Ikerketa, ostera ere kroketak jan ahal izateko

Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteak 36 ikerketa finantzatzen ditu herrialdeko hiru zentrotan. Ikertzaileek salatu dute zailtasunak dituztela finantzaketa lortzeko.

Ikerlari bat, minbiziaren aurkako tratamendu berriak ikertzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ikerlari bat, minbiziaren aurkako tratamendu berriak ikertzen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
BILBO
2026ko irailaren 24a
18:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maldivetara joan. Etxea erosi. Guraso izan. Biloben graduazioa ikusi. Askoren amets edo proiektuak izan daitezke, baina Ainara Arce bermeotarrarentzat (46 urte) kroketak jan ahal izatea da erronka. Bularreko minbizi metastasikoa du, eta kimioterapia jasotzen ari da: 2022an onartu zen Trodelvy botika ematen diote. «Niretzat, minbiziaren aurkako ikerketa egotea ezinbestekoa da. Hori topatu ez balute, ez nuke beste aukerarik izango bizirik jarraitzeko». Albo kalte handiak ditu, eta, besteak beste, pureak eta zopak janez elikatzen da. «Ezin dut besterik jan, eta kroketak faltan sumatzen ditut, pilo bat gustatzen zaizkit eta». Trodelvyk baliagarri izateari utziko dionerako ikerlariek beste botika bat topatzea da bere itxaropena, eta, ahal bada, kroketak jaten utziko diona.

Minbiziaren Ikerketaren Mundu Eguna da gaur. Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteak Bilboko Indautxu plazan mahai bat ipini eta handik pasatzen diren herritarrei informazioa emanez gogoratu du. Orain Bizkaiko hiru ikerketa zentrotan egiten ari diren 36 ikerketa finantzatzen ditu elkarteak, zazpi milioi eurotik gorako ekarpena eginez. Arantza Gonzalez elkarteko prebentzio arloko koordinatzaileak nabarmendu duenez, ikerketari esker «nabarmen» luzatu da pazienteen iraupena, eta asko hobetu zaie bizi kalitatea.

Minbizi mota asko daude, eta mota bakoitzean azpimotak; horregatik, kasuan-kasuan modu ezberdinean luzatu da pazienteen iraupena. Bi dira hori eragiten duten faktore nagusiak: minbizi batzuek berandu denean agertzen dituztela sintomak, eta oso hedatuak ez diren motetan gutxiago ikertzen dela. Batez ere bularreko, kolon-ondesteko eta prostatako minbiziak ikertzen dituzte. Mahaiaren ondoko panelean irakur zitekeen batez beste minbizidunen %57k gainditzen duela gaitza. «Duela zazpi urte egindako panela da; gaur egun %60ren bueltan ibiliko da, eta, elkarte moduan, gure helburua da 2030ean %70ekoa izatea. Baina horretarako ezinbestekoa da ikerketan inbertitzea».

«Uste dut tratamendu pertsonalizatuak lortzea posible litzatekeela. Urte asko beharko dira horretarako, eta ikusi beharko dugu zientziak zenbat egiten duen aurrera»

NATALIA SAINZ Ikertzailea

Natalia Sainz EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ari da doktoretza tesia egiten, Lipids & Liver ikerketa taldean, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartearen beka batekin. Gibeleko minbizia ikertzen dabil, baina denak ez dira berdinak. «Azpimotak aztertzen ari gara, zer ezberdintasun dituzten jakiteko: markatzaileak topatu, zelako jokamoldea duten ikusi, nola elikatzen diren... Hori jakinda, sailkapen bat egingo genuke, eta, etorkizunean paziente bakoitzak zein azpimotatakoa duen jakinda, tratamendu espezializatuagoa eman ahalko litzaioke».

Ane Nieva haren lankidea da EHUko ikerketa talde horretan, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteak finantzatuta. Nievak koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia ikertzen du, jakiteko zerk errazten duen kolonetik gibelerako salto hori. «Ikusi dugu koipe batzuk onuragarriak izan daitezkeela eta beste batzuk kaltegarriak. Kolesterolak duen garrantzia aztertzen ari naiz ni, metastasi hori gertatzea eragotziko duen tratamendu bat topatzeko».

Tratamendu espezializatuak

Gaur egungo ikertzaileen helburua minbizi azpimota bakoitzarentzako tratamendua lortzea da, baina Sainzek ez du baztertzen egunen batean pertsona bakoitzarentzako tratamendua lortu ahal izatea. «Uste dut tratamendu pertsonalizatuak lortzea posible litzatekeela. Urte asko beharko dira horretarako, eta ikusi beharko dugu zientziak zenbat egiten duen aurrera».

Azkenaldian teknika berriak agertu dira, eta, horri esker, ikertzaileek askoz informazio gehiago lor dezakete. Sainzek aitortu du askotan hainbeste datu kudeatu ezinik ibiltzen dela. Hala ere, beti da onuragarria ezagutza gero eta zabalagoa izatea. Ikerketa taldeen arteko elkarlan handiagoa sumatu du faltan. Egon badagoela esan du, baina askoz gehiago egin dezaketela, ikerketak eraginkorragoak izateko.

Ikerlari bat, Donostiako Onkologikoan, artxiboko irudian. GORKA RUBIO / FOKU
Ikerlari bat, Donostiako Onkologikoan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU

Hala ere, ikertzaileek duten trabarik handiena finantzaketa da. «Diru publikoa behar da, eta ez pribatua. Gaixook ezin gara egon farmazia enpresen eta bestelako interes pribatuen menpe», salatu du Arcek. Nievaren esanetan, taldeen arteko lehia «gogorra» izaten da: «Gure ikerketa zein garrantzitsua den frogatu behar izaten dugu, baina ez luke horrela izan behar, denak baitira garrantzitsuak». Nievak eta Sainzek, biek ezagutzen dituzte diru faltagatik bidean hil diren proiektuak. Finantzaketa lortzeko prozesua luzea da, eta, gainera, burokrazia lan handia eskatzen die, txarretsi dutenez.

«Gure ikerketa zein garrantzitsua den frogatu behar izaten dugu, baina ez luke horrela izan behar, denak baitira garrantzitsuak»

ANE NIEVA Ikertzailea

Ikertzaile biek esan dute «bokazioz» egin beharreko lana dela eurena. «Baldintzak ez dira onak, ez da lan erraza, eta, gainera, askotan ez ditugu espero genituen emaitzak lortzen, frustrazioa sentitzen dugu, eta beste bide bat topatu behar izaten dugu», azaldu du Nievak.

Emaitzak lortuta ere, ikerketa klinikorako jauzia «gehiegitan» eten egiten da, diru faltagatik. Gainera, Nievak kontatu duenez, ikerketa klinikoetarako pazienteak lortzea ere ez da erraza izaten. Arcek esan du berak eta ezagutzen dituen beste gaixo batzuek ez dutela ikerketa klinikoen berri izaten, eta askok «gustura» hartuko luketela parte, bizitzen jarraitzeko aukera berriak bilatzen lagundu gura dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA