Orain dela hamar urte sortu zuten Bilboko Photobat elkartea, BBK argazki elkartearen desagerpenak utzitako hutsuneari erantzuteko. Begoña Guillen da (Amurrio, Araba, 1963) elkartearen lehendakaria gaur egun, eta, haren gidaritzapean, Photobatek argazki zaletasuna eta sormena bizirik mantendu ditu hainbat egitasmoren bidez. Hamar urte horietan egindako ibilbidea ospatzeko, erakusketa ibiltari bat antolatu dute: Bizkaia objektiboan. Bilboko Santutxu auzoko udaltegian dago, hilaren 30era arte.
Photobat elkarteak bete al du orain hamar urte sumatu zenuten hutsunea?
Bai, zalantzarik gabe; gainera, guztiz ase du. Izatez sortzaile diren kideak beste elkarte batetik etorri ziren, haiena desagertu egin zelako: BBK argazki elkartea. Horregatik, hutsune bat nabaritu zen. Jendeak argazkilaritzan jarraitu nahi zuen. Ni garai hartan ez nintzen elkartean, baina orduko kideek esaten dute duela hamar urte umezurtz bezala geratu zirela. Argazki taldea beharrezkoa zen; beraz, sortu egin zuten.
Nolakoa izan da argazkilaritza analogikotik digitalera pasatzeko prozesua?
Halabeharrez uztartu ditugu mundu analogikoa eta digitala. Kide bakoitzak ahal izan duen moduan eta momentuan eman du digitalizaziorako pausoa. Argi dago teknologia gurdi bat dela, eta nahitaez igo behar izan dugu horretara. Guztiok asko ikasi dugu, edizio programa berri asko sortu dira, eta teknologian aldaketa asko gertatu dira denbora gutxian; denak aurrera egin du, baita guk ere. Denok pasatu gara kamera digitalak erabiltzera, nahiz eta taldean analogikoaren nostalgiko batzuk ditugun eta oraindik ere kamera zaharrak erabiltzea gustuko duten; haiek dagoeneko lan gutxi egiten dituzte, baina ez dute guztiz baztertu.
«Argi dago teknologia gurdi bat dela, eta nahitaez igo behar izan dugu horretara»
Zer behar da Photobateko kide izateko?
Izena ematearekin nahikoa da, elkartean mundu guztia onartzen dugu eta. Ez da argazkilaritzako ezagupen minimorik izan behar, baina inplikazioa eta zaletasuna ezinbestekoak dira. Gure artean, maila desberdineko argazkilariak daude, eta elkarren artean ikasi egiten dugu. Argazkiak egiteko bizi gara, eta argazkilaritzaren inguruko arlo guztiak gustatzen zaizkigu; beraz, argi dago zaletasuna behar dela. Eskatzen dugun gauza bakarra zera da: kamera batekin argazkiak ateratzea. Ez dugu baztertzen sakelakoaren erabilera, baina hori ez da gure helburua. Guk kamerak erabiltzen ditugu.
Sare sozialek argazkien kontsumo azkarra ekarri dute. Nolako harremana dute argazkilaritza tradizionalarekin?
Batzuek uste dute argazkilaritza tradizionala desagertu egingo dela. Nik ez dut hori pentsatzen; uste dut iraungo duela. Sare sozialetan ikusten diren argazkiek bat-batekotasunari erantzuten diote: momentu jakin batean argazkia atera eta berehala sareratzen dute, gehienetan inolako ezaugarri teknikorik gabe. Aldiz, guk egiten ditugun argazkiak ezberdinak dira: konposizioari erreparatzen diogu, landuagoak daude, iluminazioa zaintzen dugu... Oro har, prestatuagoak daude, eta beste argazkilaritza mota bat da. Biak elkartu ahal dira momentu batean, arazorik gabe. Baina gure argazkiak autore lanak dira, ez sare sozialetarako sortuak.
Hamargarren urteurrenerako, Bizkaia objektiboan erakusketa prestatu duzue. Zer ikusi daiteke?
Elkarteko 31 kidek parte hartu dugu, eta askotarikoak dira irudiak; denetarik ikus daiteke. Bizkaia gai bezala hartuta, argazkilari bakoitzak beretzat adierazgarria den argazki bat aurkeztu zuen. Bizkaia azaltzen duten hainbat begirada biltzen ditu erakusketak: kaleak, zubiak, eraikinak eta mendiak, besteak beste. Nahikoa argazki berriak nahi genituen, eta denak, zuri-beltzean eginak.
«Photobateko kide izateko, ez da argazkilaritzako ezagupen minimorik izan behar, baina inplikazioa eta zaletasuna ezinbestekoak dira»
Erakusketa ibiltaria da.
Apirilaren 2an egin genuen aurkezpena, Bilboko La Bolsa eraikinean, eta bisita gidatu bat ere antolatu genuen. Erakusketa bukatzear dago: ekainaren 30a izango da azken eguna. Eta bai, ibiltaria da. Orain Santutxun dago ikusgai, hilaren 30era arte. Aurretik Castañosen, Abando eta Errekalden egon da. Horrez gain, Euskal Herriko argazkilari taldeko kideak ere bagara, eta beste argazkilaritza elkarteei ere gure lana eskaini diegu, haiek ere erakusketa ikus dezaten.
Photobatek hainbat tailer eta lehiaketa antolatzen ditu urtean zehar. Zein da arrakastatsuena?
Elkarteak antolatzen dituen lehiaketak barne lehiaketak dira; hau da, kideek baino ezin dute parte hartu. Momentuz, ez dugu beste elkarte batzuek duten gaitasuna publiko zabalarentzat irekia den lehiaketa bat prestatzeko. Agian, datorren urtera begira zerbait prestatuko dugu, baina, momentuz, barne lehiaketak soilik antolatzen ditugu. Argazkilarien federazioak antolatzen dituen euskal ligetan ere parte hartzen dugu. Horiek izan dezakete arrakastarik handiena. Bestalde, tailerrak ere prestatzen ditugu, kideek kideentzat prestatutakoak. Bazkideen artean hainbat maila daude, eta bakoitzak bere ezagutzak ditu, elkarri laguntzen diogu, eta tailerretan bakoitzak trebetasunak erakusten ditu. Gainera, irteerak ere antolatzen ditugu. Txango txikiak izan ohi dira; adibidez, mendi irteerak, egunpasak...