Hegoaldeko tren saihesbideak Arrigorriaga erdibituko duela salatu dute

Herritarrek proiektuaren aurkako elkarretaratzea egin dute, uste dutelako tren gehiago pasatzean zarata eta bibrazioak ere ugarituko direla. Udalak mozio bat onartu du trenbidea herrigunetik atera edo lurperatu dezatela eskatuz.

Hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren fasearen aurkako elkarretaratzea, atzo, Arrigorriagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Hegoaldeko tren saihesbidearen bigarren fasearen aurkako elkarretaratzea, atzo, Arrigorriagan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 27a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Salgaien trenak Ezkerraldeko herriguneetatik ateratzea, horixe izan da erakunde publikoek hegoaldeko tren saihesbidea eraikitzearen alde emandako argudioetako bat, baina agertu da salbuespena: Arrigorriaga alderik alde zeharkatuko dute, Espainiako Gobernuak plazaratutako bigarren fasearen azterketa informatiboaren arabera. Ezinegona sortu da herrian. Udalak presazko mozio bat onartu zuen bart iluntzean egindako osoko bilkuran, trazaduraren aurka agertzeko eta proiektuan zer esana duten erakundeei alternatiba bat bilatu dezatela eskatzeko. EH Bilduk, Arrigorriaga Gara-k eta NOAk osatutako udal gobernuak aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zuten, oposizioko taldeek ere, hau da, EAJk eta PSE-EEk ere babestu baitzuten. Bilkura amaitutakoan, ehunka herritarrek udaletxe aurreko plaza bete zuten, kezka agertzeko. Manifestaziora ere deitu dute apirilaren 19rako (13:00).

Herritarrek martitzenean izan zuten proiektuaren berri; udalak antolatutako herri bilera batean azaldu zizkieten xehetasunak. Ehun bat lagun elkartu ziren, eta beste asko aretoan sartu ezinik geratu. Arduratuta daude, egitasmoa aurrera ateratzeak herrian eragingo dituen kalteengatik. «Egunero 48 bat tren pasatuko lirateke herri erdi-erditik. Imajinatu horrek zelako kaltea eragingo lukeen herritarren bizi kalitatean», esan du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

«Egunero 48 bat tren pasatuko lirateke herri erdi-erditik. Imajinatu horrek zelako kaltea eragingo lukeen herritarren bizi kalitatean»

MAITE IBARRA Arrigorriagako alkatea

Gaur egun ere trenbideak erdibitzen du Arrigorriaga: Renferen aldiriko trenen C-3 linea handik pasatzen da. Baita salgaien trenak ere, baina tren saihesbidea martxan jartzean pasatuko diren baino askoz gutxiago. Trenen joan-etorriak gaur egun ere sortzen du zarata, eta inguruko etxebizitzetan nabaritzen dituzte bibrazioak. Trenen trafikoa handituz gero, ondorio horiek are nabarmenago bilakatuko dira. Horrek herritarren osasunari eta ingurumenari kalte egingo liokeela esan du Ibarrak, eta uste du Arrigorriagaren hedapena ere baldintzatu dezakeela. Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio proiektuari, eta herritarrak deitu ditu gauza bera egitera. Enpresa bat kontratatu dute alegazioez arduratzeko, eta, alkateak esan duenez, udalak herritarrei ere lagunduko die. «Bilatuko dugu moduren bat haiei ere bidea errazteko. Uste dut inportantea izan daitekeela dokumentu eredu bat-edo sortzea, nahi duenak alegazioak egiteko».

Hainbat urtez geldi egon ondoren, oraintsu hasi da hegoaldeko tren saihesbidea egiteko lanen lehen fasea, Bilboko portua eta Barakaldo lotuko dituena. Hain zuzen, portuko salgaiak trenez garraiatzeko eraikiko dute azpiegitura hori, beren-beregi. Lehen fasean ere piztu da gatazkarik, Barakaldoko zatia estaltzea gura dute-eta bai udalak eta bai herriko hainbat eragilek. Hain zuzen ere, trazaduraren zatirik handiena lurpetik joango da, baina Barakaldoko Gorostiza inguruan aire zabalera irtengo da, betiere eraikitzen hasi diren proiektuaren arabera. Hiriak duen birika berde bakarra da Gorostiza. Udalak auzitara jo du, inguru hartako zatia ere lurperatu dezaten. Bigarren fasearekin hasi dira orain, Barakaldotik Arrigorriagara doanarekin. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak martxoaren 3an argitaratu zuen ikerketa informatiboa. Tarte horretan ere, trenek lurpetik egingo lukete zatirik handiena, baina Arrigorriaga da salbuespena. Azterketa informatiboan jaso duten proiektuaren arabera, herri hasierara ailegatzean aire zabalera irtengo da. Ez dugu ulertzen zergatik egingo duten horrela», kexatu da alkatea

EH Bildu kritiko agertu izan da azpiegitura horren inguruan: uste du «behar ez den makroproiektu bat» dela. Koalizioko kide da alkatea, baina ez du iritzia eman. Proiektuaren alde egon edo ez, egingo bada, ondo egitea nahi dugu. Bilatu dezatela alternatiba bat: egin dezatela trenbidea herrigunetik ateratzeko saihesbide bat edo lurperatu dezatela Arrigorriagan ere», esan du Ibarrak. Bart onartutako mozioan ere eskaera hori egin diete Trantsizio Ekologikorako Ministerioari, Adifi, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako Sailari eta Euskal Trenbide Sareari. Ibarra haserre agertu da, ez delako lehen aldia erakunde horiekin gaiaz berba egiten dutena.

Kontatu duenez, Espainiako Gobernuak azterketa informatiboa argitara eman aurretik, hainbatetan elkartu izan dira, eta udalak kezka agertu izan die. «Beti esaten genien ez genuela onartuko orain egin nahi duten honen modukorik, eta, besterik gabe, erantzuten ziguten itxaroteko azterketa informatiboa argitaratu arte, gero izango genuela denbora aztertzeko eta ados ez bageunden alegazioak aurkezteko». Orain ere eskatu diete bilera Euskal Trenbide Sarekoei eta Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, trenbidea eta proiektua Espainiako Gobernuarenak diren arren, obrak Eusko Jaurlaritzak egingo ditu, bi gobernuen arteko akordio baten bidez, eta kostuak gero kupotik deskontatuko dituzte. Eusko Legebiltzarrera ere eroango dute auzia, talde parlamentarioen bitartez.

Basaurin, onuragarria

Azterketa informatiboan, proposamen bi biltzen dituzte trenbide berriak Bilbo eta Casetas (Zaragoza, Espainia) arteko Renferen linearekin bat egiteko: lehenengoan, Arrigorriagako geltokian batuko lirateke, eta bigarrenean, Ollarganekoan. Ollarganekoa ere Arrigorriagan dago, baina herrigunetik aparte, Abusu eta Basauri artean. Dena den, ministerioak Arrigorriagako geltokia hobetsi du ikerketa informatiboan. Basauritik ailegatuko litzateke trenbide berria Arrigorriagara. Eta Basaurin pozez hartu dute albistea.

Udalerri horretan lan egiten duen Sagarrak talde ekologista bat dator ministerioarekin, eta, azterketa informatiboak proposatzen dituen aukera bien artean, lehenaren alde dago; gura du azpiegitura berriak Arrigorriagako geltokian bat egitea ohiko trenbidearekin. «Aukera horren arabera, merkantziak ez dira Basauritik igaroko: tunel bidez joango dira Arrigorriagaraino. Konponbide horren bidez, orain baino tren gutxiagok zeharkatuko lukete Basauri, eta zarata txikiagoa izango litzateke, eta bibrazio gutxiago», esan du taldeak.

Sagarrak elkarteko ekologistek gogoratu dute duela hiru hamarkada hasi zirela erakundeak hegoaldeko tren saihesbideaz berbetan. Ondorioz, Basaurik hiru hamarkada egin ditu salgaien trenak herrigunetik noiz aterako dizkieten zain. Txarretsi egin dute trenbidea bi fasetan eraikitzea; bakarrean egin izan balitz, gutxiago itxaron beharko zuketen. Iruditzen zaie erakundeek errepide bidezko garraioa lehenetsi dutela urteotan, Bilbo hegoaldeko saihesbideari eta itsasadarreko tunelari lehentasuna emanda. Gainera, uste dute hegoaldeko saihesbide biak (errepidea eta trenbidea) aldi berean eraiki beharko ziratekeela, baina, ekologisten iritziz, «eraikuntza enpresen diru kutxa pribatuen errentagarritasuna bi halakotzea lehenetsi zen, pertsonen ongizatearen aurretik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!