Gueñesko eta Galdamesko Udalek alegazioak aurkeztu dituzte Solariaren argindar linearen aurka

Solariak ibilbidea moldatu du alternatiba berri batean, linearen zatirik handiena lurpetik joan dadin. Udalek uste dute horrek ez dituela kalteak txikituko.

Goi tentsioko argindar dorre bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Goi tentsioko argindar dorre bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 2a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrak eta erakundeak aurka zeudela ikusita, Solariak moldatu egin gura du Arabako eguzki plakekin sortutako argindarra Bilboko portura eroango duen goi tentsioko linearen ibilbidea. Linearen %75 lurperatzea proposatu du orain, eta horretarako apur bat egokitu du trazadura. Baina, hala ere, proiektuak sortutako kezka ez da desagertu. Dagoeneko Gueñesko eta Galdamesko Udalek alegazioak aurkeztu dituzte enpresaren proposamen berriaren aurka. Otsailaren 16tik dago zabalik horretarako epea, eta espero da datozen egunetan udal eta eragile gehiagok ere aurkeztuko dituztela, Bizkaikoek zein Arabakoek.

Trazadura berriaren arabera, argindar linea Gordexolatik sartuko litzateke Bizkaira. Hegoaldetik iparraldera zeharkatuko luke udalerria. Ondoren, Gueñes zeharkatuko luke; besteak beste, Eretza menditik igaroko litzateke, lurpetik. Handik Galdamesko lurretara pasatuko litzateke, Castaños auzotik sartuta. Tojo gainaren hegoaldeko magalean lurperatuko lukete linea, eta hala jarraituko luke ipar-ekialderantz, Peñas Negras, Arbaltzaga eta Peñaslargas gainetatik gertu doan mendi bide batekiko paraleloan. Trianoko mendietan Abantorako bidea hartuko luke, eta Zierbenan Bilboko portura ailegatuko litzateke. Guztira, 31 kilometro izango ditu Bizkaian.

Galdamesko Udalak salatu du bigarren alternatiba honetan iaz aurkeztutakoan baino kilometro gehiago egingo dituela lineak beren udalerrian, eta gainera, lehenengoan baino gehiago egingo ditu airetik. Beraz, iruditzen zaie kaltea handiagoa izango dela. «Energia garbien aldeko politikek ezin dituzte kalteak eragin biodibertsitatean; ezin dituzte lehen sektoreak erabiltzen dituen nekazaritza eta basogintza eremuak suntsitu», ohartarazi du udalak alegazioen berri emateko oharrean. Gaineratu du argindar ekoizpena tokian tokiko kontsumora egokitu behar dela eta proiektu honen helburua ez dela hori. Gueñesko Udalak ere berretsi du «landa ingurunea eta natura ondarea errespetatuko dituen eredu energetiko baten aldeko apustua» egiten duela, eta «Enkarterriko eta Gueñesko errealitatetik urrun dauden proiektu espekulatiboen aurka» jarraituko duela.

Lur mugimendu handiak

Udalek ohartarazi dute linea lurpetik joateak ez duela kaltea gutxitzen. Azpimarratu dute lurperatze lanek ere lur mugimendu handiak eragingo dituztela eta, gainera, linea mantentzeko azpiegiturak berdin-berdin eraiki beharko direla. Kezka agertu dute, gainera, ibilbide berria Trianoko mendietako biotopo babestutik gertuago pasatuko delako. Inguru hartan babes berezia duten hainbat espezie bizi dira, eta alegazioak prestatu dituzten teknikariek uste dute proiektuak arriskuan ipiniko lituzkeela. Gainera, salatu dute bigarren alternatiban ez direla kontuan hartu proiektuak eragingo dituen kalte kultural eta arkeologikoak.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak kudeatzen ditu baimenak. Martxo erdialdean bukatuko da alegazioak aurkezteko epea, eta orduan saileko industria arlokoek ingurumenekoei pasatuko diete, azter dezaten ea ingurumen baimen bateratua eman diezaioketen ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.