gauez. 

Birritan porrot egin ondoren, hirugarren gurutzea beste era batera diseinatu zuten. Hasteko, hamalau metro kendu zizkioten, eta kurbadura sakonagoa eman zioten. Garcia Uriberen ustez, Eiffel dorrea hartu zuten eredu: «Parisko dorrea txikitzen baduzu, Gorbeiako gurutzea lortuko duzu». Ez dago argi noiz ipini zuten. «Aurrekoekin gertatutakoak lotsatuta, badirudi ez ziotela propagandarik egin nahi izan». 1909tik 1912ra bitartean izan zen, 1912koa baita oraingoz topatu den lehen aipamen idatzia.

«Eguraldi txarra zela eta, ezin izan zen aurreikusitako inaugurazio programa osorik bete. Zeanuriko parrokoak gurutzea bedeinkatu zuen. Ondoren, Daniel Baertel aita frantziskotarrak hitzaldi labur bat egin zuen, tontorra baino beherago jarrita zegoen oholtzara igota»

JON URUTXURTU Historiazalea

Gaur egun, pentsaezina litzateke inor ohartu ez izatea, baina garai hartan oso jende gutxi joaten zen mendien tontorretara. Artzainak ere ez: Orozkokoek Sastegin eta Aldamiñapen zituzten saroiak. Euskal mendizaletasuna oraindik antolatzeko zegoen. 1912ko urriaren 12an sortu zuten lehen mendi taldea, Bilboko Club Deportivon. Gero sortu ziren Basauriko Baskonia eta Bilboko Aldats Gora eta Bilbao Alpino Club. «Horiek dira gaur egun Euskal Herrian ehun urtetik gora dituzten mendi talde bakarrak», nabarmendu du Garcia Uribek.

Gorbeiako gurutzea, Bizkaiko eta Arabako diputazioek egin berri dituzten egonkortze obrak bukatutakoan. IÑAKI GARCIA URIBE
Gorbeiako gurutzea, Bizkaiko eta Arabako diputazioek egin berri dituzten egonkortze obrak bukatutakoan. IÑAKI GARCIA URIBE

Club Deportivokoek Gorbeia aukeratu zuten lehen irteerarako; taldea sortu eta biharamunean joan ziren. «Bizkaiko Everest zen, herrialdeko mendirik garrantzitsuena. Euskal Herriko herrialde guztientzat da beren mendi garaiena garrantzitsua, baina Gorbeiak badu aparteko magia bat, elezaharrek eta usadioek emandakoa», azaldu du etnografoak. Gurutzearen oinetan egin zuten lehen argazkia, eta harrezkero hainbat mendizale belaunaldik beste horrenbeste egin dute. Arratiako, Orozkoko eta Aiaraldeko herritarrentzat ere ikur bihurtu da.

Hirugarren gurutzeak zutik dirau oraindik, baina makalik egon da. Oinarrietako bi ia airean izan ditu. Horregatik, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek egonkortze lanak egin berri dizkiote. Hormigoizko eraztun bat ipini diote beheko aldean. Garcia Uriberi gustatzen zaio zelan geratu den, batez ere, ezinbestekoa izan delako gurutzeak zutik jarraitu ahal izateko. Hala ere, aitortu du mendizale batzuek kritikatu egin dutela, oinarriagatik txikiagoak diruditelako bai gurutzeak, bai azpian duen Begoñako Amaren irudiak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA