Ikasi gura al dok/dona Arratiako hitanoa?

Appa Hi aplikazioak Arratiako hitanoa txertatu du bere aukeretan. Bost aste igarota oinarrizko elkarrizketak edukitzeko beste ikasteko aukera ematen dio erabiltzaileari.

Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Gotzon Aurrekoetxea hizkuntzalaria, aplikazioaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Gotzon Aurrekoetxea hizkuntzalaria, aplikazioaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko azaroaren 20a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egun on, Kristina! Zelan habile?», agurtu du. «Egun on! Etorri gaittuk geur be. Hemen gozak», erantzun du. «Zelan etorri haz, ba?», galdetu dio. «Etorri nok hikari buruzko lan bat prest euki doguleko eta haixe ikusten. Horren barri heuk be euki dok, horretan parte hartu dok eta». Eta Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzarantz abiatu dira Kristina Mardaras bertsolari etxanoarra eta Gotzon Aurrekoetxea hizkuntzalari dimoztarra. Izan ere, han aurkeztu dute Appa Hi aplikazioaren azken berrikuntza.

Sakelako telefonoaren bidez oinarrizko elkarrizketetan erabiltzeko hitanoa ikasteko tresna da, eta bost astean egiteko aukera ematen du. Badihardugu euskara elkarteak eta Codesyntax enpresak garatu zuten 2021ean, eta ordutik hainbat eskualdetako eta herritako aldaerak txertatu dizkiote. Orain, hitanoa biziberritzeko lanean ari den Zirhika taldeari esker, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Arratiakoa gehitu diote. Aurrekoetxeak prestatu du edukia eta Mardaras Zirhika elkarteko kidea da.

Oñatiko Ingoxanau proiektua da aplikazioaren abiapuntua, Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñak azaldu duenez. «Proiektu hartan sortu zen aplikazio hau gazteei begira, nahiz eta edonork erabiltzekoa den, sakelakoarekin modu erraz batean eta jolas eran ikasteko aukera ematen duelako». Ondoren euskara batuari dagokion hitanoaren aldaera txertatu zioten, eta apurka-apurka beste batzuk gehitu dizkiote. Izan ere, azken urteetan hitanoa biziberritzeko hainbat proiektu ipini dira martxan Euskal Herrian.

Auppa Hi aplikazioa
Auppa Hi aplikazioa.

«Ikusten ari gara galtzen dabilela; lagunarterako egokiena den hizkera hori gain behera doala. Eta horri aurre egin nahi diogu», esan du Agirrebeñak. Iaz sartu zuten Bizkaiko lehen aldaera aplikaziora, Ermuko hizkerari dagokiona, eta orain Arratiakoa ere eskuragarri dago. Asmoa dute beste batzuk ere gehitzeko. Markina-Xemeingoa ia prest dute, eta seguruenik datorren urtean egongo da eskuragarri. Mardarasek azaldu duenez, batez ere, Arratian, Durangaldean eta Lea-Artibai aldean eusten diote oraindik hitanoari Bizkaian. «Eskualde batzuetan erabat desagertu da».

Aplikazioaren funtzionamendua bera da, aukeratzen den aldaera aukeratzen dela. Bost astez jarduteko dago prestatuta, eta 35 egunetako bakoitzean erabiltzaileak ikasgai bat jasoko du, azalpenekin eta dagozkion aditz taulekin. Eguneko ikasgaiari lotuta, jolasean aritu ahal izango da, galdera-erantzunen bitartez ikasitakoa praktikan ipintzeko. Asteburuetan, astean zehar landutakoa errepasatzeko aukera ematen du aplikazioak.

Arratiako eredua 

Herriz herri ñabardurak ditu euskarak, eta hitanoan ere hala gertatzen da. Baita Arratia barruan ere. Beraz, Aurrekoetxeak irizpide batzuk ipini behar izan ditu bailara osorako hitano komun bat ezartzeko. Adibideak Begitu aldizkaritik hartu ditu, adibidez: Zirhika elkarteak lagunduta, eskualdeko hitanoan idatzitako ahozko elkarrizketak argitaratu dituzte 2021etik 2025era. Entzun ere egin daitezke beste adibide batzuk, Bibiñe Pujanak Ahotsak.eus atarian dituen ipuinei eta talde batek grabatutako esketxei esker.

Besteak beste, honako elkarrizketa hau entzun daiteke sarrerako irakasgaian daudenetako batean: «Nik gurago joat taldean joatea». «Eta nori esango jeutsuna?». «Jon eta Iñigori, esate baterako. Zelan ikusten dok?». «Ondo, biak dozana egokiak. Lagun egokiak izatea garrantzitsua dona, nire ustez». Eta, aldi berean, Begitu-ko txatalak da, du, gara eta daukat toka eta noka zelan esan ikasteko aukera ematen du, hainbat adibideren bitartez.

Proiektuaren helburua hitanoa berreskuratzeaz gain, euskaldunei, batez ere gazteenei lagunarterako erregistro informal bat eskaintzea da. Aplikazioarekin oinarrizko ezagutza lortu ondoren, praktikan jartzeko aukera izango dute hango eta hemengo topaketetan. Besteak beste, abenduaren 5ean 15:00etan Durangoko Landako ikastetxean egingo den Hikadromoan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA