Solariaren aurkako herri alegazioen kanpaina bat abiatu dute Araban

Gorbeialdea Defendatu elkarteak enpresaren Zierbena makroproiektua gaitzetsi du, eta planta fotovoltaikoen aurkako alegazioak aurkezteko kanpaina abiarazi. Gaubeako biztanleak ere proiektuen aurka mobilizatuko dira.

Gaubean Solariaren aurka egindako protesta, atzo. HORRELA EZ
Gaubean Solariaren aurka egindako protesta, atzo. HORRELA EZ
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 2a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilean jakin zen aurretik jada Araban planta fotovoltaiko ugari egiteko proiektuak zituen Solaria enpresak Zierbena Solar izenaz bataiaturiko makroproiektua eraiki nahi duela lurraldean. Hemeretzi zentral eraikitzea ekarriko luke proiektuak, eta Arabako hamahiru udalerriri eragingo lieke. Horri aurre egiteko, elkarte ekologista eta herri plataforma ugarik arbuioa adierazi zuten, eta azken egun hauetan Solariaren proiektuen aurkako mobilizazio eta ekimen ugari egin dira. Arabako iparraldeko Gorbeialdea Defendatu plataforma izan da ekintza nabarmenena antolatu duena: herri alegazioen kanpaina bat abiarazi du, herritarrek aurkako alegazioak aurkeztu diezazkioten eskualdeari eragingo dioten Solariaren proiektuei.

Elkartearen arabera, Zierbena Solar makroproiektuaren baitan eraikitzekoak diren proiektuek «1.998.560 plaka eta 121 kilometroko goi tentsioko linea» eraikitzea eragingo lukete, eta 1.200 hektareako hedadura hartuko lukete, gutxi gorabehera 2.000 futbol zelaik adina. Gorbeialdea Defendatuko kideen ustez, «lurraldea sakrifikatzea» eskatzen du makroproiektu horrek. Solariaren asmoei aurre egiteko, proiektuen aurkako alegazioak aurkezteko kanpaina abiarazi dute. Herritarrei prozesua errazteko, alegazio eredua eskuragai jarri dute haien web orrialdean, eta helegiteak biltzeko lekuak ipini dituzte Urkabustaizen, Zigoitian eta Zuian, sinaturiko alegazioak jaso eta aurkezteko.

Alegazioaren ereduan irakur daitekeenez, elkarteak proiektuen aurka erabili duen argudio nagusia «iruzurrezko zatiketa» da, hots, makroproiektu bat proiektu txikiagoetan zatitzea, administrazio baimenak errazago lortzeko. Izan ere, Zierbena Solar osatzen duten hemeretzi plantak makroproiektu bakarraren parte direla diote elkartekoek, eta, hortaz, Solariak «lege iruzurra» egiten duela proiektu horiek banan-banan tramitatzen saiatuta. 50 megawatt gainditzen dituzten proiektu berriztagarriak Espainiako administrazioak kudeatzen ditu, eta gutxigatik 50 megawattera iristen ez diren proiektuetan zatikatu dute proiektua, gestioa EAEko administrazioak egin dezan.

Bestalde, nekazaritza lurren galera eta proiektuek izango luketen ingurumen inpaktu negatiboa ere aipatu dituzte aurkako arrazoi gisa, baita tokiko itzulera ekonomiko eta energetiko falta ere, plantek sorturiko energia Solariak Zierbenan (Bizkaia) duen plantara eramango bailukete.

Mobilizazioak Araban

Alegazio kanpaina ez da Gorbeialdea Defendatuk aurkeztu duen iniziatiba bakarra, otsailaren 8rako mobilizaziora deitu baitute, Zuiako (Araba) udaletxearen aurrean, Solariaren proiektuari arbuioa adierazteko. Eguerdiko 12:00etan dira elkartzekoak, Solaria Ez lelopean, Zierbena Solar makroproiektua bertan behera uzteko eskatzeko.

Alta, Gorbeialdea ez da Solariaren aurka mobilizatu den eskualde bakarra. Mendebalderago, Gaubea (Araba) udalerrian, kontzentrazioa egin zuten atzo herritarrek Gaubeako azokaren eraikinaren aurrean, Horrela Ez elkarteak deituta. «Arabako Haranak ez daude salgai» lelopean, proiektuei arbuioa erakutsi zieten, iruzurrezko zatikatzea eta nekazaritzari eta ingurumenari egindako kaltea argudiotzat hartuta haiek ere.

Gainera, salatu dute Solarian kargudunak izandako pertsonek orain Eusko Jaurlaritzan eta Arabako Foru Aldundian kargu publikoak dituztela: «Alvaro Saenz Energiaren Euskal Erakundeko Proiektu eta Berrikuntza zuzendari izendatu dute, eta Borja Garcia Otxoa, gaur egun, Araba Garapen Agentziako zuzendaria da», elkartearen hitzetan. Azken horri leporatu diote Gaubean erosteko lursailen bila ibiltzea, Solariaren proiektuen mesedetan. Solariaren aurkako mobilizazioetan parte hartzera dei egin diete eskualdeko biztanle eta eragile guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.