Hamar bizkaitarretik zortzik uste dute itsasadarreko tunelak trafikoa arintzen lagunduko duela

Bizkaiko bide sarearen kalitateari buruzko inkestan, herritarrek 7,74ko nota ipini diete diputazioak kudeatzen dituen errepideei. Herenek auto pilaketak sufritzen dituzte egunero.

Arrontegiko zubia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Arrontegiko zubia, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko martxoaren 9a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaitarren herenek auto pilaketak sufritzen dituzte egunero. Beraz, errepideetan hobetu beharrekoen artean, lehentasuna dira haientzat. Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak ez du zalantzarik: Arrontegiko zubia da puntu kritiko nagusia. «Egunero, 175.000 ibilgailu igarotzen dira handik. Bilbotik abiatuta, Bordele, [Okzitaniako] Tolosa, Bartzelona eta Madril zeharkatzen dituen arku bat irudikatzen baduzu, ez duzu halako dentsitaterik duen beste lekurik topatuko». Horregatik, «ezinbestekotzat» jo du alternatiba baten beharra, eta diputazioak badu berea: itsasadarreko tunela. Premia hori ikusten dute Ezkerraldeko, Txorierriko eta Bilboko biztanleek ere, diputazioak eskatuta Gizaker azterketa etxeak egin duen inkestaren arabera: 1etik 10era, 8,26, 7,75 eta 7,25, hurrenez hurren. Uribe Kostan eta Mungialdean —eskualde biak bakarrean bildu ditu inkestak— bizi direnen ustez, beharra ez da hainbesterakoa: 6,63. Alzagaren esanetan, «Getxon eta Leioan tunelaren aurkako mugimendua dagoelako» egin du behera babesak inguru horretan. Bizkaitarren %79,1ek pentsatzen dute itsasadarreko tunelak trafikoa arintzen lagunduko duela.

Herrialdeko bide sarearen kalitateari buruz azaroan egindako inkestaren emaitzetako batzuk dira. Goizean aurkeztu ditu diputatuak. Bizkaitarrek uste dute «oso ondo» daudela diputazioak kudeatzen dituen errepideak. Batez beste, 7,74ko nota ipini diote, azken urteetan ipinitakoaren parekoa. Seinaleztapena, garbiketa eta segurtasuna baloratu dituzte ondoen. Hobetu beharrekoen artean gaueko argiztapena, ingurumen inpaktua eta zoladuraren egoera aipatu dituzte. Azken horri eman diote notarik eskasena: 6,39. Alzagak esan du diputazioak «etengabe» berritzen dituela errepideen zoruak, «zuloak agertzeko itxaron gabe». «Gauero gabiltza beharrean Bizkaiko errepideren batean». Iaz, 7,5 milioi baino gehiagoko inbertsioa egin zuen arlo horretan.

Aulesti-markina errepidea, konponbide bila

Azken urteetan, Aulestiko bizilagunek hainbat protesta egin dituzte, udalerria Markina-Xemeinekin lotzen duen BI-3448 errepidea «oso arriskutsua» dela uste dutelako. Tarte batzuetan ez dago bi ibilgailu elkarren albotik pasatzeko behar besteko lekurik, kamioiak ibiltzen dira, eta bide hori hartzen dute, esaterako, eskolako garraioko autobusek. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak esan du ez daukala «konponbide errazik», ingurua kareharrizkoa baita. «Ezin dugu egin autobide bat, baina leku batzuetan errepidea zelan zabaldu aztertzen ari gara, ibilgailu bi pasatu ahal izateko».

Ordainpeko errepideez ere galdetu dute azterlanean. Hazi egin da erabiltzaile kopurua: 2023an inkestan parte hartu zutenen %48,5 ziren; oraingoan; %54,5 izan dira. Halako bideetatik gehien ibiltzen direnak Durangaldekoak eta Lea-Artibaikoak dira; kasu bietan hamarretik zortzik erabiltzen dute AP-8 autobidea. Gainera, 2023tik hiru puntu areagotu da azpiegitura horren erabilera. Gehien erabiltzen direnetan bigarrena Artxandako tunelak dira. Bilbo hegoaldeko saihesbideari dagokionez, bizkaitarren %15,5 ibiltzen dira handik, baina eskualdekako datuei erreparatu die diputatuak: Enkarterrin bizi direnen erdiek erabiltzen dute, eta Ezkerraldekoen %40k. Alzagaren esanetan, erabilerak baldintzatzen du balorazioa ere. Batez beste, 6,80ko nota ipini diote bizkaitarrek; Enkarterrin, Ezkerraldean eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdean zazpitik gorakoa eman diote, eta Busturialdean eta Lea-Artibain, seitik beherakoa. «Zilegi dira balorazio guztiak, baina gehien erabiltzen dutenek ikusten dute zer garrantzia duen haien eguneroko joan-etorrietan».

Diputazioaren beste proiektu nagusiek ere babes handia lortu dute inkestan: 8,24 Cadaguako tunelek; 8,20 Egirletako bigarren errailak; 8,13 Sollube gainean egingo diren hobekuntzek... Abantoko Las Carrerasko auzoan egingo duten saihesbidea eta Etxebarria-Markinakoa nabarmendu ditu Alzagak. Lehenengoari dagokionez, azpimarratu du inguruan haren trazaduraren aurkako mobilizazioak egin diren arren inkestan 7,74ko nota lortu duela. Bigarrenean, berriz, «deigarria» egin zaio oraindik eraikitzen ari diren azpiegitura baten kasuan herritarrek ematen dioten garrantzia txikitzea: 8,12tik 6,39ra jaitsi da 2023tik. «Pentsatzen dugu lanek inguruan eragiten dituzten oztopoengatik izango dela. Seguruenik zabaltzen dugunean nota hobea emango diote».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA