Hostoz hosto loratu dute bertsolaritza

Sei urteren ondoren, Bizkaian egingo dute ostera ere Bertso Eguna; bihar izango da, Gernika-Lumon. Bertso eskolen kontzeptua ekarriko dute hizpidera, eta Lilibertsok eta Bizkaiko Bertsozale elkarteak egun osorako egitaraua prestatu dute.

(ID_13526025) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-01-23at14.37
Gernikako Lilibertso bertso eskolako kideak Andoni Egañarekin, urtarrilaren 12an, Gernika-Lumon, Astran antolatutako bertso afarian. LILIBERTSO
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko urtarrilaren 26a
05:05
Entzun

Urteko topaketarik garrantzitsuenetako bat izan ohi da Bertso Eguna bertsolarientzat. Sei urteren ondoren —2021ean ezohiko formatuan egin zen, pandemiagatik—, Bizkaira itzuliko da berriro: Gernika-Lumon egingo dute, bihar. Bizkaiko Bertsozale elkartea eta Gernikako Lilibertso bertso eskola buru-belarri aritu dira lanean, eta egun osorako egitaraua prestatu dute.

Aldi honetan, bertso eskolak ekarriko dituzte hizpidera, Koldo Gezuraga bertsolariak eta Lilibertso bertso eskolako kideak aurreratu duenez: «Bertso sistema honen barruan, jendea bertsora hurbiltzen duen tresna garrantzitsu bat dira bertso eskolak; gaur egungo bertsolari gehienok igaro gara bertso eskolatik». Eta, bide horretan, Lilibertsok «erantzukizun handia» izan du aurtengo Bertso Eguna prestatzen: «Ardura bat badugu, anfitrioi lanak egitea egokitu zaigu eta, baina oso gustura hartu dugu, eta oso pozik gaude emandako aukeragatik».

Zehazki, Muxikako Ariatza auzoan abiatuko da biharko eguna, 10:30ean. «Ez da nahitaez hautatutako leku bat: Euskal Herriko bertso eskola mitikoetako bat da Garriko bertso eskola, eta keinu bat egin nahi izan diegu», nabarmendu du Gezuragak. Gerora, Gernika-Lumon, Astra inguruan antolatu dute eguna. Izan ere, Astraren bueltan sortu zen bertso eskola bera. «Joan den abenduaren 24an bete ziren hamazortzi urte Astra okupatu zutenetik. Herriko kultur gabeziak bete ahal izateko okupatu zuten gune hori herriko gazteek, eta, zurrunbilo horren barruan, bertso eskola bat sortzea erabaki zuten». Hortik dator bertso eskolaren izena bera: «Zaharberritu aurreko Astran, kolore lilako gela bat zegoen, eta hortik dator izena nolabait. Hitz joko bat da. Mikel Laboaren Lili bat kantuari ere egiten dio erreferentzia».

«Ahozko komunikazio gisa, ondare bat da bertsolaritza, eta jarraipen hori sustatzea funtsezkoa da guretzat».

KOLDO GEZURAGAGernikako Lilibertso bertso eskolako kidea

Urte osoan askotariko bertso saioak eta txapelketak antolatzen ditu bertso eskolak, baina eskualdean bertsozaletasuna sustatzea ere bada Lilibertsoren helburu nagusietako bat: «Iruditzen zitzaigun urteek aurrera egin ahala Busturialdea ez zela horren bertsozalea, baina ez da horrela: jendea gustura etortzen da antolatzen ditugun saioak entzutera».

Horrez gainera, gazteak ere erakarri nahi dituzte, eta lan asko egiten dute alde horretatik: «Transmisiorik ez baldin badago, ez da jarraipenik egongo. Arte diziplina zein ahozko komunikazio gisa, ondare bat da bertsolaritza, eta jarraipen hori sustatzea funtsezkoa da guretzat».

Lilibertso eskolaz gain, gaztetxoen hiru talde dituzte: bi Gernikan eta bat Bermeon. «Lilibertsoren aurre fase moduko bat dira talde horiek, eta adinez nagusi direnean etortzen dira Lilibertsora», esan du Gezuragak. Egun, 30 kide inguru dabiltza bertso eskolaren bueltan, eta «babesleku» moduan definitzen dute: «Bertsolaritzaren inguruan mugitzen den lagun talde bat gara».

Etorkizuna bermatuta

Aurten, Lilibertsoko bi kide aritu dira kantuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean: Onintza Enbeita eta Aitor Etxebarriazarraga. Bi horiek aritu ziren 2021eko finalean ere, eta bertso eskolako kide moduan «harrotasun handia» dela nabarmendu du Gezuragak. Gaineratu du txapelketetatik harago «kalitate handiko» bertsolariak ere badaudela bertso eskolan.

Egun, 19 urte ditu Lilibertsoko bertsolaririk gazteenak, baina, aurki, kide gehiago izango diren irudipena du Gezuragak: «Momentu honetan, gaztetxoen talde oso indartsuak ditugu Bermeon eta Gernikan. Iruditzen zait urte gutxi batzuk barru horiek izango direla Lilibertsoko harrobia osatuko duten gazteak». Izan ere, bertso eskolaren izen ematea «olatuka» doala kontatu du: «Ez da linealki ematen den zerbait, olatuka doa. Nire belaunaldian, esaterako, boom bat gertatu zen, eta, egun, nire adin bueltakoak gara bertso eskolako kide gehienok, baina gure esku dagoen guztia egiten ari gara jendea erakartzeko».

Aurrera begira, hainbat proiektu dituzte esku artean, baina «momentuan momentukoari» erantzunez joango dira, hostoz hosto.

BERTSO EGUNEKO EGITARAUA

  • 10:30. Hasiera ekitaldia Ariatzan (Muxika). 
  • 12:00. Bertso poteoa, Astratik (Gernika-Lumo).
  • 15:00. Bazkaria, Astran.
  • 17:30. Bertso jaialdia, Astran. Bertsolariak: Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza. Ondoren, DJ Bull.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.