Iaz 4.500 pertsonak lehen aldiz jo zuten Bizkaiko Caritasen atea

Erakundeak iazko balantzea egin du: guztira, 11.607 pertsonari lagundu zieten. Ohartarazi dute etxebizitza dela bazterketa eragiten duen faktore nagusia.

Bizkaiko Caritasen egoitza nagusia, Bilbon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bizkaiko Caritasen egoitza nagusia, Bilbon, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko ekainaren 4a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizarte bazterketa gero eta konplexuagoa da, Bizkaiko Caritaseko zuzendari Elena Unzuetaren esanetan: «Ez da soilik diru sarreren gabezia. Hainbat faktoreren metaketaren ondorio da: etxebizitza, enplegua, buruko osasuna, kontziliazioa, bakardadea eta oinarrizko eskubideen bermea». Egunotan erakunde horren eguna ospatuko dute, eta iazko balantzea egiteko aprobetxatu dute: Caritaseko boluntarioen lana Bizkaiko 9.100 etxetan baino gehiagotan eskertu zuten. Guztira, 11.607 pertsonari lagundu zieten, eta horietatik 4.500 lehen aldiz joan zitzaizkien babes bila. «Etengabe ari dira sortzen zaurgarritasun egoera berriak».

Iaz aurkeztu zuen Caritasek Foessa Euskadi txostena, 2018tik 2024ra arteko bilakaera aztertzen duena. Unzuetak gogoratu duenez, hartan ikus zitekeen integrazio prekarioa %27tik %35era handitu zela sei urtean. Hau da, gero eta gehiago dira lana, diru sarrerak eta gizarte babesa izan arren bizi proiektu egonkor bat izateko zailtasunak dituztenak. «Familia hauek ahultasun egoeran bizi dira etengabe, soka baten gainean orekari eutsi ezinik, eta edozein ezustekok berehala bota ditzake bazterketa egoerara», ohartarazi du Bizkaiko Caritaseko zuzendariak.

Gaur egun, Bizkaian, etxebizitza da bazterketa eragiten duen faktore nagusia. «Gero eta gehiago dira baliabideen parte neurrigabe bat etxebizitza gastuei aurre egitera bideratzen dutenak, eta horrek oinarrizko beste behar batzuei eta ezustekoei aurre egiteko gaitasuna murrizten du», azaldu du Ana Sofi Telletxea Bizkaiko Caritaseko Behatokiko arduradunak. Ohartarazi du ugaritzen ari direla etxebizitza prekarioetan eta azpialokatutako logeletan bizi direnak. Erakundeak ostatua ordaintzeko gastuei aurre egiten lagundu zien 185 pertsonari, eta 143ri etxebizitza eskuratzen lagundu zien Eguzkilore fundazioaren bidez.

«Gero eta gehiago dira baliabideen parte neurrigabe bat etxebizitza gastuei aurre egitera bideratzen dutenak, eta horrek oinarrizko beste behar batzuei eta ezustekoei aurre egiteko gaitasuna murrizten du»

ANA SOFI TELLETXEA Bizkaiko Caritaseko Behatokiko arduraduna

Lanari lotutako adierazle batzuk hobetu direla ikusi du Caritasek. Hala ere, oraindik, enplegua izateak ez du ezer bermatzen. Txostenak erakutsi du lan pobrezia sendotu egin dela, batez ere soldata eskasen eta gura ez diren lanaldi partzialen ondorioz. Prekaritate iraunkor horrek buru osasunean eta gizarte harremanetan eragina duela ohartarazi dute. «Ondoez emozionala, bakardadea eta komunitate loturen ahultasuna gero eta maizago agertzen dira», nabarmendu du Telletxeak. «Egonkortasun ekonomikoaren faltak, etxebizitza eskuratzeko zailtasunek, ziurgabetasun administratiboak, bakardadeak eta bizitza proiektu egonkorra garatzeko ezintasunak eragindako estresak higadura emozional handia sortzen dute pertsona askorengan».

Caritasek kezka agertu du haurren eta gazteen egoeragatik. Adingabeen %20 baztertuta bizi dira; 65 urtetik gorakoak halako hiru dira. Gogoratu dute halako egoera batean hazteak etorkizuneko hezkuntza, lan eta bizitza aukerak baldintzatzen dituela. «Datozen urteetako gizarte kohesioa ere arriskuan dago», ohartarazi du Telletxeak.

70 urte azaroan

Erakundeak iaz lagundutako pertsonak askotarikoak dira: 1.917 adingabe, 18 eta 29 urte bitarteko 2.123 gazte, guraso bakarreko etxeetako 2.012 pertsona eta bakarrik bizi diren 4.399 pertsona. Familiek funtsezko lekua dute Caritasen jardunean. Guztira, laguntza jaso zuten 4.641 pertsona seme-alabak dituzten familietako kideak izan ziren. Hamarretik ia zazpi, emakumeak ziren. Andreen pisua are handiagoa da guraso bakarreko etxe lagunduetan. Migratzaileek ere pisu handia dute: bi heren izan ziren, ehundik gora nazionalitatetakoak, eta gehien-gehienak, baimenik gabekoak.

«Hazkunde ekonomikoan, ekoizpenean eta kontsumoan oinarritutako gizarte hau atzean utzi, eta zaintza, komunitatea eta justizia soziala erdigunean jarriko dituen bestelako gizarte bat lortu behar dugu»

ELENA UNZUETA Bizkaiko Caritaseko zuzendaria

Urte berezia da 2026a Bizkaiko Caritasentzat: azaroan 70 urte beteko ditu. Indartsu ospatuko du urteurrena. 248 proiektu ditu martxan herrialde osoan. 1.805 boluntariok ahal duten guztia egiten dute behar dutenei laguntzeko. 3.759 bazkideren eta laguntzaileren babes ekonomikoa jasotzen dute, baita 333 erakunderena ere. Zapatuan elkartuko dira guztiak Zeanurin, Karitatearen Egunean. Aurrera begira gizarte osoaren konpromisoa eskatu du, erantzun integralagoak eta koordinatuagoak emateko. «Hazkunde ekonomikoan, ekoizpenean eta kontsumoan oinarritutako gizarte hau atzean utzi, eta zaintza, komunitatea eta justizia soziala erdigunean jarriko dituen bestelako gizarte bat lortu behar dugu», aldarrikatu du Unzuetak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE