Inguruko herrietakoek aurten ere aparkatu ahal izango dute Lekeitioko herrigunean

Udalak helegitea aurkeztuko dio aparkalekuen ordenantza «diskriminatzailea» dela dioen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiari.

Bisitarientzat eta udatiarrentzat atondutako aparkalekua, Lekeiton, 2024ko uztailaren 20an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Bisitarientzat eta udatiarrentzat atondutako aparkalekua, Lekeiton, 2024ko uztailaren 20an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 2a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aparkaleku eredua zehaztu ezinik dabil Lekeitio. Astelehenean sartuko da martxan udako sistema, eta iazko moldean jarraituko du aurten ere: Aulestiko, Gizaburuagako, Amorotoko, Mendexako, Ispasterko eta Eako herritarren artean ere herrigunean aparkatzea baimentzen duten txartel berdeak banatuko ditu Lekeitioko Udalak. Dena den, eredu hori ez da behin betikoa, EAEko Auzitegi Nagusiak aparkalekua arautzen duen ordenantza indargabetu duelako. Epaileen arabera, «diskriminatzailea» da, herri batzuetakoei txartel berdea lortzea baimentzen dielako —Lekeitio ingurukoei—, baina beste batzuetan erroldatuta daudenei, ez. Ordenantza berri bat onartzeko agindu dio udalari, baina udalak helegitea aurkeztea erabaki du. Ekainaren 24ra arteko epea dauka horretarako. Beraz, auzia argitu bitartean, orain arte indarrean egondako ordenantzarekin jarraituko dute. BERRIA saiatu da Lekeitioko alkatearekin hitz egiten, baina ez du elkarrizketarik eman gura izan gaia epaitegietan dagoen bitartean.

Lekeition 7.000 lagun pasatxo daude erroldatuta; hau da, horiek dira urte osoan bizi direnak. 3.500 auto inguru dituzte, eta herriak 1.500 aparkaleku publiko ditu. Urte osoan aparkatzea gaitza da, eta udan, biztanleria hiru halako dela, zer esanik ez. Arazoa arintzeko asmoz, duela urte bi lekeitiarrak ez zirenei udaldian herrigunean aparkatzea debekatzea erabaki zuen udalak. Inguruko herrietan bizi direnak dira salbuespena. Ostera, Lekeition bigarren etxea duten udatiarrek, beste edozein bisitarik bezala, herriaren sarreretan ipini dituzten ordainpeko aparkalekuetan utzi behar dute autoa. Hala ere, udatiarrek badituzte egunpasa doazen bisitariek ez dituzten abantailak: hilabetekako bonuak atera ditzakete, aparkalekua merkeago ordaintzeko.

aparkalekua kostaldeko herrietan

  • Plentzia. Ekainaren 1etik irailaren 30era, erroldatuta daudenek aparkatu dezakete Plentziako herrigunean. Udatiarrek eta bisitariek soilik Txipion eta Errotaberriko futbol zelaiaren alboan aparkatu ahal izango dute. Metro ondoan, bederatzi orduz aparkatu ahal izateko beste aparkaleku bat dute. Herrigunean erosketak edo bestelako enkarguak egitera doazenean, gune urdin izendatu diren kale zatietan aparkatu ahal izango dute. Plentziako Udalari «diskriminazioa» egotzi dio EAEko Arartekoak. 
  • Gorliz. Erroldatuek doan aparkatu ahal dute, baina bisitariek ordaindu egin beharko dute. TAO sistema ekainaren 15etik irailaren 15era egongo da indarrean. Herrian bigarren etxea dutenek eta beharginek bonua erosi dezakete. Aurten gune arrosa bat ere sortu dute, eta han erroldatuek baino ezingo dute aparkatu.
  • Getxo. Irailaren 30era arte, TAO sistema indarrean dago Ereaga hondartzaren inguruan eta Portu Zaharrean.
  • Sopela. Dagoeneko indarrean dago TAO zerbitzua, astelehenetik domekara. Bigarren etxea herrian dutenek etxe bakoitzeko aparkatzeko abonu bi eskatu ahal izango dituzte; surflariek eta parapentean dabiltzanek ere eskatu ahal izango dituzte. Aurten, mugikortasun murriztuko txartela dutenek erreserbatu gabeko tokietan ere aparkatu ahal izango dute, nahiz eta haientzat direnak libre egon.
  • Lemoiz. Ekainean eta irailean, lanegunetan, bisitarientzat 15:30etik 20:00etara egongo da indarrean TAO zerbitzua; zapatu, domeka eta jai egunetan, 12:00etatik 20:00etara. Uztailean eta abuztuan, egunero egongo da martxan, 12:00etatik 20:00etara. 
  • Bakio. Ekainaren 26an sartuko da indarrean TAO sistema, baina erroldatuentzat doakoa da aparkatzea; txartela lortzeko baino ez dute ordaindu behar. 

Udalaren esanetan, iazko esperientziak erakutsi die «sistemak emaitza positiboak» ematen dituela: «Herri barruan trafiko gutxiago dago, zarata murriztu da, eta herritarren eta bisitarien mugikortasuna hobeto antolatzen da». Gainera, azpimarratu du erroldatuta ez daudenek ere gehienez herrigunetik hamar minutura aparkatzeko aukera dutela. Horregatik, ez zaie «diskriminatzailea» iruditzen inguruko herrietakoei txartel berdea lortzeko aukera eskaintzea. Izan ere, udalaren esanetan, «bizirik egoteko Lekeitiok behar ditu» inguruko herritarrak: «Komertzioa, ostalaritza eta kale bizitzaren egoera gero eta gogorragoak dira negu sasoian, eta inguruko herritarrek ekarpen garrantzitsua egiten dote herriari». Gainera, Lekeitio da guztien artean herri nagusia, eta ingurukoei ere eskaintzen dizkie zerbitzu publiko batzuk. «Haiek behar gaituzten moduan behar ditugu guk haiek».

LAGAko aparkalekuak zabalik jarraitzea salatu dute

Iazko azarotik itxita egon da Ibarrangelun Lagako hondartzako aparkalekua, orube hartan dunak sortuko dituztelako. Joan den astean iragarri zuten Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Gobernu Ordezkaritzak, Eusko Jaurlaritzak eta Ibarrangeluko Udalak lanak urrian hasiko direla eta, ondorioz, uda honetan aparkalekua zabalik egongo dela. Zain Dezagun Urdaibai taldeak erabakia salatu du. Lagan eragina duten «hiru lege indargabetu» dituztela txarretsi dute, eta prebarikazio delitua egotzi diete erabakia hartu duten erakunde publikoei. Iruditzen zaie leku hartan aparkatzen uztea «gune babestu baten erabilera pribatua baimentzea» dela.  

Laga Bakean Laga taldeak hainbat protesta egin ditu dunak sortzeko proiektuaren eta aparkalekua kentzeko erabakiaren aurka. Besteak beste, argudiatu dute aparkalekua dagoen lekuan historikoki ez dela dunarik egon. Zain Dezagun Urdaibai taldekoek, ostera, kontrakoa diote: dunak Lagako ekosistema naturalak direla. 

Ostera, bigarren etxea Lekeition duten udatiarrak ez dira iritzi berekoak. Udalak «bigarren mailakotzat» dauzkala salatu dute, erroldatutakoek bezala zergak ordaintzen baitituzte. Esaterako, gogoratu dute ondasun higiezinen gaineko zergan %50eko errekargua ordaintzen dutela herrian duten etxeagatik. EAEko Arartekoak ere «diskriminazioa» egotzi dio Lekeitioko Udalari, baina kasu honetan ez inguruko herrietakoen eta udatiarren artean, baizik eta erroldatuen eta udatiarren artean: esan duenez, herrian urte osoan zein hilabete batzuetan bizi, aparkatzeko beharrak guztiek dituzte, eta udalak guztienak ase behar ditu, haren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE